Mendia da nire afiziorik handienetako bat. Beste euskaldun askok bezala, mendizaletasunaren harra barrenean daramat txikitatik. Baina euskaldunon mendizaletasun hori asko aldatu da azken urteotan. Gazte jendea mendian korrika aritzen da, soinean arropa arin eta koloretsuetan euro mordoa daramala, eta ekipaje eta janaritan urri (ez daramate ezer, edo gerriko poltsatxoren bat barra edo gel energetikoren batekin, edo motxila fin-fin bat ura eta hoditxo batekin). Nik oinezko ibilaldiak egiten ditut, gehienetan egun osoko itzuliak, arropa zahar higatu ilun kolorgetuak jantzita, eta motxila mardulean jan-edan ugari eta berotzeko edo aldatzeko arropa daramadala. Zer egingo diogu, bada. Jada belaunaldi zaharrekoa naiz, eta mendira molde zaharrean joaten jarraitzen dut.

 

Teknologiaren aukera ugariak mendian seguruago ibiltzeko

Eta hala ere, hori ez da guztiz egia. Duela hamar urtetik hona aldaketa sakon bat egon da nire mendira joateko moduan. Bidean gidatzeko eta ez galtzeko teknologia baliatzen dut orain: weba, mapa digitalak, GPSdun telefono mugikorra eta honen app-ak. Lehen, gehienetan toki ezagunetara egiten genituen ibilaldiak: txikitatik ibilitako Arrasate eta inguruetako tontor eta bideak, neska-lagunaren (eta orain bizi naizen) herria den Orereta eta aldiriko gailur eta txango ohikoak, mendi ospetsu batzuk… Noizbehinka beti egiten genituen mendi eta bide berriak, baina ziurrenik ez nahiko genukeen bezain maiz. Izan ere, bere abentura eta zailtasun puntua bazuen: norbaitek bidea nola den esan dizu, edo ongi seinalatuta omen dago, edo mapa bat baduzu, edo Egunkaria edo Berria edo Argia edo txango-libururen bateko argibideak badituzu… baina mapan edo argibideetan aipatzen ez diren eta seinalerik ez dagoen edo argi ez dauden bidegurutze ugaritan zalantzatan ibiltzen zara, batzuetan galdu eta desorientatu egiten zara… Gaur egun, nire telefonoan mapak eta webetik lortutako edo aurrez prestatutako bide bat edo batzuk izan ditzaket, eta GPS teknologiaren bidez zehazki non nagoen jakin dezaket. Orain askoz gehiagotan joaten naiz mendi eta ibilbide berriak ezagutzera, teknologiok baliatuta errazago eta seguruago baita hori egitea galtzeko arriskurik gabe.

Galtzeko arriskua badago, haatik, teknologiok baliatzeko dauden webgune, app eta abar ugarien artean. Teknologiak gauzak erraz ditzake, baina teknologia aukeratzea eta erabiltzen hastea zaila izaten da batzuetan, eta hala izan daiteke kasu honetan ere. Ea artikulu honetan asmatzen dudan dauden aukera ezberdinetako batzuk azaltzen eta aukeraketan eta hastapenetan laguntzen mendian ibilbide berriak modu seguruagoan egiten hasi nahi duenarentzat, edo jada baliatzen dituenari behintzat aukera berriren bat erakusten. Hori bai, hasi aurretik ohar batzuk:

