Duela urte erdi idatzi nuen agerkari digital honetan bertan Mendian ez galtzeko app-etan ez galtzeko izenburua zuen artikulua, mendira goazenean bidean gidatzeko eta ez galtzeko dauden teknologia eta baliabideen ingurukoa. Egia esan, gailu, aplikazio eta webgune ugari daude mendiaren mundurako, eta artikuluak weba, mapa digitalak, GPSdun telefono mugikorra eta honentzako app-etan jartzen zuen arreta, eta horien artean, logikoa den bezala, nik gehien ezagutu eta erabiltzen ditudanetan. Alabaina, esango nuke horiek direla, nire ustez behintzat, jendeak gehien erabiltzen dituenak. Eta zenbait irakurlek beraiek erabiltzen dituzten beste aukera batzuk ere aipatu zituzten iruzkinetan. Orotara, mendian ibiltzeko teknologia mugikorrak erabiltzen hasi nahi duenarentzat gida interesgarria geratu zela uste dut (zenbait lagunek jakinarazi didate artikuluaren berri iritsi zitzaiela eta horren bidez ekin ziotela telefono mugikorra mendian erabiltzeari), erreferentzia gisa ere erabilgarria, eta gehien erabiltzen diren baliabide eta teknologien erretratu nahiko fidela.
Mendirako mapa, ibilbide eta app-ak: esparru nagusiki parte-hartzaile, publiko eta librea
Aipatutako artikulu hartan irakur daitekeenez, jendeak track edo ibilbideak sortzeko normalean telefonoko Wikiloc edo OruxMaps app-ak baliatu ohi ditu, gero track horiek partekatzeko eta bilatzeko Wikiloc webgunea da erreferentzia nagusia (herrietako edota eskualdeetako erakundeen eta turismo bulegoen webguneez gain), track horiek baliatuta mendian ibilbideak egiteko Wikiloc eta OruxMaps app-ak dira erabilienak (eta, neurri txikiago batean, OsmAnd eta Maps.me), eta fondoko mapa gisa OpenStreetMap edo mapa topografikoak erabiltzen dira app horietan.
Errepideetan zeharko edo hiri barruko GPS nabigaziorako Google Maps mapak eta aplikazioa (biak erraldoi multinazional horrek sortutakoak eta bere jabetzakoak) nagusi direla argi dago. Baina Googlek bere mapetan ez ditu mendiko bide, puntu eta tokiak sartzen eta, artikuluan ikusten denez, mendiaren kasuan jendeak sortutako mapa libreak edo mapa publikoak eta jendeak sortutako ibilbideak erabiltzen dira, ibilbideak partekatu eta bilatzeko Wikiloc webgunea edo erakunde publikoen webguneak, eta ibilbideak egiteko zenbait aplikazio, horietako batzuk libreak. Hau da, mendiarena Google nonahikoaren atzaparretatik libre dagoen esparru gutxietakoa da.
Mendirako ere Google erabiltzearen joera berria
Edo hala izan da duela gutxi arte… Azken aldian mendiko ibilbideak Google bidez partekatzeko joera zabaltzen ari baita, zoritxarrez.
Izan ere, Googlek My Maps zerbitzua eskaintzen du. Bertan ibilbideak sortu, partekatu zein egiteko prozesua oso-osorik Googleren ekosistematik atera gabe egiteko modua eskaintzen da:
- Ibilbideak sortu daitezke marrak eginez, bideko puntuak sortu eta izendatuz… edo beste modu batera sortutako track-ak zerbitzura inportatu daitezke.
- Ibilbideak norberarentzat soilik izan beharrean publiko egin daitezke. Orduan, esteka bat ematen zaigu nahi dugun moduan partekatzeko, edo webgune batean erraz kapsulatzeko kode-zatia ere bai.
- Ibilbideak Google Maps app-ean erakusten dira, eta gure posizioa ere erakusten duenez, nolabait bidea jarraitzeko modua dago.
Nik azken hiruzpalau hilabeteotan Google My Maps zerbitzu horren bidez zabaldutako zenbait mendiko ibilbide eta ekimenen berri izan dut. Ez dut uste kasualitatez dauden kasu apur guztien berri izan dudanik, ziur gehiago ere izango direla. Eta baliteke lehenagotik ere etortzea joera, baina nik behintzat oraintsu ezagutu ditut kasu horiek denak. Jarraian azalduko ditut nik ezagutzen ditudan kasu horiek eta zergatik iruditzen zaidan praktika okerra baino okerragoa.
Udalek mendi ibilbideak Google bidez partekatzearen alderdi txarrak
Arrasate nire jaioterriko Udalak bere webgunean herri barneko hainbat mendi- eta natur-ibilbide erakusten dituen atala dauka. Nik duela hilabete pare bat ezagutu nuen, justu herritik atera ezin zenean, eta horregatik sortu zutelakoan nengoen, baina Archive.org-en Wayback Machine-k erakusten duenez, gutxienez iazko ekainetik dago martxan (beharbada konfinamenduaren ondoko arintzerako egin zen, orduan ere ezin baitzen udalerrietako mugetatik atera aisiarako). Bertan ibilbideak erakutsi eta partekatzeko Google My Maps-en kapsulatzea darabil. Eta berriki ikusi dut, Xabier Azkue adiskidearen txio baten arrastoari segika, Zumaiako Udalak bere webgunean dauzkan ibilbideak ere horrela dituela partekatuta (badirudi webguneko atal hori gutxienez 2016tik dagoela, ez dakit ordutik edo noiztik dagoen Google baliatuz egina).
