Facebooken izendapen aldaketa den Metak Metabertso (Metaverse) erako produktu sorta bat bultzatu nahi omen du. Produktu sorta horrek SecondLife ekarri digu gogora askori, oraingo honetan kalean eta betaurreko bereziekin bizitzeko esperientzia moduan saltzen badute ere. Marta Peinaro kazetaria oso kritikoa da Metaren helburuekin, eta arrakasta izan ez dezan deia egiten du.
Ez dakit arrakasta izango duen, baina oinarrian dituen bi ideiek (SecondLife eta errealitate areagotuko betaurrekoak) porrot egin dute orain arte.
Has gaitezen SecondLife (SL) gogoratzen. WPan irakur daitekeenez SL 2003an Linden Research-en (egun Linden Lab) eskutik plazaraturiko Lurralde birtual bat da, 3Dtan sortua. Abatar baten bidez erabiltzaileak bigarren bizitza bat “antzez” dezake mundu birtualean egoiliarra bihurtuta, bideo-joko batetik harantz diseinatutako ingurune batean. Enpresek erabili zuten produktuak saltzeko, musikariek kontzertuak eman zituzten ezagutarazteko edo disko gehiago saltzeko, politikariek ere saiakerak egin zituzten pertsona “berri” horiengana iristeko. Borroka politiko gogorrak ere sortu ziren mundu horretan. Sal-erosketak egitea ere ohikoa zen mundu berriaren hainbat baliabide eskuratzeko (“Linden dollar” diru birtuala sortu zuten horretarako), horixe baitzen negozio-eredua. Euskal munduko hainbat pertsona ezagun eta enpresaren bat ere bizi izan ziren mundu birtual horretan.
Azkar hazi zen, baina 2007rako Wired aldizkariak ohartarazi zuen, zenbakiek beste zerbait esaten zuten arren (7 milioi egoiliar), SecondLifen ez zegoela inor, eta gainera ez zegoela gauza handirik egiteko bertan:
Ever since BusinessWeek ran a breathless cover story titled “My Virtual Life” more than a year ago, reporters have been heralding Second Life as the here-and-now incarnation of the fictional Metaverse that Neal Stephenson conjured up 15 years ago in Snow Crash. (Wired created a 12-page “Travel Guide” last fall.) Unfortunately, the reality doesn’t justify the excitement.
2009-2010erako porrotaren aztarnak euskaraz ere aurki daitezke. 2011rako aldapa behera zegoen, etorkizuna ilunduta, bere bidea egiten jarraitu duen arren (webgunea badabil oraindik, baina enpresei begira batez ere).
Bestalde, Google Glass betaurrekoen porrota berriagoa da. 2013 hasi ziren saltzen aplikazio ustez interesgarri eta marketing ahaltsuarekin, eta 2015 eten egin zen publiko orokorrari begirako salmenta. Euskal enpresak ere sartu ziren dispositibo berriaren inguruan dirua egin nahi hartan. Hortik aurrera zeregin profesionalei zuzenduta egon da betaurreko horien inguruko garapena. Bi kasu paralelo dira: hasiera indartsua, publizitatea, lankidetza batzuk, gailurra eta handik gutxira erorketa, erabilpen orokorretik erabilpen mugatura igaroz.
Teknologiak aurrera egin du azken urteotan eta gerta daiteke orain momentu egokiagoa izatea ideia horiek aurrera eramateko, agian goizegi saiatu ziren, baina nire apustua da publiko orokorrari begira berriro porrot egingo duela metabertso inguruko sukar horrek. Asmatzen ez badut ez zait axola, zeren IBMko TJ Watsonek, 1948an, esan baitzuen munduan bost bat konputagailuetarako baino ez zegoela merkaturik, eta Bill Gatesek 640 K nahikoak zirela edonorentzat. Azkenak ez zuen ikasi, nonbait, eta urte batzuk geroago adierazi zuen Internet ez zela interesgarria Microsoftentzat.