Mundu hobeago, justuago, askeago baten aldeko borrokak badu bere frontea teknologiaren munduan. Fronte garrantzitsua, zalantzarik gabe, teknologiak eta gailu digitalek gure eguneroko bizitzetan, ekonomian, politikan… duten presentzia ikusita; eta gero eta garrantzitsuagoa izango da, ziur. Informatikari asko (eta informatikariak ez diren hainbat pertsona ere) aritzen gara gaur egungo mundu teknologiko digital konektatuan euskara, teknologia-burujabetza, deszentralizazioa, software librea, pribatutasuna, estandar irekiak eta adierazpen askatasuna bezalako kontzeptuak bultzatzen.

Askatasun bila ordenagailuetan
Beharbada mugimendu horren adarrik ezagunena duela 15 bat urtetik gaur egun bitartean ordenagailuetan (mahaigaineko, eramangarri zein zerbitzarietan) Microsoft-en software jabedun eta itxiaren monopolioari aurre egiteko software librearen alde daramagun lana da. Ziurrenik noizbait entzun izan d(ig)uzu hitz egiten Windows sistema eragilearen ordez Linux, Microsoft Office ofimatika paketearen ordez LibreOffice eta Internet Explorer web nabigatzailearen ordez Firefox instalatu eta erabiltzearen komenigarritasunaz (eta, adibide ezagunenak diren horiez gain, software mota guztietarako dauden alternatiba askeez ere bai).

Arlo honi dagokionez, arrakasta erlatiboa izan dugula esan genezake. Interneteko zerbitzarietan gaur egun Linux eta software librearen nagusitasuna erabatekoa da. Erabilera pertsonal zein profesionaletarako ordenagailu arruntetan, aldiz, software libreak ez du halako arrakasta handirik izan, ez bada informatikarion artean edota beharbada LibreOffice eta Firefox moduko programa batzuetan. Gainera, azken urteetan inpresioa dut atzera egin dugula, ez Microsoft-en aurrean baizik eta Google-en aurrean: bere Chrome nabigatzailea, Chrome OS sistema eragilea, Chromebook gailuak eta Google Docs lainoko ofimatika asko hedatu dira alternatiba libreen kaltetan, lan munduan, erabilera pertsonalean eta, kezkagarriena dena, hezkuntzanBaina zabalkundea alde batera utzita, gutxienez nahi duenak eskura ditu alternatiba libreak bere ordenagailurako: Linux dakarten ordenagailu modelo batzuk (gutxi badira ere) egoten dira, bestela norberak instalatzea ez da zaila izaten, edo ordenagailu dendakoak edo lagun informatikari batek instala diezazuke; eta bestelako software librea oso erraz instalatu dezake norberak, Windows batean bada ere.

 

 

Askatasun bila telefono adimendunetan
Gaur egun, ordea, gehien saldu, existitu zein erabiltzen diren ordenagailuak smartphone-ak dira. Eta gailu hauetan gorago aipatutako printzipioak (teknologia-burujabetza, software librea, pribatutasuna…) betetzen dituzten sistema eragilea eta softwarea izatea odisea bat da, jarraian ikusiko dugun bezala.

Lehen smartphone-ak iPhone-ak izan ziren eta hauek, Apple-ren gauza guztiek bezala, esklusibotasun eta itxitasun gordinena ordezkatzen dute. Geroago etorri zen Google-ren Android sistema eragilea, izatez software libreko alternatiba bat zirudiena, eta azkar gailendu zen merkatuan. Baina segituan argi ikusi zen Google-ren Troiako Zaldia zela Android. Izan ere, Android bera software librea izan arren, Google-k kontrolatzen du bere garapena eta berari komeni zaizkion ezaugarriak garatzen ditu beti. Gainera, Android gailu guztietan bere beste software piloa sartzera behartzen du. Horrela lortu du, adibidez, Chrome bere nabigatzailea merkatuan nagusi izatea, horren bitartez HTML estandarra kontrolatzeko, webeko publizitatea are gehiago monopolizatzeko… Eta Android-ek eta Chrome-k Google-ren beste zerbitzuak (Gmail, Docs, Translate, Maps, Youtube…) erabiltzera derrigortu ez beste guztia egiten dute. Horien guztien bitartez, guri buruzko datu pila izugarria lortzen dute, etengabe publizitatea erakusteko, hirugarrenei saltzeko edo nahi dutena egiteko.

 

Nire odisea partikularra
Ordenagailuetan alternatiba askeak erabili eta sustatzen 15 urte baino gehiago daramatzat. Hala, mugikor adimendunak hasi zirenetik, hauetan ere software libreko alternatiba askeak bilatu ditut. Nire lehen smartphone-a Android bat izan zen. Orduan oraindik Android-ek nik bilatzen nituen ezaugarriak zituela irizten nion, software librea baitzen. Baina nire akatsaz ohartu nintzenetik, Google-rengandiko askatasuna eta Android-en alternatibak bilatzen aritu izan naiz, eta horien alternatibak besterik ez ditut erabili, baina zailtasunez betetako bidean.

