Egin dezagun irudimen ariketa bat. Itxi begiak (aber, metaforikoki; fisikoki itxiz gero ezingo duzu irakurtzen jarraitu!) eta irudikatu online egunkari bat. Teorian, edonork bidalitako albisteak filtrorik gabe argitaratzen ditu. Baina, jabea ultraeskuineko megalomanoa izaki, joera politiko horretako edukiei ematen die lehentasuna eta agerikotasuna.

Egunkari horrek esaten du irakurle bakoitzak berak aukeratu ditzakeela zein idazleren edukiak irakurtzen dituen eta zeinenak ez. Baina praktikan, algoritmoak erabiltzen ditu egunkariaren jabeari interesatzen zaizkion edukiak eta publizitatea lehenesteko erabiltzaile bakoitzak gogokotzat jo dituen gaien aurretik.

Amaitzeko, egunkari horrek duela gutxi arte dohainik egin duen hori guztia, orain harpidetza bidez kobratzen hasi nahi du, edo bestela irakurleak gaizki eta gutxi disimulatutako publizitateaz bonbardatu.

Laburbilduz: ultraeskuineko egunkari bat, ultraeskuinekoak ez diren kolaboratzaileen edukiak eta algoritmoak modu masiboan erabiltzen dituena bere idearioa sustatzeko, publizitatea eta albisteak gero eta lausoago bereizten dituena, eta gainera orain arte doakoa zuen harpidetza kobratzen hasi nahi duena.

Irakurriko zenuke egunkari hori? Egingo zenuke haren harpidetza? Animatuko zinateke bertan idaztera? Beste egunkari, irrati edo telebista txiki bat bazina, oparituko zenizkioke zure edukiak zeure publikoa bertan mantentzeko ultraeskuineko mezuak zeharka jasotzen?

Orain ireki begiak: duela hilabete gutxi batzuk Elon Muskek Twitter erosi duenetik, muturreko edukiak eta/edo engainagarriak zirenak moderatzen zituzten langileak kalera bidali ditu, ‘adierazpen askatasunaren izenean’. Jarraian, sare sozialean berriz onartu du, besteak beste, moderazio talde horrek blokeatu zuen Estatu Batuetako 2021eko estatu kolpe saiakera bultzatu zuen ultraeskuineko jendaila, Musk bera Twitterren aurreko zuzendaritzaren inguruko teoria konspiranoiko zoroenei gasolina botatzen zien bitartean. Bien bitartean, adierazpen askatasun berberaren izenean, Muskek aurre egin dioten edota haren inguruko informazio polemikoak argitaratu dituzten kazetariak ere bota ditu saretik, handik egun batzuetara berriz onartzeko ‘baldin eta damutzen baziren’.

Hori dena gutxi balitz, azken egun hauetan Twitterren barne funtzionamenduaren eta etorkizuneko planen inguruko zantzu argi samarrak ematen dabil Musk, benetan ileak tentetzeko modukoak. Bere lagun min Trump bezala, Elon Musk ahobero samarra da, eta egia esan, eskertzekoa ere bada bere jario eta ‘zintzotasuna’.

Twitterreko giro mikatza

Garai batetik hona, Twitter ezaguna da bertan gero eta jasangaitzagoa den giro bortitzagatik. Elkarrizketa eta iritzi truke erdi-ordenatuak ia erabat desagertu dira saretik, berehala pizten (eta amatatzen) diren etengabeko xextrei lekua uzteko. Txio batean eman zuen Muskek lehengoan horren azalpena: algoritmoaren programazioa. Erabiltzaile batek eduki bat desatsegintzat jotzen duenean, algoritmoa programatuta dago desatsegin duen horren antzeko eduki gehiago erakusteko: “oh, hau gorroto baduzu, beste hau ere gorroto izango duzu seguruenik!”. Horren atzean, noski, ‘engagement’ delakoa, engaiamendua: erabiltzaileok ahalik eta luzeen geratzea Twitterren beste erabiltzaile batzuekin interakzioak izaten, interakzio horiek irainak badira ere.

Twitter hedabideen kontra.

Hedabide gehienek Twitter erabiltzen dute, informazio iturri gisa baina baita edukiei zabalkundea emateko tresna gisa. Sarritan ahazten zaigu Twitter -eta beste sare sozial zentralizatu guztiak- hedabideak ere badirela. Sinistarazi nahi digute eztabaidagune edo foro irekiak direla, gutako bakoitzak nahi duena argitaratu eta bere jarraitzaileei automatikoki iritsiko zaizkien iragarki taula erraldoiak. Baina ez: behin eta berriz erakutsi dutenez, ildo editorial propioak dituzte, eta etengabe erabakitzen dute euren sareetan zer erakutsi eta zer ezkutatu. Galdetu EiTBko Faktoria saioko lagunei, edo Pantailak Euskarazekoei.

Are gehiago, Musk jaunari egunotan perla hau erori zaio, iradokiz Twitter hedabide gaiztoen kontraboterea dela. (Ideia hau, bide batez, erabat lerratua dago Estatu Batuetako ultraeskuineko konspirazionisten pentsamenduarekin): “Hedabideek zer dakizun kontrolatu nahi dute, eta horregatik herritarren kazetaritza esentziala da”.

Aukeratu nor jarraitzen duzun. Nik sudur puntan jartzen zaidana erakutsiko dizut.

Goiko bi errebelazio horiek gutxi ez, eta Muskek hirugarren bat ere egin digu, oraingo honetan etorkizuneko plan zehatzen inguruan. Gutxi barru, adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa erabiliz, Twitterrek mundu zabalean eta gurea ez den beste hizkuntzetan sortutako txio ‘zoragarriak’ gomendatuko dizkigu. Horri gehitzen badiogu azken egunotan egin dituzten aldaketak, algoritmoak aukeratutako denbora lerroa lehenesteko norberak aukeratutako erabiltzaileen lerro kronologikoaren aurretik, ba hortxe lehen esaten nizuena: hau beste edozein egunkari bezalakoa da, bere titularrak eta azaleko orria nola osatu etengabe erabakitzen dabilena, nahiz eta erabiltzaileoi sinistarazi bakoitzak berea egin dezakeela. Barkatu, beste edozein bezalakoa ez: ultraeskuineko beste edozein bezalakoa.

Nire patioa, nire arauak

Orain arte, bazegoen modu bat Twitterren jabeen araudiari izkin egiteko: zerbitzua erabiltzea Twitterrena berarena ez zen beste aplikazioren baten bitartez. Nahi zuten programatzaileek Twitterren APIra sartu eta edukia ekar zezaketen handik eurek sortutako aplikazioetan erakusteko. Muga batzuen barruan, baina aplikazio horiek Twitterrek berak egiten ez zituen hainbat gauza interesgarri egin zezaketen: publizitatea ezikusi, denbora-lerro tenporala benetan lehenetsi algoritmoak erabakitako txioen aurretik, erabiltzaileoi tresna aurreratuak eskaini zer ikusi nahi genuen iragazteko…

Bada, asteon bertan, Twitterrek API horren sarbidea itxi du abisurik gabe, eta gerora jakinarazi du ez duela berriro irekiko. Horrek hondamendia ekarri die software garatzaile txiki askori… eta erabiltzaile guztiok behartu Muskek ezartzen dituen arauak onartzera.

Goiko guztia zilegi da, noski, Muskek 44.000 milioi dolar gastatu ditu Twitter erosteko, eta orain bere jostailua da, eta ez beste inorena. Besterik da orain arte berarekin jolasten 16 urtez ibili garenoi batere gogorik geratzen ote zaigun bertan jarraitzeko, batez ere auzunean beste jostailu txiki polit pilo bat agertu direnean, modularrak eta geure erara moldatzeko modukoak…