Apirilaren 4an euskararen aldeko Korrika hasiko da. Hamar egunez Euskal Herriko txoko anitzetatik milaka lagun modu nekaezinean korrika egiten ikusiko ditugu, eta, modu berean, korrika egiteko ohiturarik ez dugunok, ehunka pauso emango ditugu euskararen alde. Ez da geurean euskararen aldeko argazki hau ikusiko dugun lehen aldia, ezta azkena ere. Ez dakit mundu mailan beste edozein hizkuntzaren aldeko honelako maratoi erraldoirik egiten den, nik neuk ez dut besterik ezagutzen. Twitterren esaldi bat irakurri nuenenetik niri ere gertatzen zait, Korrika burutzen den egunetan, gaueko ordutan esnatzerakoan gustuko izan ohi dudala zera pentsatzea: “momentu honetan zoro maitagarri batzuk euskaren alde korrika ari dira hor nonbait”.

Baina ez da Korrika euskararen alde aurten ikusiko dugun maratoi bakarra. Gaur bertan aurkeztu baitu, Donostiako Tabakaleran, Librezale taldeak, euskararen aldeko fondo lasterketa bat. 

Fondo lasterketa bat dela diot (inondik inora kirolaria ez naizen honek), uste dudalako parte hartuko dugun ehunka euskaldunon artean 10.000 ordu audio grabatzea, mantso-mantso hasi beharreko zerbait dela. Mantso hastearen helburua; ez nekatzea. Lasterketa digital hau egun, eta asteetan zehar, egin beharko dugulako. Fondo lasterketa honek, euskararen aldeko auzolan digitaltzat izendatu da. Eta nik neuk erabat gustuko dut deskribapen hau.

Baina zer da zehazki Librezalek aurkeztu berri duen Common Voice euskara proiektua?

Jakin badakizue azken urteotan geroz eta ohikoagoa dela erabiltzen ditugun gailu teknologiko desberdinekin, telefonoa edo telebista kasu, ahots bidez aritzea. Ahots-morroi aski ezagunak ditugu geure artean, baina zoritxarrez euretariko gehienak ez dira libreak eta erabiltzen dituzten datu baseak, modu berean, ez dira libreak. Mozilla fundazioak helburu bat jarri zuen mahaigainean eta kasu honetan Librezale izan da lekuko digitala hartu duena. Helburua, hizkuntz desberdinetan dauden ahots datu base erraldoiak sortzea. Guri euskara dagokigu. Etorkizunean, posible balitz etorkizun laburrean, gure gailuekin berba egiteko erabiltzen ditugun ahots-morroiekin euskaraz aritu ahal izateko. Edo, nola bestela, ahots datu base libreak erabiltzen dituzten ahots-morroi libreak sortzeko aukera izan dezagun.

Proiektu eder bezain erraldoia da Common Voice euskara, izan ere, aipatutako datu base librea sortzera bidean euskaldun desberdinon milaka ahots behar izango ditugulako.

Nola parte hartu Librezaleren Common Voice euskara proiektuan

Oso erraza da. Proiektuarentzat garatu den webgunean sartu beharko zarete, https://voice.mozilla.org/eu nabigatzaile batekin. Bertan zaudetela, hitz egin botoian klik egin beharko duzue eta webgunean erakutsiko dizkizun esaldi desberdinak irakurri beharko dituzu, ozen eta ahal bezain argi. Ahal bada mikrofono bat erabiltzen duzula (baina ez da ezinbestekoa). Ordenagailuan eta telefono mugikorrean bertan egin dezakezu 🙂

Bestalde, dagoeneko eginda dauden grabaketak balioztatzen ere lagundu dezakezu. Izan ere guztion artean balioztatu beharko ditugu amankomunean egin ditugun grabaketa guztiak. Baina adi! Guztiok balioztatzeko materiala izateko, nire ustez, ez genuke balioztatu beharko grabatu ditugun esaldi kopurua baino gehiago. Hau da, bost esaldi grabatu baditut, besteen bost esaldi balioztatuko nituzke. Baina argi izan hau nire proposamen pertsonala dela (denok izan dezagun materiala balioztatzeko aukera) baina Librezalek ez duela mugarik jarri.

Proiektuan parte hartzen animatzen bazara, aukerarik egokiena zure erabiltzailea sortzea izango dela uste dut. Horretarako webguneko goialdean aurkituko duzun Hasi saioa / Eman izena botoian klik egin eta inprimakia bete.

Bide batez, aipagarria deritzot, arazorik izango bazenu, zu laguntzeko prestutasun osoa izango duten Librezaleren kideak aurkituko dituzula Librezaleren edozein komunikazio trestanatan. Baina, baita Donostiako Tabakaleran, apirilaren 9an 18:00etatik 20:00etara Hirikilabsek prestatu duen grabaketa maratoian. Edozein zalantza argituko dizute bertan. Eta noski, hala nahi izango bazenu, zure hiri, herri edo auzoan Common Voice euskara maratoia antolatzeko aukera daukazu. Azken hau egitera animatzen bazara, komentatu Librezalen, seguru bainago ahal bezain beste lagunduko zaitugula.

Goian aipatu bezala, balizko ahots-morroi euskaldunek gure ahotsa ongi interpretatzeko, askotariko pertsona mota euskaldunak behar dira, genero, adin eta zonalde desberdinetakoak. Beraz, animatu eta hasi proiektuan parte hartzen. Jada, badakizu, edozein ordutan eta edozein lekutik har dezakezula parte, hobeto datorkizun gailutik. Segi. Eta anima itzazu ere zure ikaskide, lankide eta lagunak euskaren aldeko maratoi digital, herrikoi eta parte hartzaile honetan bere aletxoa jartzera. Euskarak eskertuko du.

Hemen (ere) gaude euskararen alde!