“Hodeia”. Gaur egungo IKTen eta mundu digitalaren testuinguruan bolo-bolo entzuten dugun hitza. Entzutearen entzutez, badakigu gure mugikorrak “hodeian” gordetzen dituela ateratzen ditugun argazkiak, badakigu lanean lankideekin, bezeroekin, hornitzaileekin edo bestelako kolaboratzaileekin dokumentuak elkarbanatu eta elkarlanean landu nahi ditugunean “hodeira” igotzen direla, badakigu gure seme-alabek eskolan ere “hodeian” gordetzen dituztela lanak, segurtasun kopiak “hodeian” egitea dela erraz eta merkeena… Baina ba al dakigu benetan zer den “hodeia” deitzen diogun hori?

 

“Hodeia”, engainu handi hori

Izan ere, entzuten denaren arabera, balirudike “hodeia” Internetekin eta webarekin berez datorren zerbait dela, horien azken pauso edo eboluzioa, eta horien ezaugarri edo filosofia berarekin: neutroa, irabazi asmorik gabea, azpiegitura nazioarteko erakundeen sare baten bidez eskainia, estandarra, deszentralizatua… Eta ez da inondik inora ere horrela. Gure gauzak (datuak, dokumentuak, fitxategiak, argazkiak…) “hodeian” gordetzeak esan nahi du gure edo enpresako mugikorreko edo ordenagailuko diskoan gorde beharrean beste norbaiten diskoan gordetzen ditugula, besterik ez.

Beste norbait hori enpresa teknologiko multinazional erraldoi superaberats bat da, Google ia beti, edo bestela Apple, Microsoft… Zerbitzu on eta erraza eskaintzen digute dohainik, “eskaintza bazterrezina” harako beste hark zioen bezala, eta hau literala da: mugikor bat erostean, erabili ahal izateko derrigorrez kontu bat ireki behar duzu beraienean (aurreko batean azaldu genuen zein zaila den horretatik libre dagoen smartphone bat lortzea), eta pausu sinple horrekin oharkabean (nork irakurtzen ditu zerbitzuaren baldintzak?) arima saltzen diozu, zure datu eta fitxategi guztiak beraienean biltegiratuko baititu; edo eskolan haurrak IKTak erabiltzen hasteko adinera iristen direnean, ikastetxe gehien-gehienetan (ikastetxeak berak edo Hezkuntza Sailak hala erabakita) kontu horietako bat irekitzen zaie haurrei (ia beti familiak horren inplikazioez ohartu gabe, onarpen espliziturik eskatu gabe edo ez onartzeko aukerarik ere eman gabe); enpresa munduan ere ia ekidinezina da lantokikoek horietako kontu bat ireki eta erabiltzera derrigortzea (baina tira, behintzat kasu horretan ez da zure datu edo dokumentu pertsonalekin).

Eta inozoa izan behar da pentsatzeko erraldoi teknologiko multinazional horiek eskuzabaltasun hutsagatik ematen digutenik hodeiko zerbitzu doako hori. Gure datu eta fitxategiekin eta horiekin egiten dugun jarduerarekin, guri buruzko profilak osatzen dituzte, gure afizio, ohitura eta gustuko gauzekin, horrela beraiek zuzenean publizitatea eskaini eta gauzak saltzeko edo profilok hori egingo duten hirugarrenei saltzeko. Beraz, zerbitzua ez da dohainik, gure pribatutasunari uko egitearen truke eskaintzen digute. Hodeiko zerbitzua ordainpekoa den kasuak ere badaude (eskoletakoak eta, batez ere, enpresetakoak halakoak izan daitezke), normalean biltegiratze-espazio gehiago eskaini edo/eta gure datuak ez baliatzea agintzen dutenak. Baina pribatutasuna errespetatuko diguten berme bakarra beraien hitza da (norberak jakingo du multinazional horien hitzak zenbat balio duen beretzat) eta, edozein kasutan, haurrei dagokienez beraien datuak hirugarrenen esku uztearen legezkotasuna bera (ordaindu eta pribatutasuna errespetatuko dutela agintzen badute ere) oso zalantzazkoa da gutxienean.

