Kalifornian egin berri duten aurkezpenean ezagutu ditugu Google etxearen produktu berriak: Allo eta Duo. Mezularitza sistema berriak. Ez da lehen aldia G handiak horrelako produktuak aurkezten dituela, baina orain arte arrakasta gutxi lortu izan dute.
Wave, Buzz, Plus… Montain Viewko enpresaren produktu ezagunak izan dira. Ezagunak bai, baina ez arrakastatsuak. Lehenengo biak ireki eta berehala itxi baitzituen (Twitter eta Facebooki aurre egiteko sortuak izan zirenak), eta azkena oraindik itxi ez duen arren, edukiz husten dabil azken hilabeteetan.
Zorte gutxi izan du. Ez du asmatu. Atzean geratu da. Horrelakoak askotan entzun ditugu. Horregatik, zer dela eta saiakera berri bat? Zergatik egin behar dugu orain salto erabiltzaileok plataforma berri hauetara, lehen egin ez bagenuen?
Allori begirada bat ematen badiogu, WhatsApp edo Telegram baten aurrean gaudela pentsa genezake. Bereizgarritasun gutxi du. Eta hau gutxi balitz, berria denez, ezezaguna da eta inor ez dago plataformaren barruan.
Duok, bere aldetik, Skype edo FaceTime-en aurkari zuzena izango litzateke. Bideo deiak egiteko balio izango duena. Berrikuntza bakarra dakar: Deia onartu aurretik deitzen duenaren zuzeneko irudiak ikusteko aukera ematen duen zerbitzua. Eta kasu honetan ere, ezezaguna eta jenderik ez produktuaren atzean.
Orduan zer?
Inork ez du dudarik egiten, kalitatezko produktuak kaleratuko ditu Googlek, izerdi eta esfortzu askoren fruitua. Hori ziur. Baina arrakastarik lortuko ote duten… Hori zaila da aurreikustea.
Hala ere marketinaren aldetik begiratzen badugu: Antzeko mila produktu daude dagoeneko merkatuan eta bezeroak bereganatuak dituzte. Zerbait ezberdina eskaini beharko lukete beraz Googletik jendea erakartzeko.
Denborak esango du, baina zaila daukatela ezin ukatu. Gainera Googleko buruak azkar nekatzen dira arrakastarik ez duten produktuekin, eta azkar baina lehen ezabatzen dituzte berriak sortzeko. Udan kaleratuko dituzte Allo eta Duo, datu objektiboak orduan jasoko ditugu.
Baina zalantzak airean geratzen dira. Etxe berean ere arerioak izango dituztelako Allok eta Duok. Zer gertatuko da Hangoutsekin?