Artikulu honetan azalduko diren tresna batzuk aski ezagunak dira askorentzat, baina, COVID dela-eta hain azkar zabaldu direnez, informazioa antolatzeko ariketa moduan jarri naiz idazten, niretzat eta beste zuetako batzuentzat argigarria izango delakoan.
Jakina da koronabirusak ekarritako krisiak telelana eta online irakaskuntza izugarri azkartu duela. Martxoan, batere planifikaziorik gabe kasurik gehienetan, telebilerak eta online eskola sinkronoak jarri ziren martxan ziztu bizian. IKT arloko langileen lan izugarriari esker (txalo bat beraientzat), eta beraien eskutik askotan, aurretik pentsaezina zen hedatze izugarri bat gertatu zen. Nahiko modu harrigarrian hedatze hori arrakastatsua izan zen (alde teknologikotik behinik behin).
Alde batetik azpiegiturak nahiko ondo eutsi zion. Apirilaren 8an argitaratutako azterketa honetan ikus daiteke nola trafikoaren hazkunde handiak ez zuen neurri bereko atzerapenik ekarri, eta are gutxiago kolapsorik.
Egoera horretan balizko kolapsoa ekiditeko streaming zerbitzu batzuetan (Netflix, HBO, youtube…) bideoen kalitatea jaitsi zuten. Artikulu honetatik kanpo geratzen da aztarna ekologikoaren gaia, baina ekarpen hauek kontuan hartu beharrekoak dira.
Bideokonferentziarako softwareari dagokionez gaur egun hain ezagunak diren Jitsi, Zoom edo Google Meet ez ziren apenas ezagunak, Skype zelarik bideokonferentzietarako jendeak eta enpresa gehienek erabiltzen zuten programa. Zortzi hilabete beranduago Skype erabilpen familiarrerako tresna baino ez dela dirudi, Zoomek izan duen arrakasta ikaragarriaren ondorioz. Enpresa honen burtsaren balioa txertoaren eskuragarritasunaren neurgailua ere bihurtuta da. Dena den helburu bera/antzekoa duten tresnen zerrenda izugarri luzea da, eta zaila da denak kontuan hartzea. @librezale taldeak egiten duen lan itzelaren barruan dugu, adibidez, mota honetako tresna libreen zerrenda bat.
Euskarara lokalizatutako Jitsi tresna azpimarratzekoa da Zoomaren lehiakide gisa. Europan sortua (Estrasburgoko Unibertsitatean) eta software librea izanik arrakasta handia izan du multinazionalen aurkako lehia gogorrean. Bide horretan garrantzitsua izan dira zabalkundean hainbat taldek egindako ekarpenak, tartean herrigintzatik egindakoak. Adibidez @librezale-ren lokalizazioa, @iturri-ren laguntza hau edo Jitsi meet erabiltzeko prest dauden instantzia seguruagoak edo lokalagoak, https://meet.guifi.net/ eta https://jitsi.zohardia.eus/ hurrenez hurren. Lokalizatzeko eta lokalean ezartzeko dituen aukerez gain konfidentzialtasunerako aukera ere azpimarratzekoa da. The Guardian egunkari prestigiodunaren izenburu hau “Zoom is malware” kontuan hartzekoa da.
Aurretik aipatutakoak dira bideodeiak edo telebilerak egiteko gehien erabiltzen diren sistemak (erabiltzeko nabigatzailea edo app egoki bat baino ez da behar). Aipatutako horiexek ere erabili dira erruz teleirakaskuntzarako, baina badaude horretarako haiek baino egokiagoak diren beste sistema batzuk, hezkuntza-ingurunean integratzen direlako eta irakaskuntzari begirako funtzio batzuk integratzen dituztelako. Nire inguruan zabalduenak dira @ueu_orokorra-k (eta beste batzuek AEK-k edo IMHk esaterako) erabiltzen duten BigBlueButton (BBB) librea eta UPV/EHUn erabiltzen den BlackBoard Collaborate (BBC). Biak Moodle sistemaren gela birtualetan integra daitezke, saio sinkronoak edukiekin eta ekintza asinkronoekin bateratuz.
BBBren ezaugarri artean ezohikoak diren hauek aipa daitezke:
- euskaraz dago (@librezale taldearen lanari esker)
- partekatutako oharrak
- aurkezpenak igo eta aurkezpenaren bitartean marrazketa-tresnak erabili
- berehalako inkestak
- gela pribatuak ikasle-taldeentzat
- arbel zurian idatzi eta marraztu
Irudi honetan konparaketa interesgarri bat ikus daiteke:
Esan bezala eskaintza oso zabala da, eta are zabalagoa lankidetzarako tresnak (adibidez Slack) edo webmintegietarako espezifikoak diren sistemak kontuan hartzen baditugu. Baina horiek beste baterako geratuko dira.
Beste gai interesgarria da eleaniztasunaren integrazioa tresna hauetan, interpreteen bitartez edo azpitutulatze eta itzulpen automatikoaren bitartez. Alde horietatik nahi baino aukera gutxiago eskaintzen dituzte tresna hauek guztiek, eta interprete dagoenean ohikoa da bideokonferentzia streamming bidez zabaltzea (aukera hori eskaini ohi dute aiptatutako softwareek) interpretearen ahotsa integratuta. Azpitituluen automatizaziorako oso interesgarria da @elhuyar eskutik Aditu tresnak etorkizunean ekar dezakeena.