Gure gailu eta ekipoetan gordetzen dugun informazioaren segurtasuna da, dudarik gabe, gure kezka nagusietako bat. Gure eguneroko lanean ohituratzat hartu beharko genituzkeen bi aspektu nagusi aipatu nahi ditugu, askotan ez baititugu behar den moduan zaintzen: Gure artxiboen zifratzea eta segurtasun kopiak

Gaur backup izenez ezagutzen dugunari buruz hitz egingo dugu. Garrantzitsuak direla uste dugun datu batzuen segurtasun kopiak dira. Egitekoa erraza da, eta oso lagungarria izan daiteke. Beraz, serio hartu beharko genuke:

 

Honako hiru egoera hauetan, adibidez, backup fitxategiak lagungarriak izan daitezke:

  • Ransomware bidezko infekzioa.
  • Software akatsa edo hardwarea hondatzea.
  • Gailua galdu edota lapurtzea.

Egunerotuta dagoen segurtasun kopia bat badugu, informazio konprometitua berreskuratuko dugu eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraituko dugu. Garrantzitsua da segurtasun kopiak ondo eginda daudela egiaztatzea. Horrela, beharrezkoak izatekotan, ez dugu sorpresa desatseginik izango.

Segurtasun kopiez ari garenean, askotan entzuten dugu galdera hau: “Zein maiztasunekin egin behar dira segurtasun kopiak?”. Egoeraren arabera. Informazioaren garrantziaren eta horren zati bat galtzeak ekar dezakeen kaltearen arabera. Click To Tweet

Gomendagarriena da konponbide orekatu bat bilatzea gure artxiboak aldatzen diren maiztasunaren, gordetzeko daukagun espazioaren eta egiteko horri eskaini ahal diogun denboraren artean.

Kopia mota hautatzea ere funtsezkoa izan daiteke.

  • Segurtasun kopia osoa: Hautatutako datu multzoaren kopia osoa egingo dugu.
  • Gehikuntzaren segurtasun kopia: Kasu honetan, azken kopia egin genuenetik egindako azken aldaketak soilik gordeko ditugu.
  • Segurtasun kopia diferentziala: Azken backup osoa egin genuenetik izandako aldaketen kopia egingo dugu.

Behin argi edukita zein artxibo gordeko ditugun, zein kopia mota egingo dugun eta noiz egingo dugun, erabaki beharreko azken gauza da non gordeko dugun. Hainbat aukera daude, hona hemen nagusiak: 

  • USB gailua
  • Kanpo disko gogorra
  • NAS (Network attached storage)
  • Lainoa  

Gero eta argiago dago pertsona guztiok eduki beharko genukeela backup edo segurtasun kopia bat.