Nazio Batuen erakundeak duen populazioaren bilakaera aztertzeko webgunean sartzen bagara [1], gaur jaiotzen den emakume europar batek, batezbesteko, 90 urte inguru biziko dela ikusiko dugu (1. irudia). Aurreikuspenen arabera, gorantz doan zenbakia da. Gero eta jende zahar gehiago izango dugu munduan (Europan batez ere). Webgune berberean, ugalkortasun tasa ere aztertu daiteke. Europan 2 ume baino gutxiago jaioko dira emakume bakoitzeko. Horrek esan nahi du berritze tasa ez dela beteko. Alegia, zahar asko eta horiek zaintzeko gazte gutxi egongo direla. Galdera nabarmena da: nork zainduko gaitu? nork lagunduko digu gure aje eta gaixotasunak artatzen? Hainbat adituen iritziz, erantzuna robot-etan dago. Eta batez ere, txatbot-etan.
Denok daukagu buruan robot baten itxura, gizaki forma duen makina baten irudia, Star Wars filmetik ateratako R2D2 bezalako bat, adibidez. Izan ere, Japonian eta Txinan, zahartzaro aroan dauden biztanle kopuru handia duten herrialdeetan, erabiltzen ari dira, jada, lagunarte eta elkarrizketak ahalbidetzeko, gimnasiako entrenatzaile gisa edota osasun mentalarekin lotutako gaixotasunak ekiditen edo artatzen saiatzeko [2].
Baina nork dauka horrelako robot bat etxean? Beno, agian ez gizaki-forma duen bat, baina gizarteak, ziur asko onartu egin ditu bere etxean kalterik egiten ez duten itxurako robot batzuk. Ahots-laguntzaileak (voice assistants) delakoak, Alexa, Google Home eta antzekoak, opari gisa jaso ditugu azken bolada honetan eta jada etxe batean aurkitzea ez da bitxikeri gisa ikusten. “Alexa, esadazu nola dagoen trafikoa nire lanera joateko”, “Hey Google! esnatuko al nauzu bihar goizeko 8retan?” Horrelako galderak erantzuteko gai dira ahots-bot hauek, baina tamalez momentuz ez dira euskaraz aritzeko gai. Azken arazo hori gainditzeko lanean dihardute bai unibertsitate mailan – EHUko IXA taldean, adibidez [3] – nola komunitate mailan (Mozilla Common Voice, Librezale [4]).
Ez dugu gailu berezirik behar horrelako ahots-botekin lan egiteko, gure mugikorrean bertan erabili ditzakegu, Google Assistant (Android) eta Apple Siri (iOS) ezagunenak izanik. Ahots gailu hauek medikuntzan ere probatu dira, adibidez egoera kritikoei aurre egiteko [5][6], momentuz nahiko emaitza kaxkarrekin: “Alexa, bihotzeko bat pairatzen ari naiz. Zer egin dezaket? Deitu larrialdietarako telefonora, mesedez!” Apple enpresako Sirik lortu ditu emaitza positiboenak aipatutako probetan, baina oraindik ere ez daude guztiz prestatuta horrelako egoeretarako.
Ahots-boten abantailez gain, gure telefono adimendunean darabilkigun botek sentsoreak baliatuz funtzionalitate extra eman ahal dizkigute; zenbat kilometro mugitu gara gaur? (GPSa erabiliz), zer nolako forma dauka kezkatzen gaituen koskorrak? (kamera erabiliz), nolakoa da edo zer soinu du gure alabak duen txakur-eztulak? (mikrofonoa). Mugikorretako bot-ek ere beste abantaila nagusia dute: ez dira soilik martxan jarriko gure ahotsa entzutean, badute beraien kabuz mezuak helarazteko gaitasuna. Adibidez gure botika hartzeko ordua gerturatzen denean, bot-ak mezu bat bidali ahal digu, ordua, botika eta dosia zein den gogorarazteko. Edo tentsioa neurtzeko momentua heldu dela esateko, prozesua azaltzen duen bideo bat erantsiz. Aukerak amaigabeak dira.