Hala ere, ba al dago erraldoi teknologiko multinazional horiek eskaintzen duten moduko hodei zerbitzuez baliatzerik beraien atzaparretatik kanpo? Ba al dago alternatibarik? Zorionez, erantzuna baiezkoa da.

 

 

Nextcloud: izan zure hodei propioa

Izatez, teknikoki hitz eginez, “hodeia” honela definitu genezake gutxi gorabehera:

  • Interneteko zerbitzari batean datuak eta dokumentuak gordetzeko aukera ematen duen zerbitzua
  • Fitxategiok web nabigatzaile baten bidez edozein tokitatik atzitzeko aukera eskaintzen duena
  • Aplikazioen bidez fitxategiok gure gailuekin (ordenagailu zein telefono mugikorrekin) sinkronizatzeko aukerak ematen dituena
  • Fitxategiokin jarduteko edo berauek editatzeko web aplikazio bidezko aukerak eskaintzen dituena
  • Fitxategiok beste batzuekin elkarbanatzeko eta kolaboratiboki lantzeko aukera ematen duena

Horrelako hodeiko zerbitzu bat multinazional teknologikoen tranpatik landa baliatu ahal izateko, ownCloud deitutako software librea sortu zen 2010ean. Jatorrizko garatzaileekin desadostasun batzuk direla medio, 2016an horren fork bat sortu zen (izen tekniko horrek adar, aldaera edo eszisio esan nahi du software librearen munduan, eta ohikoa prozesua da; software librearen abantailetako bat da, softwareak erabiltzaileek nahi ez duten bide bat hartzea ekidin dezakeelako) Nextcloud izenekoa, eta ownCloud oraindik existitzen bada ere, esan daiteke nagusigoa edo erreferentzialtasuna Nextcloud-ek duela gaur egun.

Benetan aparteko software puska da Nextcloud. Norbanako, enpresa edo erakunde batek Internetera konektatuta dagoen zerbitzari batean (zerbitzari hori gure ordenagailu bat izan daiteke, Raspberry Pi moduko plaka-ordenagailu txiki bat, guk kontratatutako web ostatatze birtual bat…) Nextcloud instalatuta, goian aipatutako ezaugarriak (eta gehiago) lituzkeen hodei zerbitzu propioa leukake.

Nextcloud-en instalazio oinarrizkoak zerbitzariko diskoaren biltegiratzea web interfaze bidez atzigarri jartzen digu. Administratzaileak erabiltzaileak sortzen ditu, disko-kuotak esleitu… Eta erabiltzaileek bertara fitxategiak igo ditzakete, karpetetan antolatu, deskargatu, ezabatu… eta fitxategi-mota ohikoenak zuzenean nabigatzailean ireki eta ikusi. Hau da, Google Drive-ren edo Microsoft OneDrive-ren pareko zerbitzua.

Horietan bezala, fitxategiak edo karpetak beste erabiltzaileekin partekatu daitezke, irakurtzeko soilik edo aldatzeko aukerarekin. Are gehiago, horietan ez bezala, partekatzea protokolo estandar baten bidez egiten da, eta Nextcloud instantzia ezberdinetako erabiltzaileekin partekatu daitezke. Hau da, nire Nextcloud partikularrean daukadan karpeta bat lagun batek bere enpresan daukan Nextcloud erabiltzailearekin parteka dezaket. Google Drive, OneDrive eta enparauek zerbitzu bereko erabiltzaileen artean soilik partekatzen uzten dute (edo bestela esteka bidez kontu beharrik izan gabe). Ez hori soilik, WebDAV estandarraren bidez, hori ulertzen duen edozein sistema edo programarekin ere partekatu daitezke gauzak. Bukatzeko, Google Drive eta horiek bezala, esteka batekin publikoki partekatu daitezke gauzak, eta hala WeTransfer bezalako zerbitzuen erabilera ere eman dakioke.

