Gure hizkuntza komunitatea sendoa, dinamikoa eta aktiboa dela dio Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Elkarte, eragile zein norbanakoen ekarpenen garrantzia azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren berri eman digu. Gizarte eragileen proiektuak laguntzen ari dira, Wikipedia, tartean. Primizia bat ere izan dugu. Hezkuntzan, 2022an, Chromebook-ak euskaraz konfiguratuta egongo dira. Bestalde, euskararen erabileraren harira, aditzera eman du aisialdia eta eremu sozioekonomikoa direla erronka nagusiak.
Hala ere, euskarak praktikotasuna irabazi behar duela jakinarazi digu Dobaranek. Eszenatokiak sortu behar dira. Euskara erabili eta kontsumitzearen beharra nabarmendu du ingurune digitalean presentzia bermatzeko.
Bukatzeko, gazteen sormen gaitasuna eta euskararen biziberritze prozesuan emakumeen lana goraipatu ditu sailburuordeak.