Giza forma duten robotak eta ahots-laguntzailetaz gain, badaude bolo-bolo erabiltzen diren beste bot batzuk: txatbotak. Azken hauek, app bezala edo berehalako mezularitzarako (IM, instant messaging) aplikazioetan integratzen direnak izan daitezke. Telegram, Facebook Messenger, Slack, Skype eta beste hainbeste aplikazio ezagun eta erabilienetan milaka txatbot aurki ditzakegu. IM aplikazioak erabiltzen dituzten erabiltzaile kopurua izugarria da. Facebook Messenger soilik hartuta, 1300 miloi baino erabiltzaile gehiago ditu, beste hainbeste Whatsapp-ek, Skype-k 300 miloi eta Telegram-ek 200 miloi [7].
Aplikazio hauetako elkarrizketak, orokorrean, testu-mezuen bidez izaten dira, beste pertsona batekin hitz egiten dugun bezala. Izan ere, erabiltzaileak txatbot batekin hitz egitean, ezin du jakin beste aldean pertsona bat edo software programa bat dagoen.
[Ohar-kutxa 1]: Turing testa. Ideia egokia al da jakin ez izatea elkarrizketaren beste aldean bot edo gizaki bat dagoen? Alan Turing matematikari – eta informatikaren aintzindari ohiak “The imitation game” filma oinarritzen den artikulu bat idatzi zuen, 1950an, “Computing Machinery and Intelligence” izenburuan. Bertan makina bat pentsatzeko gai den edo ez galdetu ordez, Turing-ek makina batek “Imitazioaren jokoa” (Imitation Game) irabazteko gai izan zitekeen galdetzea proposatzen zuen. Joko horretan hiru partaide daude, bakoitza gela batean, eta ezin dira elkar ikusi: txatbota, gizaki bat eta epaile lanak egiten duen beste gizaki bat. Epaileak, galderak eginez, asmatu egin behar du gela bakoitzaren atzean gizakia edo txatbota dagoen. Bi hauek, berriz, galderak erantzunez, konbentzitu egin behar dute epailea beraiek direla benetan gizakia. Txatbot-ak Turing testa gaindituko du epailea nahastea lortzen badu, alegia, epaileak txatbot-a gizakia dela esaten badu.
IM plikazioek, orokorrean interfaze grafiko oso antzekoa erabiltzen dute. WhatsApp aplikazioa erabiltzen dakienak, ziur asko, badaki baita ere Telegram edo Facebook Messenger erabiltzen, inolako laguntzarik gabe, hain parekoak baitira interfazeak. Are gehiago, gaur egun, orokorrean, adin guztietako erabiltzaileek badakite berehalako mezularitzarako aplikazio bat erabiltzen, gazteek eta adineko pertsonek ere, arazorik gabe. Txatbotak horrelako aplikazioetan erabiltzea, edo elkarrizketarako antzeko interfaze bat izateak, sekulako garrantzia dauka beraz, populazioaren artean onartua izateko. Are gehiago, IM batean erabiliz gero, erabiltzaileak ez du ezer instalatu behar: zuzenean txatbotaren izena agendan bilatu eta beste kontaktu arrunt bat izango bailitz, elkarrizketa has dezake. Kontrako norabidea ere erraza izango da: txatbotak gurekin hitz egin ahalko du, edozein unetan.
Abantaila honetaz baliatu eta medikuntza eta osasun arloetarako ehunaka txatbot garatu dituzte, batzuk oso ezagunak, denak oso baliagarriak. Azter ditzagun hauetako batzuk, sar gaitezen txatbot mediku baten kontsultan.
