Azken aldian gero eta ugariagoak dira Linuxen oinarritutako sistema eragileetan bideo-jokoetan jolastu ahal izateko aukerak. Duela urte batzuk kontsola edota Windows sistemetarako esklusiboki garatzen zuten garatzaileak hasi dira konturatzen software librean oinarritzen diren Linux gailuak ere gero eta onartuago eta zabalduago daudela publiko orokorrean eta merkatu garrantzitsua izango dela ez oso urte askotan. Gainera aktore berriak gehitu ziren merkatura duela urte batzuk eta Steam moduko plataformek beren katalogoan Linux ere kontutan hartzen hasi ziren, prozesu hori azkartuz.
Baina ez da seinale bakarra. Bideo-jokoak gozatu ahal izateko horren beharrezkoa den GPU (prozesatzaile grafiko unitatearen) txartel garatzaileak diren hainbat ere, tartean AMD, hasiak dira beren produktuak Linux sistemekin bateragarri egiten. Eta beharrezko egokitzapenak eskura jarri dituzte, Ubuntu, Debian, Fedora… moduko ordenagailuetan bideo-jokoen mundua pixkanaka erraztuz. Orain arte, alderantzizko ingeniaritzan oinarritutako eta jende askok beren fede onenarekin garatutako driver libreekin funtzionatu izan dute Ubuntu moduko ordenagailuetan jokoek eta egia esan, errendimendu arazo asko izan ohi zituzten. Ez hori bakarrik, erosi berri zenuen azken belaunaldiko txartel grafiko horri zuku maximoa aterako ez zeniola jakitun izanik ere, hurrengo Ubuntu bertsioarekin bateragarria izango zenik ere ez zen ziurtatuta egoten. Desastre bat…
Baina gauzak zer diren… badirudi azkenean, ordenagailuetan Windowsen monopolioaren gainbeheraren hasieran gaudela; zantzu batzuk bederen ikusten ditugu. Software librearen komunitatetik ere, bideo-jokoen sektoreak Linux sistemak publiko orokorrera zabaltzeko izan dezakeen onuraren jakitun, hainbat garapenekin dihardu. Izan ere, oraindik ere zaila da askotan Linuxekin bateragarri izan daitezkeen jokoak zeintzuk diren jakitea eta katalogo osatu bat eskura izatea. Horregatik lan horiek erraztuko dizkigun pare bat programa aurkeztu nahi dizkizuet.
Aplikazio hauek mahaigainerako eta Ubuntu sistemetan probatu ditut. Biak ere, bideo-joko banatzaile eta bestelako iturburuetara konektatuz, ordenagailuan instalatu ahal dituzun jokoen katalogo bat osatuko dizute. Jokoak software librekoak, doakoak (free to play) edota komertzialak izan daitezkeelarik. Ubunturen sofware zentrotik instalatu daitezke oso modu errazean.
GameHub eta Lutris-i buruz ari natzaizue. Bideo-jokoen salmenta plataformak diren GoG (Good Old Games), Humble bumble, Steam… edota jokoen katalogo libreak lotuko dituzte zure ordenagailuko programa honetan. Bertan oso modu garbian eta txukunean kudeatu ahalko dituzularik instalaturiko jokoak, dena modu zentralizatuan eta oso erraz. Oraingoz ikusi dudanez, erosketak ezin dira aplikazio horietatik bertatik egin, baina behin erosi ostean, bertatik kudeatzeko aukera dago. Eta zein da ba abantaila? Bada zure bideo-jokoen katalogoa Steam moduko erosketa plataforma bakarrera mugatu beharrean, “bideo-joko hornitzaile” ezberdinekin osatu dezakezula Steam berari ere monopolioa gutxitzeko asmoz.
Noski, ez dira Linuxen instalatu daitezkeen jokoak bakarrik agertzen eta programa hauek Windowsen ere instalatu daitezke, baina tira, filtro ezberdinak erabiliz zerrenda erraz lor daiteke. Zerrenda horretan batzuk aipatzearren, Thunder War, Kerbal Space program, Counter Strike, ARK, Endless Sky, SuperTux Kart, Dota 2, League of Legends, Team Fortress2… Linuxerako jokoak dagoeneko badaude eta gero eta gehiago aurkituko dituzu.
Ez nuke ezta duela gutxi martxan jarri den mastodon.eus sare sozial berrian Linuxerako bideo-joko berrien inguruan diharduten hainbat konturen gomendioa aipatu gabe utzi nahi. Ezinbestekoak dira @linux@mastodon.social eta @gamingonlinux@mastodon.social hala nola gamingonlinux.com bere webgunea gertutik jarraitzea.
Linux eta bideo-jokoak elkartzen diren bidean bazaude, bertan elkar ikusiko dugu!