Bilboko saltoki gune ezagun batean egin nuen topo lehen aldiz Nintendo 64 kontsolarekin. Etxean NES bat genuen —honen klon bat, hobeto esanda: NaSa—; beraz, japoniarren frankizien zale handia nintzen dagoeneko. Ez dut inor harrituko Marioren jokoak nire gustukoenak zirela esaterakoan: Super Mario Bros. 3 bikaina izan zen nire lehen titulua, eta mundu honetan sartu ninduena. Bideo-jokoz betetako denda hartan 64 bits-eko kontsola berriak nire begirada erakartzea lortu zuen aitaren baten; gailu modernoak ez zidan horrenbeste axola une hartan. Konektatuta zeukan jokoak bai, ordea: horrenbeste entzundako Super Mario 64ra jokatzeko aukera eduki nuen lehenengoz egun horretan.

 

 

Ez nago ziur, baina uste dut ez nintzela margolanetara sartu —agian ez nekielako horretarako aukera zegoenik—. Lehen partida horretan gazteluko lorategia esploratzeari ekin nion, baita lehen pisutik bueltaka aritzeari ere. Super Mario 64 hasi ere ez nuela egin esan daiteke hortaz, baina a ze nolako gozamena. Zuhaitzetatik gora igotzea, igerian aritzea, salto hirukoitza lortzea… esperientzia esanguratsu eta berriztagarria izan zen niretzat. Zenbat ordu galdu nituen, bai egun hartan, bai ondoren gabonetan kontsola eta jokoa erosterakoan, helburu zehatzik gabe saltoka eta bueltaka. Mundu berri bat ireki zitzaigun askori hiru dimentsioekin, eta hortaz Mario kontrolatzea gozamen hutsa zen. Ez nuen gehiagorik behar jokoaz gozatzeko.

SUPER MARIO 64, EUSKARATU DUGU

Baina askoz gehiago biltzen zuen Super Mario 64k, noski. Hasierako gune horiek esploratzean argi geratzen zen zerbait gehiago zegoela: itxitako ate mordoa zeuden —misteriotsuenak, gazteluko lubanarroan urpean dagoena eta Izar erraldoiaren atea—. Gutxi batzuk ireki daitezke hasiera batean: nabarmenena margolan erraldoi bat zuena zen: bertan Bob-Omb pertsonaiak azaltzen dira… baina ez nekien zer egin aurrera egitea lortzeko. Nola ez, kasu horietan edozer probatzeari ekiten diozu, eta azkenik argitu nuen lehen misterio hura: margolanen barruan beste mundu batzuk zeuden.

Behin margolenatara jauzi eginez sartzea posible zela jakitean, mundu berri horren eremuak biderkatu egin ziren: gaur egun jokoaren mailak tamaina txikikoak direla pentsa badezakegu ere, 1996an mugarik gabeko gune erraldoiak ziren. Bob-Omb Gudu Zelaia, Whomp Gotorlekua, Irla Txiki-Handia, Ostadar Bidea… hamabost maila nagusi zeuden guztira. Gutxi dirudite orain, ezta?

 

Izarrak eta sekretuak

Gazteluko Botere Izarrak berreskuratzea izango da oraingoan Marioren eginkizuna. 120 daude guztira: nagusiak, margolanetako atal desberdinetan sakabanatuta. Beste gutxi batzuk gazteluko sekretuak izango dira. Hauek bilduta gazteluko ateak irekitzen joango zaizkigu, gero eta mundu gehiagotara iristea ahalbidetuta. Jarraipen lineala eduki beharrean, irekitako munduen barruan nahi dugun erara jokatzeko aukera eskaintzen digu jokoak: maila hasieran bilatu beharreko izarraren izena azalduko zaigu, baina beste batzuk aurki ditzakegu baita. Hortaz, plano bidimentsionalak atzean uzterakoan askatasuna hainbat arlotan indartu zutela esan daiteke.

Marioren ohiko power-up edo abileziak galdu ziren 64 bits-etarako bidean: obra honetan ez genituen ikusi suzko lorea, tanooki jantzia edo garaiezina egiten zintuen izarra. Horien ordez, hiru txapel prestatu zituzten Nintendokoek. Metalezko txapelak izarraren funtzioak betetzen zituen: hau jantzita arerio guztiak suntsitzeari ekin ahal genion, baina aldi berean urazpian ibiltzeko aukera eskaintzen zuen. Desagerpen txapelak, berriz, etsaiak zein horma zehatz batzuk zeharkatzeko abilezia ematen zion Mariori.

