Jatorrian, Interneta eta weba banatuak izateko sortu ziren, informazioa eta komunikaziorako tresnak sareko nodoen artean banatuta egoteko. Eta hala izan zen hasiera batean: webguneak, web zerbitzuak eta informazioa zerbitzari ugaritan banatuta zeuden, eta komunikazio-tresna nagusia, posta elektronikoa, posta-hornitzaile askoren artean banatutako zerbitzua zen. Baina poliki-poliki, sarea konpainia handi gutxi batzuek dominatuta egotera pasatu da eta sare zentralizatua bihurtu da. Zorionez, ikusiko dugun bezala, horri buelta ematen hasi gatzaizkio.

Poliki-poliki, sarea konpainia handi gutxi batzuek dominatuta egotera pasatu da eta sare zentralizatua bihurtu da Txioka nazazu!

Gaur egun weba oso zentralizatua dago

Elkarrekin komunikatzeko, lehengo posta elektronikoaren ordez, gaur egun jende gehienak Berehalako Mezularitza programak erabiltzen ditu (Whatsapp, Facebook Messenger, Telegram…) edo bestela Skype bezalako bideokonferentzia sistemak. Guztiek enpresa bat dute atzean, komunikazio guztiak enpresa horietan zentralizatuta daude, eta soilik zerbitzu beraren beste erabiltzaileekin komunikatzeko balio dute. Posta elektronikoan ere, gaur egun ia mundu guztien e-mailak (domeinu-izen propiodun posta korporatibo asko barne) Google eta beste enpresa gutxi batzuek kudeatzen dituzte. 

Sare sozialei dagokienez, izan Facebook, Twitter, Instagram zein beste edozein, elkarrekintza sozial horiek guztiak enpresa horien zerbitzarietan dute kokagunea, eta ez dute beste sare sozialetako erabiltzaileekin komunikatzeko balio. Bideozko edukia konpartitu edo kontsumitzeko ere, jende guztiak Google-ren Youtube zerbitzu ezaguna erabiltzen du.

Eta beste guztiarekin ere antzera gertatzen da: erosketak Amazon-en kontzentratzen dira, turismoa AirBnB eta TripAdvisor-en, ikus-entzunezko edukia Netflix-en, webguneak WordPress-en eta Amazon-en, dokumentuak eta argazkiak lainoan gordetzea Google-n…

Azken aldian, zorionez, zentralizazioari buelta emateko hainbat ekimen eta alternatiba sortzen ari dira.

Sare sozial deszentralizatuak

Sare sozialei dagokienez, ekimen ezagun eta arrakastatsuenetako bat ActivityPub da, W3Ck definitu eta gomendatutako estandarra, sare sozial deszentralizatu batentzako protokoloa definitzen duena. Protokolo horren gainean eraiki da Mastodon mikroblogintza zerbitzua, hau da, Twitter-en pareko zerbait baina deszentralizatua. Hornitzaile ezberdinak daude, bakoitza bere arau eta komunitateekin, eta edozeinetan izena emanda beste edozeinetako erabiltzaileak jarrai ditzakegu. Baina ez dago zentsuratzaile zentralik, hornitzaile gehienetan ez dago publizitaterik, nahi duenak ireki dezake zerbitzari berri bat nahi duen komunitatearen inguruan eta nahi duen helburuarekin, eta abar. Mastodon.social izango da agian mundu mailan zerbitzari ezagunena, eta euskaldunen artean Mastodon.eus. Hor aurkituko ditugu euskal mikroblogariak, baina munduko beste edonor ere jarraitu ahal izango dugu, jakina.

Mastodon.social izango da agian mundu mailan zerbitzari ezagunena, eta euskaldunen artean Mastodon.eus. Hor aurkituko ditugu euskal mikroblogariak, baina munduko beste edonor ere jarraitu ahal izango dugu, jakina. Txioka nazazu!

Gainera, ActivityPub jarduera mota oro publikatzeko eta partekatzeko pentsatuta dagoenez, beste zerbitzu batzuk ere eraiki dira. Adibidez, PixelFed irudiak partekatzeko (Instagram-en pareko zerbait), PeerTube bideoak partekatzeko (Youtube-ren moduko bat), Plume artikuluak partekatzeko (blog-en modukoak) eta abar. Artikulu hau idazterako orduan oraindik ez dago euskal komunitatean zerbitzu horien hornitzailerik, baina ziur etorriko dela hori ere.

Nextcloud, Matrix… eta gehiago

Beste deszentralizazio ekimen garrantzitsu eta ezagun bat Nextcloud da, fitxategiak ostatatu eta partekatzeko software libreko plataforma bat. Bertan gure fitxategiak, kontaktuak, egutegiak, zereginak, laster-markak, oharrak eta abarrak gorde eta elkarbanatu ditzakegu, eta kolaboratiboki editatu. Hau ere banatua da, eta gure gauzak onlineko hornitzaile batean edo gure zerbitzari batean egonik ere beste zerbitzarietako erabiltzaileekin partekatu daitezke. Hala, Google Calendar, Google Contacts, Google Drive, Google Docs, Dropbox, Delicious, Evernote, Google Tasks eta horien antzeko zerbitzu guztien alternatiba da, eta gainera banatua. Gero eta enpresa gehiagotan ikusten ari gara zerbitzu hau.

Posta elektronikoaz besteko komunikazio pribatuak (berehalako mezularitza, bideokonferentzia..) modu banatuan egiteko, Matrix protokoloa dago. Honekin Whatsapp-en egin daitezkeen moduko gauzak egin ditzakegu (pertsona batekin edo talde batekin denbora errealean komunikatu eta gauzak partekatu) eta Skype-rekin bezalako bideokonferentziak izan ere bai. Baina, jakina, modu banatuan, hau da, hornitzaile baten edo gure zerbitzari baten jarritako Matrix zerbitzari bateko kontu batekin beste edozeinetan daudenekin komunikatu gaitezke. Zerbitzu hau ere gero eta gehiago entzun eta erabiltzen ari da. Eta hauez gain, beste proiektu eta ekimen asko daude. Batzuk aipatuko ditut, gero norberak sakonduko du horietan interesik badu: Solid, Beaker, IPFS, IndieAuth…

Proiektu eta zerbitzu hauetako gehienak helduak, zabalduak eta aski probatuak daude jada. Zer behar dute, bada, zerbitzu zentralizatuen alternatiba erreal bihurtzeko? Erabiltzaile gehiago izatea, besterik ez. Izan ere, zertarako behar dugu sare sozial bat ia erabiltzailerik ez badu eta edukia oso jende gutxirekin partekatu badezakegu? Edo zer zentzu du komunikazio sistema bikain batek, inorekin komunikatzeko balio ez diguna ia inork erabiltzen ez duelako? Hala ere, apurka-apurka jendea batzen joaten bada, behin gutxieneko masa kritiko bat lortuta dena berez martxan jar daiteke eta erabilgarritasuna eta masibo bihurtzea etorriko dira. Zerbitzu hauek probatu eta erabiltzen hasten bagara, agian lortuko dugu weba hasieran izan zena eta inoiz izateari utzi behar ez ziona berriz izatea.