2020. urtean konfinamendu garaian Estatu Espainiarreko eta hego Ameriketako emakume sorta bat gai honen inguruan bildu izan ginen, digitalizazioaren begirada feminista. Danok baietz esan genion gai hauen inguruan pentsatzera eta partekatzera gonbidatu gintuenari, emakume nagusi bezain jakintsu bati. Batu ginen emakumeok antzeko iritzia genuen eraldaketa digitalaren inguruan, onurak ekarri zitzakeen, historian zehar onurak ekarri dituzten hainbeste iraultza teknologiko bezala, baina, ahaztu barik, historian zehar iraultza teknologiko horiek ere bazterretan pertsona ugari utzi zituzten bezala, euren artean emakumeak, orain bizitzen genbiltzan eraldaketa digitalak potentzial hori bera zuela, baina, modu ezkutuagoan eta konplexuagoan egiteko bideekin.

Botere harremanen oreketan eragina izan dezakete iraultza teknologikoek, eta zentzu honetan digitalizazioa begirada feminista batetik aztertzeko beharra geneukala uste genuen, eta dugu. Iraultza berri honetan gainera, dinamika kapitalistak digitalizazioaren hasierako irudikapena deformatzen hasia zen jada, eremu analogikoan existitzen ziren eta bizitza mindu zezaketen jokabideak erreproduzitzeko jokabideak agerian utziz: bortizkeriaren erreprodukzioa, bazterkeria betikotu, pribatutasuna galtzearen mehatxua, lanaren feminizazioa prekarizazioarekin lotu, kutsadura areagotu, botere eta aberastasunaren kontzentrazioa esku gutxitan, natur baliabideen kontrola eta euren inguruan gatazkak,… bizitzaren zaintzatik aldendu arreta gero eta handiagoa eskatzen duen sistema bat asetzeko, indibidualizazioa, bakardadea, isolamendua,…

Bildu ginen emakumeak geure artean oso ezberdinak ginen, jatorrian, heziketan,… baina danok bat egiten genuen bizitzaren onurarako iraultza bakarra, iraultza feminista zela partekatzean. Beraz egungo bizitzako geruza zen digitalizazioa begirada feminista batetik zelan eragin pentsatu nahi genuen elkarrekin. Taldean ez ziren falta izan informatikariak, sistema informatikoetan adituak, telekomunikaziotan adituak, gailu eta elektronikan adituak… baina ez ziren falta ere giza eskubideen inguruan lan egiten zutenak, euren lana zaintzaren inguruan egiten zutenak, hezkuntzari loturikoak, … batzuk lanean eta akademikoki ezagunak, beste batzuk langabezian eta euren bizitzetan norabide zehatzik gabe, eta azkenik gure buruak definitu ezinean gabiltzan zenbait hortik bageunden baita.

 

Erronka ez da erraza, baina digitalizazioaren ikuspuntu feminista batek ekarriko lituzkeen onurak pentsatzean irudimena pizten zait!. Gainera software eta kultura librearen inguruan eman diren aurrerapausoak asko lagunduko dute egin beharreko lanean: digitalizazioa, berriro, bizitzaren onurarako izango den eraldaketa bat bezala garatu.