Lagun bati senitarteko bat hil zaio berriki. Senitartekoak, adinagatik, ez zuen bere asteburuaren kronika Instagramera igoko, lagunei kontatuko zien kafearen bueltan. Familiako argazkiak ez zituen Google Photosen gordeko, etxeko apaletan pilatutako albumetan baizik. Ez zuen Netflix harpidetzarik izango, La 1 ikusiko zuen bazkalostean. Erosteko ez zuen Pay Pal erabiliko, herriko dendetan erosiko zuen eskudirutan eta kriptomonetak zer zirenik ere ez zuen jakingo.
Kontua da lagun honi galera honek herentziaren – batez ere digitalaren – kezka piztu diola, kezka pertsonala ziurrenean.
Bada, zer gertatzen da gure profil eta eduki digitalekin hiltzen garenean?
Hasiera batean, ezer ez. Bizitza digitalak aurrera jarraitzen du, eta erabiltzailearen profilek eta kontuek -eta horietan gorde dituen datu, eduki, mezu eta txanponek- haien bidea egiten jarraituko dute. Postontzietara mezuak iritsiko dira, harpidetzek aktibo jarraituko dute eta argitalpenek online. Harik eta senitartekoek hildakoaren herentzia digitala antolatzearen ardura hartzen duten arte.
Legatu digitala
Egunero-egunero sortu edo areagotzen dugu ondare digitala; eta, ondare fisikoarekin gertatzen den bezala, uzten dugun legatuak balio ekonomikoa izango du zenbaitetan eta emozionala beste askotan. Hemen adibide batzuk:
- Fitxategiak: argazkiak, testuak, bideoak.
- Posta elektronikoa
- Sare sozialetako profilak
- Harpidetzak: Netflix, Spotify, Amazon…
- Pasahitzak: online kudeatzen diren zerbitzuetara sarbidea
- Kriptomonetak
- Saldoa: txartel birtualetan edo online jokoetan pilatutako saldoa.
- Hardwarea
- …
Pre mortem hartu beharreko neurriak
Hil aurretik hil ondorengoa aurreikusiz gero egoera desatseginak saihestu daitezke. Ez zaizue gertatu sare sozial batek hilda dagoen pertsona bat lagun gisa gomendatzea?
Dolua ez ezik, kudeaketa ere erraztu dezake herentzia digitala antolatzeak. Hasteko, pasahitzak. Zenbat pasahitz kudeatzen ditu gutako bakoitzak? Horiek guztiak pasahitz kudeatzaile batean bildu eta pasahitz nagusia testamentuan, notario aurrean edo kutxa gotor batean jaso eta arduradun bat izendatzea komeni da. Zerbitzu hau ematen duten enpresak ere badaude.
Horrez gain, zerbitzu eta profil bakoitzarekin zer egin zehaztu beharko genuke. Baita baliodun ondarea – izan argazkiak ala bitcoinak- nori uzten diogun adierazi ere.
Post mortem egin beharrekoak
Hil aurretik ezer antolatu ez bada hil ondoren egin beharreko gestioak zerbitzuaren araberakoak izango dira. Adibidez:
Facebook
Facebookek aukera eskaintzen du, aurrez, hiltzen garenean legatua jasoko duen pertsona izendatzeko. Baita kontua ezabatu eta oroimenezko kontu bat sortu nahi dugun zehazteko ere.
Horrelakorik egin ez bada heriotza-akta bidaltzea eskatuko digu Facebookek.
Twitter
Twitterrek erabiltzailearen NAN eta heriotza-akta eskatzen ditu kontua ezabatzeko. Prozesua, gainera, hilabetetan luzatu daiteke.
Google
Googlek kontuen erabilera neurtzen du. Demagun egunero erabiltzen dugula Android. Bat batean, mezu elektronikoak bidaltzeari, argazkiak sinkronizatzeari uzten badiogu… Google konturatuko da ez garela kontu horiek erabiltzen ari. Kasu horretan, eta aurrez senitarteko baten telefono zenbakia zehaztu badugu, aukeratutako pertsonak jasoko du kontu horietarako sarbidea.
Hildakoak ondorengorik hautatu ez badugu Googlek badu senitartekoen galera komunikatzeko bidea, baina zaila da sarbideak eskuratzea.
Domeinu-izenak
Domeinu-izenak eskualdatu edo transferitu daitezke. Horrela, oinordekoek herentzia onartu dutela erakutsita domeinu-izenaren transferentzia eskatzeko aukera izango dute.
Kriptomonetak
Bitcoin edo beste edozein kriptomoneta herentzian jasotzea ez da gauza erraza, pasahitza behar beharrezkoa delako. Aurrez zer dugun azaldu eta sarbidea emanda uzten ez badugu nekez lortuko dute ondorengoek zer dagoen jakitea eta ezer berreskuratzea. Horrela, Matthew Mellonen familiak 500 milioi $ galdu zituela uste da.
Amaiari eta haren amamari.