Erabilpen oso mugatua zeukaten arren, hauek aurkitzea sekulako deskubrimendua zen. Sekretuak aurkitzeko ezinbestekoak ziren, eta dagoeneko erraldoiak egiten ziren mundu horiek are gehiago handitzen zituzten. Dena den, hirugarren eta azken txapela zen, zalantzarik gabe, jokoaren izar nagusia: Hego txapela. Gune edo mundu irekiko joko askotan mekanika bereziena izaten jarraitzen du gaur egun, baina Super Mario 64 hau egiten zuen lehena izanik askorentzat, benetan sentipen miragarria izatea lortzen zuen.

Txapelak ez ziren mundu guztietan aurkitzen, baina Hego txapela hegan zeharkatzeko aproposenetan dago; izan ere, zerutik ibili baino, planeatzen zabiltzala esatea egokiagoa da agian: altuera irabazteko amiltzea derrigorrezkoa da, ondoren gora ziztu bizian gora egiteko. Gainera, txapelak 60 segundoko iraupena du soilik, beraz ezingo gara nahieran hegan ibili. Dena den, muga horiek hegan aritzeari xarma berezia ematen diote.

Nire lehenengo partidan txapelak desblokeatzeko hilabeteak behar izan nituela gogoratzen dut. Agian ez zen horrela izan, baina jokoak aurkezteko zeukan guztia dagoeneko ezagutzen nuela pentsatuta, ahalmen berriak lortzen jarraitzea sekulakoa zen. Sekretu handi bezala ezkutatuta daude gainera; egungo jokalari batek erraz aurki ditzake agian, baina 1996an ez genuen espero zeruko argira begiratuz gero ezkutuko maila batean agertuko ginenik.

 

Erabateko iraultza

Argi dago bideo-jokoen mundua ezagutzen duen zale batek gaur egun Super Mario 64ra lehen aldiz jokatuz gero ez duela harritzeko moduko ezer berezirik aurkituko; alabaina, argitaratu zenean —hainbat urte pasa ondoren baita— ez zegoen hurbiltzen zitzaion beste gauzarik, industria goitik behera aldatu zuen lana da Nintendorena.

Zirrara hori galdu badu ere, 26 urteren ondoren obra dibertigarri eta bikaina izaten jarraitzen du Marioren 64 bits-eko abenturak. Egia da izar askoren helburuak errepikakorrak direla, etsai nagusien arteko borroka gehienak sinpleak eta kolpe bakarrean amaitzekoak, inolako zailtasunik eskaini gabe. Baina askotan garrantzia gehiegi ematen diegu halako kontuei, jokoaren funtsa beste nonbait dagoenean.

Esploratzea da, izan ere, Super Mario 64ren ardatza: margolanetako mundu koloretsuak esploratzen jarraitzea, plataformetatik saltoka aritzea eta adiskide nahiz etsai dibertigarriak ezagutzea entretenigarria da. Ez dago besterik: hori da joko batek bete behar duen eginkizun nagusia, eta alde horretatik maisulan hutsa da Super Mario 64.

Izan ere, horretan gogor eta sakon lan egin zuten Shigeru Miyamoto garatzaileak gidatutako taldeak jokoa sortzerako orduan. Mugitzea soilik dibertigarria egitea zen haien helburua; zalantzarik gabe lortu zuten. Akats ezagunen bat edo beste alboratuta —ertzetan trabatuta geratzea, adibidez—, kontrolak zehatzak, anitzak eta menperatzeko errazak dira. Tutorialek ez dute askorik laguntzen: karteletan aurkituko ditugu kontrolen azalpenak, modu sinplean, eta egia esan, nahiko traketsean idatzita. Nintendoko garatzaileek 3D-n konplexutasun maila azaltzeko bideen bila aritu ziren, baina aldi berean ez zuten nahi jostagarritasuna etetea.

Esan bezala, jokoak praktikatzeko denbora eskaintzen digu, ordea: lehenengo mailetan ez dugu amildegitik behera erortzeko beldurrik izango, eta beraz ez gara arduratzen ibiliko kontrolak menderatu bitartean. Egia da askotan munduen diseinua eta egitura benetan sinplea dela, gogaikarria batzuetan: hainbatetan zeruan flotatzen dauden irlak izango dira, eremu garrantzitsuena erdialdean edo tokirik garaienean egonda. Garaiko ekoizpena da, bai, baina orduan ere nabari zen Nintendoren sinesbidea: jokalaria gogaitu beharrean, ondo pasatzea da helburu nagusia.

Laburbilduz, gaur egun jokatuz gero gozatzekoa den obra da Super Mario 64. Hiru dimentsiotako plataforma joko modernoagoekin alderatuta sinplea da, noski baietz; alabaina, bere oinarriek orain 26 urte bezain ongi funtzionatzen jarraitzen dute. Jokalari berriei ez die berdin eragingo, argi dago, baina xarma, magia eta liluratzeko gaitasun hori mantentzen ditu. Hiru dimentsioetara jauzi egiteko obra aproposena izan zen, inolako dudarik gabe.