2013an Firefox OS sistema eragilea zekarren telefonoa erosi nuen. Sistema eragile hau web libre baten aldeko Mozilla Fundazioaren apustua izan zen, erabat librea eta dena HTML estandarrean egina. Gauza berri guztiak bezala, hasieran arazotxo eta akats batzuk zituen, eta desabantaila nagusia zen app gutxi zituela. Whatsapp-ik ez zuen, esaterako (nahiz eta hau niretzat abantaila den). Eta, adibidez, ez zuen mendian ibilaldiak egiteko Wikiloc edo OruxMaps modukorik ere, niretzat garrantzitsua dena (kasu honetan nik neuk egin nuen horretarako HTML aplikazio bat). Bi telefono izan nituen horrelakoak. Firefox OS-ren arazo eta desabantaila horiek guztiak denborarekin konpontzen joango ziratekeen, baina zoritxarrez 2015ean Mozilla Fundazioak proiektua bertan behera utzi zuen, arrakastarik izaten ari ez zela iritzita… Nire ustez, gehiago itxoin behar zuen, baina tira… Kontua da berriz ere beste zerbaiten bila hasi behar nuela.

Orduan, 2016an edo, CyanogenMod sistema eragiledun mugikor bat erosi nuen. CyanogenMod, izatez, Android-en aldaera edo bertsio bat da (fork bat izendapen teknikoan), Android software librea dela baliatuz egiten dena, baina Google-k jartzen dion beste aurreinstalatutako software guztia kenduta. Normalean, norberak instalatu behar izaten dio CyanogenMod telefono bati, zailtasun batzuk eta telefonoa hausteko arriskua ere baduen prozesu baten bidez, baina BQ-k modelo batean aurreinstalatuta ekartzeko aukera eman zuen denbora mugatu batez eta hori baliatu nuen. Urte batez edo gustura egon nintzen telefono horrekin, baina orduan BQ-k CyanogenMod sistemaren eguneraketa automatikoak bidaltzeari utzi zion, eta gailua laster arazoak ematen hasi zen, aplikazio batzuk ez zebiltzan…

 

Beraz, 2017an edo izango zen, telefono horri berari nik neuk CyanogenMod eguneratua instalatzea pentsatu nuen. Ordurako CyanogenMod ez zen existitzen, baina bai haren oinordeko Lineage OS, finean gauza bera zena. Hori instalatu nion, baina telefono modelo horretan (edo behintzat nire gailuan) Lineage OS ez zebilen guztiz fin, eta geroztik estaldura arazo asko izan ditut, bestelako hainbat problematxo txikitxoz gain.

Eta orain odisearen azken kapitulua: duela oso gutxi /e/ sistema eragilea instalatuta duen telefono bat erosi dut. /e/ sistema eragilea /e/ Fundazioak bultzatzen du, Lineage OS-ren fork bat da, hura bezala Android-en oinarritutakoa baina Google-ren aplikaziorik gabe eta pribatutasunean arreta berezia jartzen duena (beraien leloa “Your data is YOUR data”). /e/ sistema eragilea zuk instalatu behar duzu telefono bateragarri batean edo beraiei postaz bidalita beraiek instalatzen dizute, baina tarteka /e/ Fundazioak ere kanpainak egiten ditu /e/ aurreinstalatuta dakarten bigarren eskuko telefonoak salduz, eta horietako bat baliatu dut nirea eskuratzeko. Gainera, posta helbidea eta lainoko biltegiratzea eskaintzen dute, egutegia, kontaktuak, dokumentuak, argazkiak eta abarrak gordetzeko eta Google-rengandik guztiz askatzeko (nire kasuan ez nuen hau behar, badaukat nire .EUS posta eta laino propioa). Eta bere app denda propioa dakar, ez da Google Play bezain konpletoa, baina 16.000 app ditu (ohikoenak badaude) eta gainera horietako bakoitzak pribatutasuna zenbatean mantentzen duen adierazten du dendak. Eta gehiago nahi izanez gero, Aurora Store denda instalatu dezakezu, Google Play-eko guztia duena baina Google konturik behar izanik gabe, edo F-Droid, app erabat libreen denda. Soluzio oso konpletoa, beraz, eta gustura nago berarekin. Bi arazo(txo) ditut soilik: bata, Google Play-ko in-app-purchase motako ordainpeko aplikazioak instalatzeko modurik ez dagoela, ezta Aurora Store-tik ere, eta horrelako app-en bat asko erabiltzen nuen; bestea, Bluetooth-a ez dabilela oso fin, baina hori ez dakit /e/ sistema eragilearen kontua den, telefono modeloarena, edo telefonoa bigarren eskukoa delako.