  • Artikuluan telefono mugikorretarako app-etara mugatuko naiz. Beste aukera bat eskuzko GPS gailuak dira (Garmin, TomTom eta horrelako marketakoak). Nik probatu nuen bat edo beste mendeko lehen hamarkadan, koloregabeko LCD pantaila sinpleak zituztenean, baina duela hamar bat urte telefonoko app-etara pasatu nintzen (jende gehiena bezala, esango nuke). Baina egia da geroztik eskuzko GPSak hobetzen joan direla, hainbat jendek erabiltzen jarraitzen duela (beharbada gehiago bizikletaren munduan?) eta badituztela bere abantailak ere (gogortasuna, iragangaiztasuna, baterien iraupena eta aldagarritasuna…). Nik ez dut mundu hori ezagutzen eta horregatik ez dut horietaz hitz egingo, baina beste aukera bat da.
  • Halaber, artikulutik kanpo utzi ditut Strava eta horren antzeko aplikazioak. Jakin badakit Strava korrikalari eta txirrindularien artean asko erabiltzen dela eta neurri batean norberak egindako ibilbideak besteekin partekatzeko eta besteek egindako ibilbideetan zehar gu gidatzeko ere balio duela, baina nik ez dut erabiltzen (app hori sare sozial gisa antolatua dago gehiago eta bere helburu nagusia denborak, markak eta abarrak helburu lehiakorrekin jarraitu eta erakustea da, eta nik ez dut mendia horrekin lotzen), eta ongi ezagutzen ez dudanez ez dut horretaz idatziko.
  • Nik aipatuko ditudan app eta webguneez gain beste batzuk ere badaude: IGN-rena, Gaia GPS… Mundu oso zabala da app-ena, eta GPS eta gidatze-aplikazio ugari daude, ezin denak erabili edo ezagutu. Esan bezala, nik erabiltzen edo erabili izan ditudanetara mugatuko naiz.

 

Mendian ibilbide berri bat egiteko prozesuaren urratsak

Mendian ibilaldi edo tontor guretzat berri edo ezezagun bat egitean, hiru urrats nagusi bereiziko nituzke:

  • Ibilaldiaren aurreko prestaketa:
    • Track fitxategia: Lehenik, egin nahi dugun ibilbidearen track fitxategia lortu edo prestatu behar dugu. Track fitxategia, finean, ibilbideko puntuen koordenatuen zerrenda bat besterik ez da. Puntu bakoitzak, koordenatuez gain, altuera ere gorde dezake. Track fitxategian waypoint batzuk ere gorde daitezke, hau da, ibilbideko puntu esanguratsuak (tontorrak, iturriak, bidegurutzeak…) beraien koordenatu eta izenekin. Track fitxategien hainbat formatu daude, baina ezagunena eta estandarrena GPX dela esango nuke. Beste batzuek sortutako track-ak erabil ditzakegu edo guk mapa baten gainean marraztuz bat sortu.
    • Mapak: Track-aren bidez egin nahi dugun ibilbidea eta gauden tokia ikusteaz gain, oso baliagarria suertatzen da horiek mapa baten gainean ikustea. Erabili behar dugun app-ak mapa bat edo batzuk erabiltzeko aukera emango digu, baina maparen toki eta zoom maila ezberdinak erakusten joatekoan Internet konexioa behar izaten dute. Gehienek (edo guztiek, esango nuke) mapak eskualdeka jaitsi eta telefonoan gordetzeko aukera ematen digute. Beraz, komeni izaten da etxean gaudela goazen zonaldeko mapak jaitsi eta telefonoan izatea, gero mendian estaldurarik ez balego.
  • Ibilaldia egiten: Aukeratutako app-a, track fitxategia eta mapak baliatuko ditugu ibilbidea egiteko, noizbehinka edo zalantzatan gaudenean begiratuta edo bere oharrei kasu eginez.
  • Ibilaldia gordetzea: Aplikazio batzuek egiten ari garen ibilbidearekin track fitxategi bat sortzen joatea ahalbidetzen dute, gero gordetzeko eta berrerabiltzeko, beste batzuekin partekatzeko…

Aukeratutako app-aren arabera, urrats bakoitza modu batera edo bestera egin beharko da. Jarraian aipatuko dut nik erabiltzen ditudan edo erabili izan ditudan app-etan urrats horiek nola egiten diren, bakoitzaren alderdi on eta txarrekin.

 

Wikiloc: errazena eta sinpleena, dena app-etik

Wikiloc da ibilaldiak besteekin partekatzeko erreferentziazko webgunea, eta ez soilik mendiko ibilaldientzat, baita bizikleta, motor eta bestelako jarduerentzat ere. Jendeak egindako ibilaldien track-ak bertara igotzen ditu deskribapen, argazki eta abarrekin, horrela beste erabiltzaileek baliatu ahal izateko. Eta euskarazko bertsioa dauka!

