Mundua borobila da, baina birtuala ere badela esan daiteke. Errusiak Ukraina inbaditzea erabaki duenean gerraren ondorio geopolitiko eta ekonomikoak ezagutu ditugu. Baina, ezarri diren zigorren artean, neurri batzuk maila teknologikoan hartu dira, eta horiek DNS sisteman izan dute isla.

Internet gaur egun gerra zelai bat gehiago da munduko edozein gatazkatan. Ezagunak dira Trumpen garaian zibereraso eta fake newsek izan zuten garrantzia, eta Ukrainako inbasioa abiatu bezain laster zibersegurtasuna izan da gobernu eta erakundeen kezka nagusietako bat.

Ukrainako gerrak zuzeneko eragina izan du Interneteko Domeinu Sisteman ere, eta gobernu zein enpresek Errusiaren aurka neurriak hartzeko edo Ukraina laguntzeko ari dira erabiltzen DNS sistema. Errusia ere, noski, ari da bere neurriak hartzen egoera berriari aurre egiteko.

Aste honetan ICANN73 foruma ari da ospatzen, eta, bertan izandako eztabaiden artean Ukrainako inbasioa oso presente egon da. Ukrainako gobernuaren izenean GACeko ordezkari batek hitzaldi bizia egin du ICANNi, komunitateari eta domeinu-izenen industriari neurriak hartzeko deia eginez, besteak beste .RU domeinua DNStik deskonektatzea eskatuz. Egia da, ohi duen moduan ICANN epel ari dela jokatzen gai honetan ere, baina orohar DNS komunitatean ari dira mugimenduak gertatzen. Hemen adibide batzuk:

  • Esan bezala, Ukrainako gobernuak GACeko ordezkari bidez eta ofizialki gutun bidez ICANNi eskatu dio Errusia DNS sistematik kanpo uzteko. ICANNek ez du neurri hori onartu, baina Ukrainari laguntzeko hainbat neurri hartu ditu: milioi bat dolar bideratu ditu gerraren ondorioz Ukrainan suntsitutako Interneteko sarbidea babesten laguntzeko. Oraindik ez dago argi nola gastatuko den dirua zehatz-mehatz, nahiz eta DNSa martxan mantentzearekin erlazionatutako zerbait izan daiteken. Horrez gain, Ukrainan iraungitako domeinuak ez ezabatzeko bideak zabaldu dizkie erregistratzaileei.
  • Erregistratzaile beraiek ere hartu dituzte neurriak, bereziki bezero errusiarrak dituztenen kasuan: hainbat erregistratzailek Errusiako .RU, .РФ eta .SU (Sobiet Batasun ohiari zegokion luzapena) domeinu-izenak saltzeari utziko diote. Horietako batzuk, errusiar bezeroak ere botako dituzte beraien sistemetatik. Esaterako, GoDaddyk (domeinu-erregistratzaileen merkatu-kuotaren liderrak) ez du jada .ru domeinu-izenik salduko, eta diru kopuru bat bideratuko du Ukrainaren laguntzarako. IONOSek Errusian dituen bezeroak kanporatuko ditu, eta NameCheap-ek antzera jokatuko du bere bezeroei bidalitako gutun batean aditzera eman duenez. Gandik ere Ukrainaren aldeko adierazpen ofiziala kaleratu du.
  • Europako estatuen domeinu erregistroak biltzen dituen CENTR erakundeak ere .RU ccTLDaren erregistroa elkartetik kanporatzea erabaki du, publikoki adierazi duenez.
  • Ukraniako .UA ccTLDaren erregistroak bere zerbitzua bermatzeko neurriak hartzeari ekin dio, eta, horretarako, zerbitzariak herrialdetik kanpo eraman ditu Errusiako inbasioaren ondorioz etenak saihesteko. Horrez gain, Cloudflare-ren DDoS babes zerbitzuan erabiltzen hasi dira bi zona handienek (.com.ua eta .kiev.ua) zerbitzuaren ukazio banatuko erasoetatik babesteko.

Honen guztiaren aurrean Errusia ere ari da bere mugimenduak egiten. Errusiako hackerren zibererasoak ezagun egin dira, baina hortik harago DNS sistemak Internetentzat duen garrantzia kontuan hartuta, eremu horretan ere neurriak hasi dira aurreikusten. Errusiako Kommersant egunkariaren arabera, Errusiako gobernuak “estatuko webgune eta zerbitzu guztiei agindua eman die martxoaren 11rako Errusiako domeinu-izen sistemara aldatzeko”. Neurriek Errusiako web guneak eta zerbitzuak babestuko lituzkete zerbitzua ukatzeko erasoetatik, eta badirudi adituak bat datozela neurri horrekin.

Oraindik ikusteko dago Ukrainako gerra nola amaituko den, bai lurrean eta baita Interneten ere. Bitartean, gure babes osoa Ukrainako herritarrei, kalean zein sarean