 

Gaur egungo aukera libreak telefonoetan
Nire bidaiaren kontakizunean ikusten denez, aukera asko edo errazik ez dago gure telefonoa software librekoa, Google-rengandik askea eta gure pribatutasuna errespetatuko duena izateko.

Gure telefonoari Lineage OS edo /e/ moduko sistema eragile bat guk geuk instalatzea da aukera ebidenteena, baina erraza ere ez da eta telefonoa hausteko arriskua dago. Gainera, sistema eragile horiek ez daude prestatuta telefono guztietarako, bateragarria den modelo bat izan behar dugu. Eta ongi instalatuta ere, ez da ziurra dena fin-fin ibiliko denik. Aplikazioei dagokienez ere, mugatuago zaude, ez baldin baduzu behintzat Google Play instalatu nahi (eta /e/-ren kasuan adibidez hori ezin da egin ere). Nik Lineage OS eta /e/ soilik ezagutzen ditut, baina badaude horrelako sistema eragile gehiago: Resurrection Remix OS, OmniROM, Paranoid Android, Havoc-OS, Replicant (Free Software Foundation-ena)… Hala ere, irudipena dut lehenak helduago daudela, ez dakit…

Guk geuk instalatzen ausartzen ez bagara, sarean bilatu eta adi egon beste aukerarik ez dugu, markaren batek edo dendaren batek goiko sistema eragile horietakoren bat aurreinstalatuta dakartzaten telefonoak saltzen ote dituen. Edo /e/ Fundazioari gure telefonoa bidali diezaiokegu /e/ instalatzeko, gailua bateragarria bada. Baina, esandakoa, agian dena ez da ibiliko eta aplikazio-denden asuntoa ere hor dago.

Bestela, KaiOS instalatuta dakarren telefono bat erostea da askea izateko azken aukera bat. KaiOS lehen aipatutako Firefox OS-ren eboluzioa da, hau da, ez da Android-en aldaera bat eta ezin zaizkio Android-entzat egindako app-ak instalatu, soilik HTML aplikazioak (baina orain aplikazio gehiago ditu, adibidez Whatsapp badago). Badirudi orain KaiOS instalatuta dakarten telefono modelo asko ari direla ateratzen, Asia eta Afrika bezalako merkatuetara bideratuta, eta hainbat milioi gailu saldu omen dira. Baina aspaldikoak bezalako telefono merkeak dira, (teklatudunak, edo irekitzen direnak, gogoratzen?, ez dakit horiek benetan smartphone kontsideratzen diren…).

Eta horiek dira nik ezagutzen ditudan aukerak telefono adimendunetan aske izateko. Urriak, ez errazak, aukera gutxiagorekin, arazo posibleekin… Duela hamabost bat urte ordenagailu batean Linux instalatu nahi zuenak aurkitu zezakeen panoramaren antzerakoa. Ea laster gaur egun ordenagailuetan Linux-en dagoen egoera aurkitzen dugun telefonoetan ere!

Eta hala ere, ez gara kexatuko, ze egoera askoz kaskarragoa baita automobil batean edo Smart TV batean sistema aske bat nahi badugu… Horietan, momentuz, nik dakidala, zero. Beharbada Linux-en edo Android-en oinarritutakoak izango dira eta, beraz, software librekoak, baina Android telefonoekin bezala, instalatuta dakarrena eta instalatu daitekeena ekoizleak kontrolatu eta mugatzen du, ezin zaie sistema eragilea aldatu, beraien edo beraien partaideen zerbitzuak erabiltzera bideratuta daude… Eta, jakina, ez daude euskaraz…

Aurreko bidalketa

#gladysgogoan Retroinformatika

Hurrengo bidalketa

Eduki marketina: beharrezkoa; eta plangintza bat sortzea, ezinbestekoa

Egilea

Igor Leturia

Igor Leturia

@ileturia
Ingeniaria informatikan eta elektronikan eta doktorea hizkuntza-teknologietan. Gaur egun Elhuyarren dihardut lanean, hizkuntza-teknologien sailean, ikertzaile, garatzaile eta hizketa-teknologien lerroaren arduradun gisa. UEUn eta beste erakunde batzuetan ikastaroak eta hitzaldiak eman ditut. Elhuyar aldizkarian Mundu Digitala atala egin dut azken 10 urteetan. e-gorblog blogean informatikari eta nire beste zaletasun handiari buruz (komikiak, alegia) idazten dut.

1 Comment

  1. Joseba
    iraila 11, 2019 at 1:44 pm — Erantzun

    Benetan interesgarria /e/ fundazioaren ekimena… Frantziatik dator? Nire 2012ko tabletak CyanogenMod erabiltzen du, eta lehen egunean legez, guztiz erabilgarria.

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude