Denbora bat pasa da eta 10 urte kanpoan pasa ondoren, Euskal Herrira itzuli naiz. Gauza gehienak bere lekuan jarraitzen dute. Beti pentsatu izan dut aurreratuak izan garela teknologia alorrean… baina azken hilabetean gauza kurioso bat nabaritu dut. Argiketari, pintore, jatetxe, taberna eta denden bila ibili naiz eta … gehienak ez daude! Desagertu egin dira!
Alde guztietan begiratu dut, milaka bilaketa egin ditut, baina ezer ere ez. Apokalipsi bat jasan al dute? Non daude enpresa, autonomo, profesional, denda eta tabernak?
Nire mugikorrean ez.
Biztanleriaren %88ak smartphone bat poltsikoan duen momentu honetan, bertan ez azaltzeak bezero ezezagunentzat ez existitzeak esan nahi du.
Erabiltzeko tendentziak gainera gorantz doaz; mugikorra komunikatzeko tresna izatetik, informazioa jasotzeko tresna ere bihurtu baita. Beraz, kaleko erakusleihoak jantzi eta zaintzen ditugun bezala, gaur egun, erakusleiho birtualtxo bat izatea nahitaezkoa da.
Baina, nondik hasi? 3 pausu sinple hauek gomendatzen dizkizut:
- Aprobetxatu doaneko zerbitzuak: Google Maps-en informazio basiko anitz jarri dezakegu. Google.com/business-era sartu, zure negozioa hautatu eta igo zure komertzioko informazio, argazki, telefono eta ordutegia.
- Sare sozialetan perfilen bat badaukazu, jarri bertan ere negozioaren informazio, argazki, telefono eta ordutegia.
- Web-gune sinple bat sortu (.eus izan liteke!). Milaka soluzio merke eta eraginkorrak daude zure negoziorako webgune sinple bat eraikitzeko.
3 urrats hauekin zure negozioaren presentzia digitala nabarmenduko duzu. Webgune bat izateak, ‘extra’ bat izatetik, nahitaezko elementu batean bihurtu baita. Gainera, gaur egun, euro gutxi batzuen truke web-gune erakargarri bat argitaratzeko aukera amaigabeak daude.
Horrela, hurrengoan ‘Walking Dead’-en itxuran, mugikorrari begira dagoen jende ugari ikusi ezkero, lasai egon… agian zure bezero bihurtuko dira eta!