 

Baina track-ak partekatzeko webguneaz gain, telefono mugikorretarako app-a ere bada Wikiloc. Android zein iOS-erako bertsioak ditu eta euskaraz dago hau ere. Wikiloc izango da, ziurrenik, mendian gidatzeko dauden app-etan erabilerrazena, gorago aipatutako urrats guztiak barne hartzen baititu: Wikiloc webguneko track-ak app-etik bertatik bilatzen dira, gero konexiorik gabe erabili ahal izateko track-ak eta mapak deskargatu ditzakegu, ibilbidean zehar gidatuko gaitu, nahi badugu egiten dugun ibilbidearekin track-a sortuko digu eta app-etik bertatik Wikiloc-era igo ahal izango dugu, beste batzuek balia dezaten.

Erabilerrazena izatearen ifrentzua da beste app batzuk baino aukera gutxiago dituela. Adibidez, ezin da app-etik bertatik ibilbide bat sortu. Horrez gain, doako bertsioan app-ak ibilbideak bilatzen, mapak deskargatzen eta ibilbideak grabatzen uzten digu, baina ezer gutxi gehiago. Track-ak deskargatu eta jarraitzeko eta beste gauza gehienetarako kuota bat ordaindu behar da.

 

OruxMaps: osoena, baina konplikatuxeagoa

OruxMaps aplikazioa da nire gustukoena eta egun erabiltzen dudana. Android-erako soilik dago, eta euskaraz ere badago. Osoena da eta milaka aukera eskaintzen ditu, dena dohainik (Google Play-tik instalatuz gero zerbait ordaindu behar da, baina egilearen webgunetik doan jaisten da). Ez daukan gauza bakarra da track-ak bilatzeko aukera: Wikiloc-era joan beharko dugu eta handik jaitsi. Mapak offline erabiltzeko deskargatzeari dagokionez, ba omen du aukera hori (hala esan izan dit Antton Gurrutxaga lankideak), baina inoiz ez dut asmatu egiten; hala ere, konexioa duzun bitartean ibilbidea pantailan egiten baduzu zoom maila ezberdinetan, mapa-lauzak cache-an gordeta gelditzen dira eta gero konexiorik gabe ere erakusten dira.

Horiek kenduta, prozesuaren beste urrats guztiak bertatik egin daitezke, baina aukera gehigarri pila ere baditu. Gutxi batzuk aipatzearren:

  • Mapak 3D moduan ikus daitezke.
  • Beste gailu batzuekin komunikatu eta haien sentsoreak balia ditzake (GPSak, pultsometroak, podometroak, presioa…).
  • Oharrak (ibilbidetik urrundu garela, waypoint hurbiltasuna, aldizkako estatistikak…) hizketa bidez eman ditzake. App-a euskaraz dagoenez, euskarazko AhoTTS hizketa sintetizagailua instalatu dezakegu telefonoan, eta oharrok euskaraz txukun-txukun entzungo ditugu.
  • Nahi badugu, denbora batez geldi egonez gero guk aukeratutako telefono bati gure koordenatuak dituen sokorri-mezua bidaltzeko konfiguratu dezakegu.
  • Track-aren edo egiten ari garen ibilbidearen mota askotako estatistikak eta malda-profilak ikus ditzakegu.
  • Mapako edo track-eko bi punturen arteko distantziak neurtu ditzakegu.

Eta hauek nik ezagutu eta erabiltzen ditudan aukera gutxi batzuk besterik ez dira. Aplikazioa hain osoa izatearen ifrentzua, ohi denez, erabiltzeko konplikatuxeagoa izatea da. Hainbeste aukeren artean galde egin zaitezke, eta dituen aukera guztiak inoiz ez probatzeko arriskua dago.

 

 

Maps.me: ibilbideen kalkulu eta nabigazio aurreratua duen ezagutzen dudan bakarra

Wikiloc eta OruxMaps ezagunak dira horrelakoak erabiltzen ditugun gehienon artean. Urteen poderioz denek probatu edota erabili izan dituzte noizbait. Aldiz, Maps.me ezezaguna zen niretzat duela urte eta erdi inguru Mikel Lasa lagunak ezagutarazi zidan arte, eta geroztik aipatu izan diedan jendearen artean ere inork ez du ezagutzen. Eta harritzekoa da, ze kristorena da!

Maps.me ez da aipatu diren beste aplikazioen modukoa. Horiek track fitxategi bat beharrezko dute eta hortik urruntzen garenean abisatu besterik ez dute egiten finean. Maps.me-k ez du track-ik behar. Ideia bat egiteko, Google-ren nabigazioa moduko zerbait da: honi hasierako puntu bat (gauden tokia edo beste bat izan daiteke) eta amaierako puntu bat emanda (eta aukeran erdibideko puntu bat edo gehiago), horien arteko ibilbide bat kalkulatzen du eta ibilbidean zehar gidatzen gaitu; puntuak bilatu egin daitezke Google-ren mapetan bezala; eta gidatze aurreratua eskaintzen du, hurrengo bidegurutzerako distantzia eta han hartu beharreko bidea adieraziz. Baina Google-ren nabigazioa errepidetarako eta hiri eta herri barruetarako den bitartean, Maps.me-k hori bera mendian ere egin dezake! (Eta ez mendian bakarrik, kotxeko eta hiri barruko GPS nabigaziorako ere nire lehen aukera da.) Izan ere, OpenStreetMap-eko mapak erabiltzen ditu (jendeak doan eta elkarlanean sortutako mapa libreak), eta hor jendeak mendiko bidexkak ere sartzen dituenez, edozein tontor, baserri edo iturri bilatuta edo mapan klikatuta harako bide bat kalkulatzen digu eta hara gidatuko gaitu. Uneren batean ez badiogu dena delakoagatik kasurik egiten eta beste bide bat hartzen badugu, toki berritik beste bide bat kalkulatzen du. Gainera, eskualde batzuetako mapak aurrez deskargatu eta offline erabiltzen uzten du, konexioaren dependentzia ekidinez.

Ikusten denez, Maps.me-k besteena ez bezalako funtzionamendua du eta oso erabilgarria da. Baina nik behintzat ez dut bera bakarrik erabiltzen, hainbat arrazoirengatik. Esaterako, niri joateko eta itzulerako bideak bide ezberdinetatik egitea gustatzen zait, eta Maps.me-k normalean bide bera kalkulatuko du. Nik aurretik track bat jaitsi edo prestatzen dut eta OruxMaps erabili. Baina mendian nagoela dena delakoagatik ibilbidea aldatu edo inprobisatu nahi badut (track-a pasatzen ez den paraje edo tontor bat ikusi eta handik pasatu nahi dudalako, berandutu delako laburtu nahi dudalako, galdu naizelako, bideren bat itxita dagoelako…), Maps.me oso-oso ongi etortzen da.

Maps.me software librea da, Android eta iOS-erako dago, baina ez dago euskaraz.

 

Ibilaldi-Gidaria: nik sortutako software libreko web aplikazioa

Hau ez dut alternatiba erreal gisa aipatzen, bitxikeria gisa soilik. 2013an Firefox OS sistema eragiledun telefono bat erosi nuen. Sistema eragile hori Firefox-ek sortu zuen weba sustatzeko, eta bertan Android edo iOS-eko app-ek ez dute funtzionatzen, soilik web aplikazioek. Ordurako jada OruxMaps sarri erabiltzen nuen mendira joateko, eta hori ezin nuen nire telefonoan erabili. Eta ez nuen aurkitzen web aplikaziorik track fitxategiak kargatu eta jarraitzeko… Beraz, nik neuk egitea beste erremediorik ez nuen izan. Halaxe sortu nuen Ibilaldi-Gidaria.

 

 

Ibilaldi-Gidaria software libreko web aplikazioa da, euskaraz dago eta edozein ordenagailu edo mugikorretatik erabil daiteke, nabigatzaile batetik bere helbidera sartuta edo deskargatutako fitxategiak irekita. Firefox OS existitzen zen garaian deskarga eta erabiltzaile asko zituen, kontsulta, iradokizun eta eskaerak jasotzen nituen, ekarpenen batzuk ere bai (alemanezko itzulpena adibidez, oraindik igo gabe dudana)…. Aspaldi ez dut mantentzen, baina nirean behintzat badabil orain ere, eta besteetan ez balebil berpiztea ez dut uste gehiegi kostatuko litzatekeenik. Beharbada orain Firefox OS KaiOS izenpean berpizten ari direnez, agian merezi du… Baina telefono ohikoentzat dauden app-en aldean ez du ezer besteek ez dutenik, oso sinplea da, track bat ireki eta mapa batean erakusten du, gure posizioa eta egiten ari garen ibilbidearekin batera, eta urruntzen bagara abisatu egiten du, baina ibilaldia gordetzeko aukerarik ez du ematen. Esan bezala, kuriositate gisa soilik aipatu dut.

