Bateriak ezinbestekoak ditugu gaur egun: ordenagailuek, mugikorrek, aurikularrek eta bestelako askok erabiltzen dituzte. Azkenaldian, autoek ere bai: auto elektriko eta hibridoek gero eta leku gehiago hartzen dute gure errepideetan.
Noski, ez da gauza bera auto bat edo mugikor bat. Autoek, gutxi gora behera, 100 kg bateria daramate 10 kWh bakoitzeko. Horrek esan nahi du kaletik ikusten ditugun auto elektriko gehienek 500 eta 1000 kg bitarteko bateriak daramatzatela. Mugikor edo ordenagailu eramangarri batek baino askoz gehiago.
Kilo horiek guztiak elementu ezberdinek osatzen dituzte. Bateria gehienak litio-ion delakoak dira nahiz eta, izenak dioenaren kontra, material horiek ez diren nagusi: litioak, esaterako, %4 inguru bakarrik hartzen du.
Kontuak kontu, material horiek lortzea ez da beti erraza. Ezta merkea. Ezta… etikoa.
Kasurik esanguratsuenetakoa dugu kobaltoarena.
Munduko kobalto erreserbarik handienak Kongon omen daude. Ez da herrialde baketsua azkenaldian, eta arrazoietako bat bere meatzeek gordetzen duten elementu hau da. Gerraren Juantxoek leku asko bereganatu dituzte eta inguruko jendea lurra lantzera bultzatzen dute baldintza krudeletan. Horrela, ume askok egoera negargarrietan lan egin behar dute gure mugikorrek behar duten kobaltoa lortzeko. Soldata penagarrien truke, eskolara joateari uzten diote, okerrera egiten duen espiral bat sortuz.
Baina gauzak aldatzen hasi dira… modu askotan.
Azken urteotan, automobilen enpresa handiek kobaltoa beraien baterietatik kentzeko saiakera arrakastatsuak egin dituzte. Duela zenbait urte, bateriaren %10a kobaltoa zen; auto elektriko “zaharren” 50 kg umeek ateratakoak dira, gutxienez. Gaur egun %3a baino ez du hartzen, eta laster guztiz desagerraraziko dutela iragarri dute zenbait ekoizleek.
Kontuz! Ez dute egin umeen egoeraz kezkatuta, ez: gerratean dagoen herrialde batetik distribuzioa ziurtatzea zaila delako egiten dute. Eta prezioagatik: askoz merkeagoa zaie bestelako materialak erabiltzea.
Zergatik ez gara orain arte arazo honetaz arduratu? Akaso ez genuen arazoa ezagutzen? Ez, noski, aski ezaguna zitzaigun. Mugikorren fabrikatzaileei hainbat aldiz galdetu zaie ea beraien produktuen jatorria ba ote zekiten, argitara atera dezaten eskatuz, eta muzin egin diete eskariei. Ezta Nokia moduko konpainia ustez etikoagoek ere ez dute erantzun, erantzuna ondo ezagutu arren.
Ez hori bakarrik: ez gaude prest prezio eta lan-baldintza duinak dituzten produktuengatik ordaintzeko (Fairphone kasu). Begiak itxita bizitzeko gai gara, azken finean. Soilik irtenbidea aurkitu dugun momentuan arduratzen gara jada existitzen ez den arazo horretaz.
Baten batek esango du ume horiek soldata gabe geratuko direla, eta beraien egoerak okerrera egingo duela: baina eskolara joaten baldin badira, etorkizunean herrialdean lanbide hobeak sor daitezke, eta seguru denok irabazten dugula horrekin. Mundua leku hobe bilakatu nahi badugu, munduko bazter guztiak hobetu behar ditugu; eta guretzat baliagarriak diren lan-baldintzak (hots, umeek lanik ez egitea eta eskolara joateko eskubidea izatea) gainontzekoentzako ere nahi izan beharko genituzke.
Askotan esaten denaren kontra, gure mugikorrarekin asko egin dezakegu.