Horrez gain, gailu eta sistema eragile guztietarako daude eskuragarri sinkronizazio-bezeroak. Hauek programa edo app-ak dira, gailuko karpeta jakin batzuk Nextcloud-eko gure hodeiarekin sinkronizatuta izateko, hau da, gailuko karpeta horietan fitxategiak gehitu, aldatu edo ezabatzen baditugu, gure hodeian gehitu, aldatu edo ezabatuko ditu. Horrela, mugikorrean ateratzen ditugun argazkiak gure hodeira automatikoki igotzeko edo PCan idazten ditugun lanen segurtasun kopiak istantean gure Nextcloud-ean izateko konfiguratu ditzakegu gailuak. Horrekin Google Photos, Dropbox edo Google Drive-ren funtzio berberak eskura izan ditzakegu.

Gainera, jarduera guztiaren historiala gordetzen du (gehikuntzak, aldaketak, ezabaketak, partekatzeak, deskargak…), fitxategien aurreko bertsioak, ezabatuen karpeta… A, eta jakina, software librea izaki eta esanguratsua den software libre ia oro bezala, euskaraz dago (software librearen beste abantaila bat).

Gehigarrien ekosistema ikaragarria: kontaktuak, agenda, ofimatika, musika, zereginak, oharrak, bookmark-ak, mezularitza… eta askoz gehiago!

Aipatutako hori guztia “de serie” dator, hau da, oinarrizko instalazioarekin. Baina Nextcloud-ek plugin edo gehigarrien (app deitzen dizkiete Nextcloud-ekoek) ekosistema izugarri aberatsa dauka. Horietako batzuk izaera “ofiziala” dute (hau da, Nextcloud-eko garapenaren arduradunek beraien lanaren barne hartu dituzte) eta beste batzuk hirugarrenek egindakoak dira, baina denak ala denak erraz instalatzen dira norberaren Nextcloud-en administrazio gunetik eta Nextcloud-eko app-en orrian eskuragarri daude. Esanguratsuenak edo erabilgarrienak iruditzen zaizkidan batzuk soilik aipatzearren:

  • Egutegiaren app-aren bidez gure hitzordu, bilera eta abarrak gorde eta kontsulta ditzakegu, partaideekin, oroigarriekin, ekintza errepikatuak… Google Calendar-en egingo genukeen bezala. Baina gainera sortutako egutegiak CalDAV estandarraren bidez eskuragarri jartzen ditu, eta horrela edozein gailutan eskura izan dezakegu. Adibidez, Android-erako DAVx5 aplikazioarekin Nextcloud-eko egutegiak telefonoko agendakoekin sinkronizatuta izango ditugu.
  • Kontaktuen app-ak gure kontaktuen datuak gordetzen uzten digu (izen-abizenak, telefonoak, posta helbideak, taldekatzeak…), Google Contacts-en antzera. Hauek ere CardDAV estandarrarekin eskuragarri jartzen dira edozein tokitatik kontsultatu edo aldatu ahal izateko, eta mugikorrean aipatutako DAVx5 app berberarekin eduki ditzakegu. Gainera, kontaktuen urteurrenak (jaiotza, ezkontza…) gordez gero, egutegi bat sortzen digu horiekin, oroigarri-abisuekin.
  • Ofimatikako dokumentuak (testu prozesagailukoak, kalkulu-orriak, aurkezpenak…) web interfaze batetik elkarlanean eta aldiberean editatzea (Google Docs-en bezala) ahalbidetzen duen app-a ere badago. Hori bai, Nextcloud-en app hori instalatzeaz gain zerbitzarian LibreOffice Online softwarea ere instalatu behar da (nik iAmetzakoek prestatutako docker irudia erabiltzen dut, Xuxen ere badakarrena). Mugikorrean ere editatu ahal izango ditugu dokumentuok Collabora Office aplikazioarekin.
  • Ofimatikako dokumentuen barneko edukiaren gaineko bilaketa azkarrak egin ahal izateko Full Text Search app-a oso erabilgarria da. Nahi izanez gero, irudiak OCRatu ditzake (nahiz eta indexazioa mantsotzen duen eta ez den hain ona).
  • Inkestak egin eta emaitzak ikusteko formularioak egiteko Forms izeneko app-a, Google Forms-en funtzonalitateak eskaintzeko.
  • Gure zereginak (beraien lehentasun, epe, kategoria eta abarrekin) Google Tasks-en antzera kudeatzeko app-a badago. Eta hauek ere mugikorrera ekartzen dizkigu DAVx5 Android-eko app-ak, esaterako.
  • Oharrak kudeatzeko app bat ere badago, Evernote, Google Keep edo Microsoft OneNote-ren parekoa. Hauek ere mugikorrean izango ditugu DAVx5-en sinkronizazioaren bidez.
  • Bookmarks app-ak, bere izenak dioen bezala, gure bookmark edo esteka interesgarriak gorde, kategorizatu, partekatu… ahal izateko balio du, antzinako Delicious zerbitzu haren gisara, eta mugikorrean izan ditzakegu Nextcloud Bookmarks aplikazioarekin.
  • Gure hodeian argazkiak baditugu, Gallery aplikazioarekin hauetan bisualki nabigatu ahal izango dugu, aurkezpenak egin… Google Photos-en antzera.
  • Musika ere badugu, horiek taldeka, generoka… ikusi edo entzuteko player app bat ere badago, gure Spotify partikular baten gisara.
  • App ugari daude fitxategi mota ezberdinak zuzenean nabigatzailean ikusteko, jaitsi eta gure gailuko programa bat erabili beharrik gabe: audioak, bideoak, PDFak, Epub-ak, komikiak…
  • Track-ak erabiltzen baditugu gure mendiko ibilbideetarako (edo bizikletarako, edo dena delakoa), horiek sortu edo editatzeko (OpenStreetMaps edo IGN mapen gainean, adibidez), kudeatzeko, ikusteko… hainbat app daude: GpxEdit, GpxMotion, GpxPod…
  • Maps aplikazioak mapetan tokiak bilatu, markatu eta partekatzeko balio du. Horrez gain, hodeian ditugun kontaktuen helbideak, argazkien tokiak eta track-en ibilbideak ere ikus daitezke. Panoramio eta Tagzania modukoen funtzioa bete dezake eta, neurri bateraino, Google Maps-ena.
  • Passman pasahitz kudeatzaile bat da. Desabantaila nabari bat du: gure zerbitzarira konektatzeko datuak eta pasahitzak ezin ditugu bertan soilik gorde, ze zerbitzaria erortzen bada zer egin orduan? 😉
  • Posta elektronikoa kudeatzeko (IMAP konexio baten bidez), irratiak entzuteko, albisteak irakurtzeko edo eguraldia ikusteko app-ak daude.

Horiez gain, beste ehunka daude: erabiltzaileak eta autentifikazioa LDAP edo CAS zerbitzari baten bidez egiteko, OAuth edo OpenID bidezko login-a egiteko, bi faktore bidezko autentifikaziokoak, IP batzuk blokeatzekoak, kontu berriak erregistratzea ahalbidetzen dutenak, txat aplikazioa, bideodeiena, sare sozialetan partekatzekoak, proiektuen kudeaketarakoak, Dropbox edo Google Drive-ko dokumentuak ere Nextcloud-en ikusteko, fitxategiak beste zerbitzari batean biltegiratzeko (WebDAV, FTP, Amazon S3, IPFS…), ransomware babesa, kuota abisuak, erabiltzaile-taldeak, argazkietan aurpegia ezagutzekoak, inkestak egitekoa…

