#gladysgogoan Retroinformatika
Duela 40 urte Gladys del Estal informatikaria hil zuten Tuteran, energia nuklearraren eta Bardeako tiro-eremuaren aurkako jaialdi batean. Bere omenez aurten UPV/EHUko Informatika Fakultateak areto bati eman dio bere izena [1], eta bertan Xabier Laka artistaren lan grafiko bat jarri [2]. Horren harira, eta teknologia “berriak” hain berriak ez direnez, Retroinformatika ariketa bat planteatu diogu gure buruari: nola zen informatika gure inguruan 1979 horretan?
Gladys informatikan lizentziatu zen 1978 urtean. Garai hartan informatika “bata zuriko” lanbidea zen –2001 Odisea, gogoratzen?– eta, orain ez bezala, emakume/gizon proportzioa %50etik gertu zegoen. Ordenagailurik ez zeukan fakultate batean amaitu zituen ikasketak (egia esan eraikinik ere ez zeukan Fakultateak). Nola ikas zitekeen informatika ordenagailurik gabe? Ba modu teorikoan eta programak probatzen Hezkuntza Ministerioaren Madrilgo konputagailuan eta Donostian zeuden bi aurrezki-kutxetako beste batean. Madrilgoa Univac 1108 bat z
en [3] eta kutxakoa IBM 360 bat [4]. PCak sortu gabe ziren eta oso enpresa/erakunde handitan baino ez zeuden konputagailuak. Garai hartako “superkonputagailu” haien oinarrizko ezaugarriak hauek ziren: prozesagailuaren abiadura 0,0345 MIPS, eta memoriaren edukiera 64 KByte (gaur egungo PC batzuek milioi bat aldiz ahaltsuagoak dira) [5]. Programazio-lengoaiaren arabera bidaltzen ziren batera edo bestera. Ikasten ziren lengoaiak mihiztadura-lengoaia (assembler), Fortran, Cobol eta Algol ziren [6]. Univac hark ordurako Unix sistema erabiltzen zuen.
Memoria oso urria zenez, gaur egun pentsaezina ziren gauzak ikasten ziren. Adibidez, zenbakizko kalkuluetan begizta batean batuketak eta kenketak tartekatu behar zirenean, mihiztadura-lengoaiaz programatzean, kodea laburtzearren, batuketa baino ez zen zehazten, eta hurrengo agindua XOR bat izan behar zen, aurreko agindu-kodearen gainean aplikatuta, batuketa eta kenketaren artean makina-lengoaia bit baten aldea baino ez baitago. Programak bere kodea alda zezakeela Von Neumann-en ereduan zegoen [7], baina geroago ideia hori baztertu izan da fidagarritasunari eta segurtasunari begira.
Lan praktikoari begira, Internet eta ordenagailu-sareak asmatu gabe zeudenez, funtsezko hiru osagai zeuden ikasleen jarduerarentzat: kodeketa-orriak, txartel zulatuak eta pijama-papera (ikusi irudian hiruak, goitik behera eta ezkerretik eskuinera). Lehenengoan arreta handiz programaren iturburu-kodea, exekuzio-komandoak (job control) eta datuak idatzi behar ziren eskuz. Fakultatean zegoen txartel-zulagailu batean norberak edo idazkariak orrietako karaktereak tekleatu eta txartel zulatuak eskuratzen ziren.
Txartel horiek egiaztatu eta zuzendu behar ziren (txarteletako goiko lerroan inprimatuta agertzen ziren zuloei zegozkien karaktereak irakurriz eta orrietakoekin alderatuz) multzo bat osatu baino lehen. Multzoa finkatzeko goma bat behar zen txartel guztiak elkarrekin eta modu ordenatuan gera zitezen.
Ikasleen txartel multzoak eskuratuta, fakultateko bedelak aurrezki-kutxara edo RENFEra eramaten zituen, horretarako propio zeuden maletetako bat erabiliz. Zegokion ordenagailuan prozesatuta, handik aste pare batera edo, txartelekin batera inprimatutako emaitzak iristen ziren pijama-paperean. Lehenengoan konpilazio- zein exekuzio-errorerik ez egotea ia miraria zen, noski. Normalean erroreak zeuden, beraz, arazoak detektatu, txartel batzuk aldatu/sortu, eta berriro saiatu beharra zegoen. Baina 3-4 saio pasa eta gero ikasturtea bukatzen zen, beraz, doitasun handiz lan egin behar zen (kodeketan, zulagailuan eta egiaztapenean). Handik urte bira ezarri zen teleprozesu-sistema (banketxetan eta bidaia-agentzietan datu-transferentziak egiteko asmatua) ezarri zenean dena azkartu zen (zulatutako txartelak bertan irakurtzen ziren eta inprimagailua ere bertan zegoen). Eta hortik gutxira lehen mikroa (Apple II bat) iritsi zen. Hura poza!
Ikasle askok bezala, Gladysek ikasi bitartean lan egiten zuen informatika arloan, bizimodua irabazteaz gain ikasitakoa praktikatzeko asmoz. Inguruko enpresa ertainetan hasiak ziren minikonputagailu izeneko IBM S/3 eta S/32 sistemekin (lehen disketeekin eta RPG lengoaia berria eta bitxia erabiltzen zutenak) eta Nixdorf zein NCR lehen sistemekin. HP oraindik kalkulagailu programagarrietan zentratzen zen.
Luze joko luke garai hartako informatikaren gorabeherak kontatzea. Dena den ez dugu artikulu hau bukatu nahi antzeman ditugun bi hutsune aipatu gabe. Alde batetik, ez dago Euskal Herrian retroinformatikan zentratutako museorik. Beste herrialdetan halakoak badaude, eta urteak pasa ahala gero eta zailago izango da “burni” zahar horiek eskuratzea (baita garaia horietako softwaregintzan aritutakoen testigantzak ere). Bestetik, ez dago Gladysen izena duen saririk edo bekarik. Emakumeak STEM arlora ekartzeko hainbat egitasmo sortzen ari diren honetan, Gladys komunitate horretarako eredu bat delakoan gaude.
[2] https://twitter.com/txiomatika/status/1135552819065499648
[3] https://en.wikipedia.org/wiki/UNIVAC_1100/2200_series
[4] https://en.wikipedia.org/wiki/IBM_System/360