 

Track-ak eskuz nola sortu

Maps.me-n ez beste, aipatutako app guztietan track fitxategi bat da gidatze-funtzionalitatearen oinarria. Track fitxategi bat lortzeko modurik ohikoena Wikiloc-en bilatu eta handik jaistea da, denetarik baitago han. Baina batzuetan ez da egoten guk egin nahi dugun ibilaldi zehatz baterako track-ik: ez dakit nondik abiatuta ez dakit zein bi tontor egin nahi ditugu, ez dakit nondik pasatu eta ez dakit non bukatu, ez dakit zein bide berri probatu… eta Wikiloc-en ez dago hori zehazki. Kasu horretan, gorago aipatu dudan bezala, guk mapa baten gainean marraztuz sortu dezakegu track bat. Ezin da track-a edozein tokitatik pasatuz egin, jakina, sasiak, amildegiak… egon daitezke; OpenStreetMap-en mapak erabiliko ditugu mendiko bidexkak ere egoten direlako bertan, eta ibilbidea existitzen diren bideen gainean egin beharko dugu.

 

 

OruxMaps erabiltzen badugu aplikazioan bertan sor daiteke track bat, puntuak OpenStreetMap maparen gainean markatuz. Beste app-etan ez, ordea, eta kasu horietan beste zerbitzu edo aplikazio batzuk erabili beharko ditugu track-ak sortzeko. Nik neuk Nextcloud-en erabilgarri dagoen GpxEdit app librea erabiltzen dut, baina Nextcloud hodei propiorik izan ezean, Wtracks web aplikazio librea erabili daiteke bere webgunetik.

Horiekin sortutako track-ek, baina, ez dute izango altitude-informaziorik, eta sortutako track-ak daukan desnibel pilatua ezingo dugu jakin. Track-eko puntu bakoitzari bere garaieraren informazioa gehitzeko GPS Prune bezalako softwarea edo GPS Visualizer bezalako web zerbitzuak erabil daitezke.

Hala ere, track-ak eskuz geuk sortzearen inguruan ohar bat egitea komeni da: OpenStreetMap-en jartzen badu toki batean bidexka bat dagoela, egon egongo da, baina beharbada naharrez beteta egongo da, edo geroztik hesi batek itxita egon daiteke… Horrelakoekin aurkitzeko prest egon behar dugu, noizbehinka buelta eman eta beste alternatiba bat bilatu, mapan bilatu edo Maps.me-ri galdetu… Eta gauza bera gerta daiteke Maps.me-k kalkulatutako bideekin, ez du zertan biderik onena edo ohikoena izan edo egoera onean egon.

 

Azkenburuko oharrak

Artikulu honetan zehar ikusi dugu nola baliatu dezakegun teknologia mendian guretzat berriak diren parajeetan zehar segurtasun dezentez ibiltzeko. Baina ez dugu ahaztu behar teknologiarekiko dependentziak beti dakarrela honek huts eginez gero nahiko salduta gera gaitezkeela…

Konexiorik gabe gelditzea oso ohikoa izan daiteke, baina hori aurreikusi eta mapak aurrez deskargatuta izan ditzakegu. Telefonoaren bateria agortu daitekeela ere kontuan izan behar dugu (bereziki honelako erabilera batekin: GPSak energia asko kontsumitu dezake, pantailari etengabe begira bagaude are gehiago…), eta beti gainean Power Bank edo bateria-kargatzaile bat eramatea komeni da (ahal bada ahalmen handikoa eta kargatuta, noski!). Eta benetan zuhurrak izan nahi badugu, telefonoak huts egin edo erori eta hautsi egin daitekeela kontuan izan behar dugu. Kasu honetarako konponbide bakarra beste telefono bat izatea da, eta bakarrik bagoaz beharbada gehiegizkoa da eta ezin da egin, baina lagunduta joanez gero merezi du beste telefonoren batean ere app-ak instalatuta eta track-a eta mapak deskargatuta izatea.

Telefono mugikorra baliatuta eta neurri batzuk kontuan izanda, ikusiko duzu, mendian ibiltzeko bide berriak irekiko zaizkizu! 😉