Argi dago Nextcloud-ek edozein enpresa, erakunde zein partikularrek hodeirako izan ditzakeen behar eta apeta guztiak bete ditzakeela. Esan den bezala, Google Calendar, Google Contacts, Google Drive, Google Docs, Google Forms, Google Tasks, Google Photos, Google Maps, Google Chat, Slack, WeTransfer, Dropbox, Delicious, Evernote, KeePassX, Panoramio, Tagzania… eta antzeko zerbitzuak ordezka ditzake, eta gehiago. Hori guztia, norberak kontrolatutako eta kudeatutako eta pribatutasuna babestuko duen hodei propioan. Eta gure ordenagailu eta telefono mugikorrarekin sinkronizatu eta berauetan erabili ahal izateko programa eta aukera ugarirekin. Eta, gainera, hasieran aipatu dugun Internet eta webaren hasierako filosofiarekin eta baloreekin (eta beste balore on askorekin ere) bat datorrena: estandarrak errespetatzen dituena, deszentralizatua, erraldoi teknologikoen eskuetatik kanpo, software librean, denekin partekatzen uzten duena eta ez bereekin soilik… Eta azkena, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, euskaraz dagoena!

Nextcloud-en aukerak martxan ikusteko adibide erreal baten gainean, bideo bat grabatu dut nire Nextcloud hodeiaren gainean eta bertara igo eta partekatu, esteka honetatik atzitu dezakezuena: https://lainoa.leturia.eus/s/WZmYwxaCcFB7cCr.

 

 

Edozeinen eskura

Nextcloud-ek edonoren eskura jartzen du hodei propioa izateko aukera. Erabilera partikularretarako (norberarentzat, familiakoentzat…), web ostatatze bat kontratatu eta bertan Nextcloud instalatzea aukera bat da (halaxe dut nik) edo etxeko ordenagailu batean (Raspberry Pi moduko ordenagailu merke bat ere izan daiteke) Nextcloud jartzea ere posible da. Hala ere, hau ekonomikoki denen eskura badago ere (gure pribatutasuna gordetzearen truke prezio merkea da), ezagutza eta esperientzia informatiko gutxieneko batzuk, ikasteko gogoa eta denbora dedikatzea eskatzen ditu (gehiegi ere ez; Linux-ekin web zerbitzuak instalatzen trebatua egonik egingarria da, beste software batzuk baino errazago ere esango nuke), eta etxeko ordenagailu batean jarriz gero, hori beti piztuta eta online egon beharraren eskakizunak gehitu behar zaizkio. Baina ez dago horrelako saltsatan sartu beharrik: badaude hainbat hornitzaile Nextcloud ostatatzea eskaintzen dutenak, hau da, jada Nextcloud instalatua duen zerbitzari baten kontua eta espazioa (gurean bertan ere bai, Talaios Koop.-ek adibidez).

Enpresa eta erakundeei dagokienez, Nextcloud izanik ez dago inolako aitzakiarik Google edo Microsoft-en hodeiak baliatzen jarraitzeko. Gutxieneko tamaina bat eta informatika-mantenimendura dedikatutako langileak izanez gero, ostatatzea edo zerbitzarien kostua bere gain har dezake eta informatikako giza-baliabideetako kideek Nextcloud instalatu eta mantendu dezakete zalantzarik gabe.

Bereziki gorago aipatutako hezkuntzaren egoerari buelta emateko aukera ematen du, euskal administrazioen hezkuntza sailek bai baitute nahikoa baliabide, giza- zein ekonomiko, Nextcloud-en bidez ikasleen esku pribatutasuna babestu eta multinazionalen esklabo-bezero bihurtuko ez dituen hodeiak jarri eta mantentzeko. Kataluniako Generalitateak berriki erabaki du norabide horretan pausoak ematea, hobe lukete euskal administrazioek enpresa handiekiko mirabekeria utzi eta Govern-aren ausardia erakutsiko balute (eta, bide batez, ez horretan soilik: hezkuntzan murgiltze-eredu bakarra, komunikabide publikoen hizkuntza-eredua, merkataritza-legea, independentziarako bidea…).