Teknopolitika hor dago, ikustezin, zelatari, ingurune digitalaren atzelari inbatiblea. COVID-19 aroan, etengabekoa da; bere eragina, bere hatsa, gure kolkoetan. Izan ere, Amazon-en bidez erosten dugun bakoitzean; tokian tokiko hornitzaile/saltzaile bat kate-baliotik kentzen dugu, data-opolies-en kaxa-beltzetan hezurmamitzen den algoritmo ahalguztinduna leku hegemonikoa eskeiniz, konturatu gabe, inkonzienteki.
Gizarte hiperkonektu eta birializatua bilakatu zaigun post-COVID-19-ak, adimen artifizialaren eskuetan, kateatu eta kondenatu gaitu. Ba al da alternatibarik? Derrigor, eta are gehiago, Europar Komisioak atzo argitaratu berri duen Data Governance Act arautegi berriak datuen partekatze altruista duenean jomugan. Agian hiritartasun molde digital, pandemiko eta algoritmiko berri honi tamaina hartzen diogun bitartean, alternatibak bilatu beharko genituzke, modu estrategiko batean berandu baino lehen. Ez dago digitalki autoeratzen ez den gizarte eta ekonomia baino arrakala injustoagorik. Autoeraketa bestalde, ezin da batzuen kontua izan soilik. Datuak eta algoritmiak urratzen du gure egunerokotasuna, etengabeko konektibitate honen eremuan.
Nola eragiten dio jadanik egun adimen artifizialak gure hiriei? Nola hiritarrak eta gure hiriak berreskuratu teknologia, azpiegitura, eta zerbitzuen digitalen eskaintza, datuak eta algoritmoak modu demokratiko batean erabiliz?
Tartean, eskubide digitalak zerrendatu eta aldarrikatzeari ekin diezaiokegu, nazioarteko eta Europako beste hiri eta lurralde askorekin batera, lehenengo urrats gisa, adibidez. Honatx abiapuntua:
(i) Internet-en ahantzia izateko eskubidea, (ii) deskonektatu/desentxufatua egoteko eskubidea; (iii) ondasun digitalaren jabe izatearen eskubidea; (iv) norberaren integritate pertsonala teknologiarengandik babestua izatearen eskubidea; (v) adierazpen askatasun online eskubidea; (vi) nortasun digitalaren jabegoa izatearen eskubidea; (vii) algoritmoen erabilera garden eta zuhurra eskatzeko eskubidea; (viii) erabakitze-prozesu adituetan azken giza-eskumena izatearen eskubidea; (ix) ekonomia digitalean aukera berdintasun eskubidea; (x) komertzio elektronikoan kontsumitzaile eskubideak; (xi) Internet-en jabetza intelektuala edukitzearen eskubidea; (xii) Internet-erako sarbide unibertsalerako eskubidea; (xiii) trebakuntza digitalerako eskubidea; (xiv) Internet-en inpartzialtasunerako eskubidea; (xv) Internet segurua izateko eskubidea; (xvi) pribatasun, datuen babes, eta segurtasunerako eskubidea; (xvii) Internet-en demokrazia partehartzailea, aniztasuna, eta inklutsibitatea bermatzeko eskubidea; eta (xviii) zerbitzu digital ireki eta etikorako estandarrak izateko eskubidea.
Eskubideen atzetik, alternatibak beharko lukete etorri. Eskubideak aldarrikatzea ondo dagoen bitartean, alternatiba posible eta bideragarriekin batera badatoz bakarrik izango dute eragina. Araudiak, manifestoak, gutunekin batera, alternatiba-eratzean dago erronka. Zeren, noren zai gaude?
Eskubide digitalak? Bai, eskerrik asko
Artikulu hau aipatzeko:
Calzada, I. (2020), Eskubide digitalak? Bai, eskerrik asko, Retrieved from https://www.sarean.eus/eskubide-digitalak-bai-eskerrik-asko/ DOI:10.13140/RG.2.235794.38089/1.