Jakin berri dut Ubuntu sistema eragileak 15 urte bete berri dituela, hobeto esanda, dagoeneko 15 urte dituela.
Garai hartan Informatika Fakultatean nengoen, eta, egia esan, bagenuen gauza berriak probatzeko grina; gure ordenagailuak hartu, “formateatu” eta sistema eragile berriak instalatzekoa. Han ezagutu nituen Suse, Mandrake, Debian, Ubuntu., guztiak Linux distribuzioak edo banaketak.
Gogoratzen dut gure ordenagailuetako Windowsa galtzeko izugarrizko beldurra izaten genuela, diskoari hainbat partizio egiten genizkiola ezer ez galtzeko eta datuak bi sistema eragileren arten partekatzeko. Instalazioa urduri egiten genuen, akats batek ordenagailuko datu guztiak galtzea ekar baizezakeen.
Baina bizitzak berak bezala, Linux banaketek ere aurrera egin dute eta horren adibide da Ubuntu: erabiltzaileengana gehiago hurbildu da, instalatzeko modua asko arindu eta sinpletu da, eta edonork ulertu eta erabiltzeko sistema eragilea da dagoeneko. Eta, gainera, euskaraz!
Unibertsitatean Linux erabiltzen genuen, etxeko ordenagailuetan ere dagoeneko instalatu genuen, etxekoek ere ikasi zuten hura erabiltzen… Hala ere, banuen sentsazio arraro bat: Fakultatean bueltaka gabiltzanon kontua ote zen sistema eragile berriak probatzea, eta ea handik kanpo, informatikari-taldeetatik kanpo, nonbait erabiltzen ote zen. Eta berehala konturatu nintzen lan-munduan ere oso erabiliak zirela Linux banaketak: mahaigaineko ordenagailuan nahiz eramangarrian instalatuta egoteak ohikoa zirudien, eta zerbitzariak, oro har, Linuxen oinarritutako sistema eragileekin funtzionatzen zuten. Beraz, lasaitua: freaky batzuen kapritxoa baino zerbait gehiago zen.
Ubuntu erabiltzaileengana gehiago hurbildu da, instalatzeko modua asko arindu eta sinpletu da, eta edonork ulertu eta erabiltzeko sistema eragilea da dagoeneko. Eta, gainera, euskaraz! Txioka nazazu!Egiari zor, azken urteetan sistema eragile libre hau gutxiago erabili dut, eta harekiko neukan atxikimendua ere, nolabait, galtzen joan naiz. Ubunturen urteurrenaren aitzakiarekin, eta sistema eragilearen eboluzioaz jakiteko asmoz, informazio gehiagoren bila jardun dut. Bazenekiten telefono eta telebista adimentsuetarako berariazko Ubuntu bertsioak atera zituztela? Zerbitzarietarako eta ordenagailu pertsonaletarako Ubuntu bertsioek arrakasta izan duten moduan, badirudi, telebistako eta gailu mugikorretako bertsioek ez dutela hori lortu, izan ere, Ubuntu TV, Ubuntu Phone eta Ubuntu Tablet proiektuek ez dute aurrera jarraitu. Garai berrietara egokitzeko asmoa izan badu Ubuntuk, baina badirudi erabiltzaileen erantzuna ez dela bertsio horiek martxan eta aktibo mantentzeko nahikoa izan.
Ubuntu libre eta doan eskaintzen den produktua izanik, arrakasta bidetik at gelditu da martxan jarri dituen hainbat proiektutan, eta horrek zer pentsatua ematen du. Gizartean ez da oso ezaguna Ubuntu, nire inguruan behintzat, eta ordenagailua erostearekin batera instalatuta datorren sistema eragilea ordenagailuari berari lotutako zerbait dela uste duenik ere bada. Horrek esan nahi du ez zaiola burutik pasako beste aukerarik dagoenik, dendan erositako ordenagailuak dagoeneko dena baitauka. Merkatuan topatzen ditugun telebistarako eta mugikorretarako soluzioak ere, normalean, aurrez instalatuta etortzen dira; zaila da, beraz, horien lekuan beste aukera batzuk daudela jakin eta horiek instalatzea.
Entzuna dut ikastetxeetan gaur egun Windows ez beste sistema eragileak erabiltzen dituztela, Ubuntu tarteko; Chome OS erabiltzea ere gero eta arruntagoa da. Ikusi beharko da ikasle horiek euren gailuak erosten dituztenean zer nolako hautua egiten duten. Unibertsitatera iritsi aurretik niretzat ere ordenagailuak gauza ezezaguna ziren, sistema eragile bat zekarten, eta aldaezina zirudien; gaur egun beste ikuspegi bat garatzen ari dela dirudi, eta horrekin batera Ubuntu moduko proiektuen etorkizuna xamurragoa izan daiteke.