Mendiko ibilbideak webgunean horrela Google bidez partekatzearena oso ideia txarra da, hainbat arrazoirengatik, praktikoetatik hasi eta filosofikoetaraino:
- Ez da batere-batere erraza webgunean kapsulatutako horretan erakusten den ibilbidea nola baliatu asmatzea, ze ibilbidea ikusten da, baina ez gu non gauden. Nik aurkitu dudan modu bakarra oso aldrebesa da: partekatzeko botoian klik eginda posta bidez partekatzeko esan, gure buruari bidali, eta iritsitako esteka Google Maps bidez ireki.
- Ibilbidea Google Maps-en irekitzea lortuta ere, app honek mendiko nabigaziorako eskaintzen dituen aukerak oso urriak dira Wikiloc, OruxMaps eta besteen ondoan. Ibilbidea ikusten dugu eta gure posizioa, eta gutxi gehiago. Gainera, Google Maps aplikazioak fondoan Googleren mapak erakusten ditu, bere ikuspuntutik logikoa dena, baina erabiltzaileontzat ez da batere praktikoa, mapa horiek ez baitira mendiko ibilbidetarako fondo bezala erabiltzeko egokiak. Hiriak, errepideak, negozioak… horrelako denak sartuta daude, baina ez mendiko eta naturako bidexka, tontor, iturri eta abarrak. OpenStreetMap-enak egokiagoak dira horretarako. Eta zer esan Googleren mapek orokorrean duten kontraste negargarriaz? Irisgarritasunean zero. Beheko irudietan erakusten da mendi-inguru bera (Arrasateko Udala-Udalatx-Besaide) Google Maps-en eta OpenStreetMap-en nola agertzen diren. Eta OpenStreetMap-en zoom-a hurbilduta zehaztasun eta gauza gehiago agertzen dira, bestean ez dago ezer hor ikusten dena baino.
- Google My Maps-eko ibilbidearen estekak Google Maps-en ireki eta bertan ikusteko, Interneteko konexioa izan behar da, mendian sarri ez dagoena. Beste app-etan track-a zein mapak telefonoan deskargatuta izan ditzakezu eta konexio gabe ibili.
- Track-a jaitsi nahi izanez gero (beste app-en baten irekitzeko), ez dago horretarako botoi edo estekarik, eta hori lortzeko modua are korapilatsuagoa da: lehen bezala posta bidez gure buruarekin esteka partekatu, esteka hori nabigatzailean ireki eta hor KML deskargatzeko aukera bilatu (oso ezkutuan dagoena, hiru menu aukeraren ondoren agertzen da). Zumaiako Udalaren kasuan, behintzat, Google My Maps-en kapsulatzeko kodeaz gain, track-a jaisteko esteka ere jarri dute.
- Argi dago track-a jaisteko aukera hain-hain zaila izateko eta hain ezkutuan egoteko arrazoia dela jendea Google Maps app-a erabiltzera bultzatzea. Beraz, Googlek beste esparru bat irabazi eta bere domeinua are handiagotzen laguntzen da mendiko ibilbideak beraien bidez partekatuta.
- Lehen esan den bezala, Googlek hiri, errepide eta negozioen informazioa badu, baina mendiko eta naturakoa ez. Mendietako ibilbide eta puntuak Google My Maps-era igotzean, dohainik ematen ari gatzaizkio Google-ri (munduko multinazional aberats eta boteretsuenetako bati) orain arte ez daukan informazioa, bere boterea gehiago handitzen lagunduz.
Zinez diot, udal batentzat mendiko ibilbideak bere webgunean partekatzeko Google My Maps baliatzea dagoen modurik okerrena baliatzea da. Beste modu ugari daude hori bezain egingarri eta sinpleak (edo gehiago), Google elikatzen ez dutenak eta herritarrontzat praktikoagoak direnak. Zuzenean track-a jaisteko esteka bat eskaintzea da egokiena (nahi bada track-ak mendiko aplikazioren batekin nola erabili erakusten duen argibideak jarri edo estekatuta). Eta ibilbidearen irudi bat erakusteko kaptura-irudi bat jar daiteke edo, zoom eta mugitzeko aukera eman nahi bada, Wikiloc-era igo eta hango kapsulatze kodea jar daiteke, edo OpenLayers edo Leaflet moduko liburutegiak erabili ibilbidea OpenStreetMap edo erabiltzaileak nahi duen maparen gainean erakusteko.
Arrasateko Udalari Twitter bidez hau kontatu nion, eta zuzenduko zutela erantzun zidaten. Izugarri poztu nintzen, ea hala den!
