Burujabetza, zerbaiten gaineko erabaki ahalmena eta askatasuna izatea da. Guztiok bilatzen dugu hori, norberaren bizitzaren gaineko erabakiak hartzen ahalegintzen gara, aske sentitu nahi dugulako, gure nortasunari leial, seguru eta egonkor, ez ezeren edo inoren menpeko. Gure buruarekin koherentzian bizitzea garrantzitsua delako guztiontzat. 

Modu burujabean kudeatu ezin den teknologiak norberaren koherentzia mehatxatu dezake, komunitatearen ekarpenei ateak itxi, hizkuntza txikienei hegoak moztu eta ingurumena zaintzeko ahaleginak zapuztu. Aldiz, teknologia burujabeek aske egiten gaituzte, garena zaintzen dute. Aukera iraunkorragoen, gizatiarragoen eta arduratsuagoen erakusleiho dira. 

Zorionez ez gara etorkizunaz ari, orainaz ari gara. Horregatik aurtengo jardunaldietan, Google unibertsotik haratago, software librea eta burujabea herritarrei hurbiltzeko lan egiten duten kolektiboak eta proiektuak balioan jarri eta ezagutzera eman nahi ditu Euskarabilduaren 12. edizioak.

Horregatik, jardunaldiak gure egunerokoan baliagarri zaizkigun hainbat tresna ezagutzera emango ditu, norberaren beharretara parametrizagarriak izan daitezkeenak, datuen pribatutasuna plataforma handien aldean babesten dutenak eta euskaraz ere erabilgarri daudenak: Nextcloud, edozein erakunde edo enpresentzako bulego birtuala, Odoo ERP sistema eta marketin digitalerako Mailtrain softwarea, besteak beste.

Baliabide libreak hezkuntzan: Frantziako eredua

Alexis Kauffmannek, Frantziako Hezkuntza Ministerioko software eta hezkuntza-baliabide irekiko eta aniztasuneko proiektuen arduradunak sektore digitalean, software librean oinarritutako Hezkuntzako Ministerioaren estrategia digitalaren berri emango du. Estrategia horren oinarrian daude doakotasuna eta partekatzeko eta ekarpenak egiteko aukerak.

Common Voice: Euskarazko ahots teknologia lortzeko ekimen herritarra

Aurtengo Euskarabildua jardunaldietako hitzaldietako bat izango da Common Voice egitasmoari buruzkoa. Common Voice, Mozillaren ekimena da, ahotsaren ezagutzaren teknologia hobeak eta guztientzat irisgarriagoak egitea bilatzen duena.

 Ahotsaren ezagutzaren teknologia beharrezkoa da besteak beste, makinekin elkar eragiteko (mugikorrak edo bestelako gailuak edo makinak), baina egun erabilgarri dauden sistemak garestiak eta jabedunak dira. Common Voice ekimenak librea izango den ahots ezagutza teknologia lortu nahi du eta horretarako hizkuntza desberdinetan ekarpenak egingo dituzten milaka edo milioika ahots behar dira. Euskarazko teknologia librea lortzeko ahalegin horretan Librezale taldea hasi zen Mozillaren ekimena bultzatzen eta 2023an HPSk ekimenari lagundu nahi dio, sustapenean lagunduz, Gaitu Hizkuntza Teknologien estrategia orokorraren baitan. Hala, azarotik aurrera, Topagunearekin batera, Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan herritarren euskarazko grabaketak sustatzeko ekimenak jarriko dira martxan.

Euskarabildua jardunaldian Common Voice egitasmoari buruzko informazioa emango da eta azaroan eta abenduan Euskal Herrian egingo diren ahots grabaketa saioei buruzko xehetasunak ere ezagutzera emango dira.

Informazio praktikoa

Euskarabilduaren 12. edizioa Donostiako San Telmo Museoan izango da, urriaren 26an 09:00etatik 13:00etara.

Parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izen-ematea guztiz doakoa da; epea irekita dago jada eta www.euskarabildua.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Aurtengo aurkezpen bideoa hemen ikusi dezakezu.

Egitaraua

Xehetasun osoz, eskuragarri duzu egitaraua.