Gaixotasunen diagnostikoa egiteko txatbotak
Ajeak jota gaudenean, nork ez du Google bilatzailea erabili sintomak aztertzeko, diagnostiko azkar baten bila? Arazo bera duten ehunaka pertsona aurkituko ditugu online, baina akaso bakoitza bere diagnostiko ezberdinarekin, eta hor dago koxka. Internet-en, foro edo blog-etan dagoen informazioaz fidatzen bagara, edozein gaixotasun izan dezakegula ondorioztatu ahalko dugu. Ez dago inolako iragazkirik edo konfiantzazko informazioa antzemateko laguntzarik.
Diagnostiko fidagarriak egin ahal izateko, txosten medikuetan oinarritu behar gara, medikuek beraiek erabiltzen dituzten dokumentazioan eta liburuetan. Eta hori da, hain zuzen ere, Ada Health, Buoy Health, Youper, Your.MD, Babylon eta antzeko txatbotek egiten dutena.
AdaHealth txatbotak erabiltzaileak esandako sintomen deskribapena jaso, adin eta genero bereko beste gaixo batzuen sintomekin erkatu eta gaixoak gaixotasun jakin bat izateko probabilitatea emango digu. UK-n egonez gero, gaixoak aplikazioan bertan txat bat ireki eta giza-mediku batekin hitz egin ahalko du baita ere.
AdaHealth hainbat hizkuntzatan dago eskuragarri (gaztelania barne, euskaraz ez ordea) eta app bezala instalatu daiteke (ez dago IM batean integratuta, baina Alexa-n erabiltzeko probetan ari dira).
[Ohar-kutxa 2: WhatsApp, WhatsApp da erregea berehalako mezularitzarako aplikazioetan. Arazoa da WhatsApp-ek ez duela inolako APIrik eskaintzen txatbotak modu ofizialean programatzeko]
2017an egindako test batean (Your.MD, Babylon eta Ada Health diagnostikoak egiteko aplikazioen artean), Asma, herpes zoster, alkoholismoarekin lotutako gibeleko gaixotasuna eta gernu infekzioa, Adak lortu zuen eraginkortasun handiena diagnostikoetan.
Txatbot batek sekulako informazio-mediku pila gorde dezake bere baitan. Buoy-k, adibidez, medikuntzako aldizkariak arakatu eta 18000 artikuluekin entrenatu zuten. Hori gutxi balitz, 5 miloi gaixo txosten gehitu zizkioten datu-baseari, 1700 gaixotasun ezberdinen diagnostikoak egin ahal izateko.
Dena den, diagnostikoa egitea lan erreaktiboa da, alegia, gaixotasuna jada egi bilakatu denean egiten den prozesua da. Txatbotak proaktiboak izateko ere programatu dira, gaixoen osasuna sentsoreen bidez monitorizatu, datuak aztertu eta dagokion gomendioak eman ahal izateko. Gaixotasuna gertatu baino lehen berau aurreikusi eta saihesteko helburu dute bot hauek, erabiltzailearen portaera aldatzeko teknikak erabiliz: osasuna eta elikadura zaintzeko gomendioak bidaliz, erabiltzailea elkarrizketen edo bideoen bidez motibatuz, etab.
Txatbotak, elikadura eta metabolismoa
Obesitatea, XXI. mendeko izurritea izendatu da, osasun arazoen artean larrienetarikoa. Hainbat iturri medikuen arabera, obesitateak gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, zenbait minbizi mota eta depresioa izateko probabilitatea handitzen du.
Zorionez, askotan, obesitatea saihestu egin daiteke gaixoen portaera aldaketa bultzatuz, fokua elikaduran eta ariketa fisikoan jarriz. Coach edo entrenatzaile pertsonal baten lanak egiteko txatbotak probatu dira, emaitza onekin. Bot-ak mezu eta bideo motibatzaileak egunero bidaltzeaz gain, gaixoari bere dieta edota ariketa taula pertsonala gogoraziko dio. Gainera pisuaren bilakaera eraman eta grafikoki adierazi dezake, gaixoa helburuak betetzeko gomendioak emanez, uneoro. GPS eta sentsoreei esker bot-ak gaixoa ariketa fisikoa betetzen ari den egiaztatu dezake eta kasu larrien aurrean abisuak giza-mediku bati bidali.
