Ohikoa bilakatu da seme-alaben argazkiak sare sozialetara igotzea, gurasook etxeko txikiak erakusteko dugun behar patologikoari erantzunez. Profiletako argazkietan seme-alaben argazkiak jartzen ditugu, hondartzan igarotako egun ederra Facebook bidez erakutsi, edo familiako bideoak igotzen ditugu YouTubera. Baina, konsziente gara haurren argazkiak sare sozialetan ikusgai jartzeak dituen ondorioez?

Nire izena Googlen jarriz gero, sarean aurkituko nauzue: argazki, bideo eta artikulutan agertzen naiz, sare sozialetan aktibo nago eta profil publikoa dut hainbat gunetan. Sarean profil publikoa izatea nik hartutako erabakia da, horrek dituen alde onak eta txarrak neurtu ondoren hartutako erabaki garbia. Aldiz, nire semeen argazkirik ez dut inoiz sarean zabaldu.

Semeak jaio zirenean hartutako erabakia izan zen: sarean profil publiko bat izateak dituen ondorioak ezagututa, semeen argazkirik sarean ez zabaltzea erabaki nuen: beraiek jakingo dute etorkizunean zer nahi duten erakutsi eta zer ez, beraien bizitza ikusgai jarri nahi duten ala ez. Haur baten argazkiak sarera igotzeak ondorio asko izan ditzake, eta nire ustez, berari dagokio sarean agertu nahi duen ala ez erabakitzea, horretarako garaia iristen denean.

Zein dira ondorioak?

Gaur egun, haurrak etengabe erakusten dira Interneten sare sozialek gure gizartean duten oihartzunaren ondorioz, kontuan izan gabe argazki bat sarera igotzen den unetik horren kontrola erabat galtzen dela. Nominet-ek iaz egindako azterketa batek oso datu esanguratsuak eman zituen joera honen inguruan: Erresuma Batuko gurasoek, bataz beste, seme-alaben 300 argazki inguru zabaltzen dituzte urtero sare sozialetan. Ondorioz, haur batek 5 urte betetzen dituenerako sarean 1.500 argazki inguru izango ditu argitaratuta. Badakigu haur hauek nola sentituko diren helduak direnean? Argazki horiek sarean egotea gustuko izango dute? Bizitza baldintzatuko diete? Oraindik ez dugu galdera hauek erantzuteko modu garbirik, oraingo haurrak baitira publikoki sarean erakutsi den lehen generazioa.

Guraso.eus webgunean gai honen inguruko artikulu interesgarria argitaratu zuen Usoa Agirrek, eta bertan azaltzen zuen zein diren adin txikikoen argazkiak Interneten jartzearen arrisku nagusiak:

  • Protagonistaren identitatea bereganatzea: norberaren semea edo alaba dela esanez, adibidez.
  • Cyberbullying-erako erabiltzea: Internet bidezko jazarpena.
  • Morphing-erako erabiltzea: argazkiaren manipulazioa, adin txikikoaren aurpegia beste argazki baten gainean jarriz.

Hau jakinda, norberaren erabakia da haurren argazkiak sarean argitaratu ala ez, baina egin aurretik, ondorioak ezagutu eta gutxieneko neurriak hartzea komeni da. Infografia honetan eta artikulu honetan aurkituko dituzue haurren argazkiak sareratu aurretik kontuan izan beharreko hainbat neurri. Esan bezala, guk, etxean, semeen pribatutasuna erabat babesteko erabakia hartu genuen, baina badaude beste aukerak ere. Haurrak tarteko diren kasu guztietan bezala zentzuz jokatzea da gakoa.