Astelehen arratsaldean, Facebook, WhatsApp eta Instagram aplikazioen etenak eragina izan zuen herritarren komunikazio moduetan. Duela hilabete batzuk Dabid Martinezek WhatsApp-aren zenbait alternatiben berri eman zigun Sareanen. Hona hemen elkarrizketa.

Gaurkoan, hezkuntzak ardaztuko du saioa. Behin baino gehiagotan entzun izan dugu heziketa digitalak gazteengan duen garrantzia. Curriculuma indartzen ari da zentzu honetan, baina alfabetatzea bide luzea da bai irakasle eta bai ikasleei dagokienez. Lorea Argarateren eskutik ezagutuko dugu bide honetan lagungarriak izan daitezkeen hezkuntza ekimenak eta ikastaroak, kaixomundua.eus, besteak beste. 

Jarraian, Iurdana Acasusok Azkue Fundazioak gazteei zuzendutako Biziber izeneko egitasmo digitala aurkeztu digu. Dagoeneko izen-ematea zabalik dago.  

Bukatzeko, hidrogenoarentzat euskal estrategiari so egingo diogu Ikerlan enpresako Haizea Gaztañagarekin batera. Izan ere, trantsizio energetikoan pieza klabea da hidrogenoa. Hala ere, oraindik hastapenetan da proiektua.