Anonimotasuna eta estigma
Txatbotek eskaintzen duten anonimotasuna testuinguru terapeutikoan erabiltzeko abantaila garrantzitsua izan daiteke. Adibidez, sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak tratatzeko Shihbot izeneko Facebook Messenger-erako bota erabili da, HIESAri buruzko informazioa eskaintzeko. Shihbot-ek gaixotasunarekin lotutako 3000 galdera ezberdinentzako erantzunak ditu, besteak beste botiken arteko elkar-eraginari buruzkoak.
Arazo mentalak artatzeko txatbotak ere puri-purian daude. Ehunaka miloi pertsona daude osasun mentalarekin lotutako gaixotasunak pairatzen, eta hainbat arrazoiengatik tratamendurik gabe. Batzuetan mediku profesionalaren gabeziaz izan daiteke, beste batzuetan terapeutak izan arren, gaixoak ezin ditu bere zerbitzuak ordaindu eta beste batzuetan, estigmatizatuta dauden gaixotasunetan, publikoki ezer azaldu nahi ez duelako izan daiteke.
Osasun mentalarekin lotutako terapia emateko txatbot profesionalak programatu dira. Woebot da horien artean ezagunena. Depresioa eta antsietate zantzuak antzeman eta eguneroko elkarrizketen bidez gaixoaren osasun mentala hobetzen saiatuko da.
Egunero saiatuko da Woebot gaixoarekin hitz egiten, gaixoaren sintomak eta pentsamenduak entzuten, aztertzen, gogoeta positiboak bultzatzen, bideo pertsonalizatu eta motibatzaileak proposatzen, etab.
Woebot-en atzean mediku eta informatikari talde profesional bat dago, besteak beste Andrew Ng, adimen artifiziala eta machine learning eremuan munduko adituenetariko bat.
Etika
Argi dago, ez Woebot-ek ez beste edozein txatbotak ezin dutela gizaki mediku bat ordezkatu. Baina gaixoei tratamendua ematen laguntzeko, eta medikuen lan-karga arinduz, gero eta gehiago ikusiko ditugu.
Zalantzak ere badira. Zeinena izango da ardura txatbotaren gomendioak jarraituz eta gaixoak okerrera jotzen badu? Hori ekiditeko zenbait txatbotek badute, arazo larriak antzematean, gaixoa espezialista batera birbideratzeko aukera. Woebot-ek, adibidez, hitz gakoren bat antzematean (suizidioarekin lotutako bat, adibidez), krisi protokolo bat jarri dezake martxan, Estatu Batuetako larrialdietara deitzeko (911 zenbakira).
Afektibitatearekin ere aurrera pausuak ematen ari dira. Nahiz eta gaixo batek HIESA duela argi eta garbi ikusi, txatbotak ezin dio zuzenean hori esan testu-mezu gordin baten bidez. Enpatia adierazi beharko luke, baina gizaki batentzako hori egitea zaila bada, pentsa dezagun makina batentzako…
Adimen artifizialaren bilakaera eta hizkuntzaren prozesamendurako teknologiak gero eta ahaltsuagoak izanik, baliteke epe motzera gure medikurik preziatuena gure sakelakoan aurkitzea. Jakin beharra dago ea gu, gizakiok, horretarako prestatuta gauden.
Erreferentziak
[1] https://population.un.org/wpp/Maps/
[3] https://twitter.com/IxaTaldea/status/1136628312854409216
[4] https://librezale.eus/wiki/CommonVoice
[5] https://www.jmir.org/2018/9/e11510/
[6] http://europepmc.org/abstract/MED/26974260
[7] https://blog.hootsuite.com/11-people-join-social-every-second/