Arazo nabarmenak sortu dituen aro teknologiko baten bizi garela ohartuta, idatzi zuen Neil Postmanek Teknopolis liburua. Gomendatuta irakurri nuen. Postamek liburu honetan egindako ohartarazpen askok bere biziko garrantzia daukatela deritzot, horregatik interesgarri deritzot segundo bakar batez bada ere, burmuina konektatzea eta liburu honek utzi dizkidan bost ideia nagusiak zuokin guztiokin konpartitzea.
Ez nuen Postman ezagutzen, eta egia esan liburua irakurri ostean ere ez dut gehiegi sakondu bere bizitzan. Estatu Batuarra zen (nabari zaio), soziologoa zen, unibertsitate irakaslea… eta, besteak beste, gaur zuokin komentatu nahi dudan Technopoly: the surrender of culture to technology idatzi zuen.
Nire ustez zilegi da, bost ohartarazpenekin hasi orduko Postmanek Teknopolistzat zer ulertzen duen laburtzea (behintzat nik zer ulertu diodan). Teknopolis bat, teknologiak erabat kontrolatzen duen gizarte bat da. Gizarte horrek erabateko eraginkortasuna dauka helmuga bezala, eta berau lortzeko teknologia “lagun”. Arazo sozialak adituen begietatik bakarrik aztertzen ditu, gizartearen kalterako. Izan ere, egunerokotasunari eragiten dien erabakietan politikoki parte hartzea saihesten duen gizartea da. Anestesiatutako gizartea, Huxleyk Bai mundu berrian erakutsi zigun gizartearen parekoa (Postman berak, Huxley aipatzen du). Bukatzeko, berrikuntza teknologikoak gizartean eragin ditzakeen arazoak aztertzen, minutu batez gelditzen ez den gizartea ere bada Teknopolis. Eta honaino nola heldu garen azaltzen digu, ez baita fikziozko liburua. Saiakera da.
Agian, laburpena osatzeko asmoz, beste ideia bat gehituko dut: Postmanen ustetan, Estatu Batuetako gizartea teknofiloa da, baina ez da gizarte teknofilo osasuntsu bat. Bere aburuz, gizarte estatu batuarra ez delako gai teknologiaren alde iluna ikusteko.
Saltsa guzti hau atomizatzen doa liburuan zehar, eta zinez interesgarria egin zaidan irakurketa izan da. Bereziki goxatu ditut hitzaurrea eta lehen bi kapituluak (baina horrek ez du esan nahi gainontzekoak astunak direnik).
Teknopolis hori mahai gaineratuz, artikuluaren hasieran aipatu ditudan bost ohartarazpen egiten dizkigu Postmanen liburu honek.
Eta, orain bai, ohartarazpen hauei heltzeko momentua da:
- Teknologiak ematen dizun beste kentzen dizu: Oso interesgarria egin zait erlojuen inguruan egiten dituen hausnarketak. Erlojuak non eta zergatik sortu ziren, zertarako, eta zertan bukatu duten aztertzen du adibidetzat. Besteak beste, Joxek Kontuz mugikorrekin! artikuluan utzi nion iruzkinaren harira datorrelako gustatu zait.
- Teknologiak batzuei mesede egiten die eta beste batzuei kalte: Garaile eta garaituen inguruko irakurketa argia egiten du, izan ere, horrela izendatzen ditu; garaile eta garaitu. Ez dut uste honek azalpen berezirik behar duenik. Agian bai aipatzea, teknologiaren onarpenaren eraginak sortzen dituela, garaile eta garaituak.
- Teknologiak gure pentsatzeko modua aldatzen du: Puntu hau azaldu ordez, Pixelfed-en jarri nuen argazki baten agertzen den azpimarra irakurtzea gomendatzen dizuet. Informazioa, adimena baino garrantzitsuagoa bilakatzen ari da? Galdera horrekin jotzen gaitu aurpegian.
- Teknologiak maila desberdinetan bere inguruan dagoen guztia aldatzen du.
- Teknologia opari naturala dela uste dugu, eta ez dugu onartzen testuinguru historiko jakin baten sortzen dela.
Talde bezala teknologiak gu lagundu, gerturatu, komunikatu eta erraztasunak ematen dizkigula onartzen dugu, eta hori hala da. Ez da ezeztagarria. Edonork onartu beharko lukeen ideia bat dela deritzot. Postmanek liburu honetan ez ditu teknologiaren onurak ezeztatzen (eta agian hori izan da gehien gustatu zaidana, teoria luditak alboratzen dituela). Baina, bestalde, ezinbestekoa da begiak irekitzea eta teknologiaren aurrean ez itsutzea.
Bizitza, artikulu hau irakurtzeko erabiltzen duzun pantailaren atzean baitago, ez barruan.