OpenStreetMap-eko edukia Googlera eramaten
Aurtengo otsailean zirkulatu zuen posta elektroniko, guatxap, telegram eta abarretatik norbaitek sortu eta partekatutako mapa bat, euskaldunok telefonoarekin mendira joateko pagotxa behin-betikoa omen zena: maparen egilearen beraren hitzetan, “ya se puede ir al monte sin tener instalado ningún programa de GPS”. Finean, OpenStreetMap-eko mendiko, bizikletazko eta zaldizkoentzako bideak hartu zituen (gehi Mendikat-eko tontorrak, gehi herrietako mugak ez dakit nondik), horiek Google My Maps zerbitzura eraman han mapa bat sortuz eta publiko eginez, eta mapa horren esteka zabaldu (ez dut hemen esteka hori jarriko).
Mapa horrek zabalkunde handia izan zuen, toki bat baino gehiagotatik iritsi zitzaidan niri. Baina nik behintzat, zinez diot, ez dut ikusten mapa horren abantaila non dagoen (ez aipatzearren EAEkoa bakarrik dela, Nafarroa eta Iparraldetik hurbil bizi garenontzat oso mugatua). Eta irudipena dut jende gehienak benetan probatu edo aztertu gabe zabaldu zuela, mezuan aldarrikatzen zen zoragarritasuna fede onez sinetsita.
Egileak esaten duenean aplikaziorik instalatu beharrik izan gabe baliatu daitekeela, tira, zer nahi duzue esatea… Esteka nabigatzailean irekiz gero, ikaragarri poliki doa (milaka gauza marraztu behar baititu fondoko maparen gainean) eta ez da praktikoa. Google Maps-en irekiz gero, hobeto doa. Baina hori ere app bat da, ez da instalatu behar Androidetan badatorrelako, ez besterik, beraz ez da egia “sin tener instalado ningún programa” dabilela. Gainera, zer du zaila app bat instalatzeak? Azkenean, kontua da mapa honek Google Maps aplikaziora ekartzen dituela OpenStreetMap-ek dituen eta Google-k ez dituen mendiko bide, tontor eta abar guztiak, eta mundua Google Maps-en hasi eta bukatzen dela uste duen batentzat izan dezake zentzuren bat. Baina OruxMaps edo Wikiloc edo Maps.me instalatuz gero (ez dena batere zaila) badituzu OpenStreetMap-eko gauza horiek guztiak (eta mundu guztikoak, ez EAEkoak soilik).
Beraz, berriz diot, mapa horri ez diot inongo abantaila errealik ikusten, baina bai, ordea, eragozpen handi bat. Udalen mendiko ibilbideen kasuan esan dut ez zaidala onuragarria iruditzen udalek Googleri mendiko ibilbide eta puntuen datuak (justu ez daukana) ematea, baina behintzat datuok udalek beraiek sortuak dira. Beste kasu honetan okerrena da beste batzuek sortutako edukia ari dela Googlera igotzen! Egia da OpenStreetMap-eko edukia jendeak sortu eta libre jarri duela horrekin edozer egiteko, baina Google-ra igotzea… Batetik, oso zalantzazkoa da legezkoa den. Ez ditut Google My Maps-en erabilera-baldintzak ezagutzen, baina eduki-plataforma askok bertara igotzen duzuna beraiena bihurtzen dela eta copyright-a beraiena dela dioten klausulak dituzte. My Maps-ek hori egiten badu, ez litzateke legezkoa OpenStreetMap-eko eduki librea horra igo eta Google-ren jabetzakoa egitea. Enpresen plataforma ez libreetara igotzen den edukia norberarena izan behar izaten da normalean, ez besteena, nahiz eta librea izan. Bestetik, kasu honetan horrela ez balitz eta legez ahalko balitz ere, ez zait zilegi iruditzen. Hau da, nik igotzen dut edukia OpenStreetMap-era, mendiko bidexkak-eta, eta libre egiten dut eduki hori, nahi baitut eduki librea sortu multinazional erraldoiei aurre egiteko. Eta justu beraiek ez duten eduki hori, naturakoa eta mendietakoa, beste norbaitek beraien plataforma eta app-en eskuetan jartzeak, ez dit graziarik egiten. Eta pentsatzen dut OpenStreetMap -eko kolaboratzaile gehienen edo askoren iritzia izango dela.
Ea, bada, testu honek balio duen denok –eta, batez ere, erakunde publikoek– Googleri edukia oparitzearen inguruan hausnartzeko eta horren okerraz jabetzeko. Arrasateko Udalaren erantzunak itxaropentsu izateko arrazoiak ematen dizkit, eta beste udal batzuetan mendi ibilbideak Google bidez partekatzen direla ikusiz gero beraiei jakinaraztera eta konpontzeko eskatzera animatzen zaituztet. Ea berria eta momentuz minoritarioa den joera honi buelta eman eta Google beste gauza guztietatik (hezkuntza mundutik, gure bizitzetatik…) ere bai, baina bereziki gure mendietatik at geratzea lortzen dugun!