ICANNek TLD edo domeinu luzapen berriak sortzeko aukera zabalduko du aurki. Honi esker, duela ia hamar urte .EUS sortu genuen moduan luzapen berriak abian jartzeko aukera egongo da. Norbaitek .ZERBAIT sortu nahi badu, hemen aurkituko ditu gakoak.

Ez da lehen aldia gai honen inguruan Sarean.eus-en idazten dugula, lehen ere domeinu luzapen berriak zer ziren azaldu nuen nik beste artikulu batean, eta duela hilabete gutxi COREko lagunek ICANNen TLD deialdi berria aurkeztu zuten. Baina azken hilabeteotan ICANNen baitan izan dira berrikuntza eta mugimenduak, ondorioz, informazio berria azaltzen ahaleginduko naiz, gaiaren inguruan interesa duen edonor egunean jartzeko.

 

Aurkezpen azkar bat

Zertaz ari gara domeinu luzapenen deialdi berriaz hitz egitean? Azkar azaltzeko, gogoan izan behar da 1985ean .COM domeinuarekin batera beste 8 TLD edo domeinu luzapen sortu zirela: .NET, .ORG, eta beste gutxi batzuk. Ondoren, herrialdeei dagozkien TLDak sortzen joan ziren urtez urte (.ES, .FR eta horrelakoak), eta 2000. urteraino ez zuen ICANNek aukera zabaldu TLD berriak sortzeko. Une horretan, TLD berri gutxi batzuk sortu baziren ere, benetako iraultza 2011ko bigarren deialdian etorriko zen: aurretik azaldu genuen moduan, deialdi horretan 1.300 TLD berritik gora onartu ziren, horien artean .EUS domeinua. Deialdi horrek izan zituen berritasunen artean, marka pribatuek beraien luzapen propioa kudeatzeko aukera izatea izan zen, hau da, .ZARA edo .SEAT bezalako TLD pribatuak sortuz ehunka domeinu generikorekin batera. Esan bezala, hau lehenago azaldu dugu eta ICANNek ere bere webgunean kontatzen du. Goazen orain deialdi berria zer izango den ikustera.

 

Deialdi berriaren egoera

Azken deialdiaz gero, ICANNen inguruan elkartzen den Interneteko komunitateak askotan erreklamatu du luzapen berriak eskatzeko aukera berriz zabaltzeko. Hasiera batean, leiho berria 2022rako zabaltzea aurreikusita bazegoen ere, prozesua behin eta berriz atzeratzen joan dira, baina Cancunen izandako azken bileran ICANNek egoera azkartu eta erabakiak hartu zituen.

Honi esker, duela aste gutxi, ICANNen Administrazio Kontseiluak aurkeztu duen plangintzaren arabera 2025eko maiatzerako aurreikusten da Applicant Guidebook (AGB) moduan ezagutzen den gida-lerroa aurkeztea. Bertan zehaztuko dira programa berriari dagozkion epeak, kostuen estimazioak, sistemen betekizunak etab. eta eskaerak egiteko prozedura nolakoa izango den. Behin hori eginda eta komunitatearekin adostuta, hurrengo deialdia zabalduko dute, eta hori hiru urte barru izatea espero dut, 2026ko maiatzean izatea. 

Ikusteko dago oraingoan aurreikusitako epeak beteko dituzten. Edozein kasutan, zure erakundearen marka pribatua erabiliko duen luzapen propioa sortu nahi baduzu, edo hiri edo komunitate bati dagokion luzapena sortzeko asmoz bazabiltza, orain da unea. Hasi dokumentazioa prestatzen, ICANNek 2026an zabalduko duen deialdiaren ondoren beste 15 urte pasa daitezkeelako luzapen berriak sortzeko aukera berriz izateko. Hori bai, COREko lagunek aurreratu zituzten deialdi honek izango dituen betekizunak, eta ez dira makalak, beraz, ezer egin aurretik ondo aztertu hori ere.