Ziberestortsioa Interneten bidez eta indarkeria- edo beldurrarazte-mehatxuen bidez, biktima berarentzako kaltegarriak izango diren ekintzak egitera behartzean oinarritzen den delitua da. Kasuek nabarmen egin dute gora azken urteotan: Ertzaintzaren datuen arabera, mehatxu-, hertsapen- eta jazarpen-delituak %33 areagotu dira urtarriletik ekainera bitartean. Guztira 262 kasu izan dira, joan den urteko denbora tarte berean erregistratutakoak baino 65 gehiago. Bestalde, ETEek 300.000 eraso inguru jasan dituzte aurten, aurreko urtean baino %70 gehiago.

 

Ziberestortsio jokabideak

Ziberestortsio jokaeren artean, ohikoenak hurrengoko hauek dira:

  • Ordenagailu pertsonalaren edo Smartphone baten urruneko blokeoa, erreskate baten truke.
  • Sare sozialetako kontuen bahiketak.
  • Biktimaren informazio sentikorra argitaratzeko mehatxuak.
  • Bankuko informazioa eskatzea, edozein motatako mehatxuen bidez.

 

Zer egin ziberestortsioa saihesteko

Ziberestortsio edo ransomware erasoen biktima ez izateko, erreparatu hurrengo gomendioei:

  • Egin datuen segurtasun-kopiak biltegi eramangarri batean edo gehiagotan, eta ondoren deskonektatu.
  • Ez exekutatu inoiz software ezezagunik eta ez ireki ezagutzen ez dituzunen mezu elektronikoetan erantsitako fitxategirik.
  • Erabili antibirusa eta instalatu zure sistema eragilearen eta softwarearen azken eguneratzeak.
  • Aldatu maiz pasahitzak.
  • Sare sozialak erabiltzean, kontuz pertsona ezezagunekin harremanetan jartzean, ez zabaldu edo bidali irudi pribaturik.
  • Saioa itxi webguneetan eta ekipoetan.

 

Zer egin ziberestortsio baten biktima izatekotan

Eraso bat jasan baduzu eta ziberestortsioaren biktima bihurtu bazara, garrantzitsua da pauso hauek jarraitzea:

  • Ez ordaindu: egin arren, inork ez dizu bermatzen zure sistema berreskuratzea edo zure informazioa ez argitaratzea.
  • Salatu gertakaria Ertzaintzan eta BCSCren CERT zentroan.
  • Beste norbaiten informazioa arriskuan dagoela uste baduzu, intzidentziaren berri eman Datuak Babesteko Euskal Bulegoan.
  • Ahal bada, saiatu kaltetutako datuak berreskuratzen.

 

Euskadin zibersegurtasuna bermatzeko, BCSCk edozein gertakariren aurrean nola jokatu behar den jakiteko aholkularitza eskaintzen du. Gainera, zibereraso baten berri eman behar baduzu, incidencias@bcsc.eus postontziaren bidez edo 900 104 891 doako telefono zenbakiaren bidez egin dezakezu.