Aurten ere izan gara Durangoko Azokan, eta urtero bezala, libururen bat edo beste erosi dugu. Nire seme zaharrenak (10 urte) eskolarako atlas bat behar duela aitzakiatzat, Elhuyarreko standean ikusitako eta bere gelakide guztiek duten hura hautatu genuen. Gelakide guztiek badute…
Atlasak azalaren atzealdean kodigo bat ekartzen duela argitu zigun saltzaileak. “Kodigo horrekin atlasa.elhuyar.eus webgunean erregistratuz gero, zenbait joko dituzu eskuragarri”.
Standean bertan zeukaten Tablet batean frogatzeko aukera eskaini zigun saltzaileak, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Niri bakarrik ez: nire semeak tableta hartu eta han ibili zen gora eta behera “jolasten”, bere ezagutzak konprobatzen eta berri batzuk lortzen. Bera ez ezik, ingurukoak ere antzera aritu ginen.
Joko horietako bat Euskal Herriko mendi, mendikate eta ibaien inguruan zen, kasualitatez nire semeak eskolan ikasi behar duen gaia. Harekin jolasean hasi eta laster asko ikasi zituen izenak eta kokapenak. Eta gainera ondo pasatzen ari zen. Gehiago nahi zuen: ikasi nahi zuen!! Hara, teknologia berriak lanean!
Egia aitortuko dut: zenbaitetan umeek ordenagailuak eta tabletak eta mugikorrak erabiltzearen alde edo kontra ote nagoen ez dakit. Norbaitek pentsa dezake informatikaria izanik kontraesana dela hau, baina niri nahiko normala iruditzen zait, teknologiak nire hezkuntzan izandako bidea oso bestelakoa izan baita.
10 urte nituenean ez geneukan ez Internetik ez ordenagailurik etxean. Nire kontsulta liburuak eskolakoak ziren, eta baita nire gurasoak ere. 15 urte nituela erosi zidaten entziklopedia bat, ustez munduko ezagutza guztiaren gordailu. 18rekin gurasoek ordenagailua erosi zuten (inprimagailu eta guzti!), 250.000 pezeta ordainduta: nire mugikorrak, egun, laurdena balio du eta 100 aldiz hobea da. Agian horregatik ordenagailua beste askorako ez nuen erabiltzen, edo agian Internetera konektatuta ez zegoelako (zertarako erabiliko zenukete ordenagailua zuek Internet gabe?). Ikastera eta lanak egitera liburutegira joaten nintzen, eta soilik karreraren amaiera aldera ezagutu nuen Internet.
Baina hori nire bizitza izan da, ez nire semeena. Zergatik orduan proiektatu haiengan nire beldurrak? Nire gurasoek ez zuten ordenagailurik erabili ikasteko eta hala ere onartu zuten nik bat behar nuela: akaso ni baino progresistagoak ziren?
Horren erantzuna ez dakidanez, nire buruari begiradatxo bat bota diot.
Eta aurkitu dudana egin beharreko galdera, agian, beste bat dela izan da: gai izango ginateke gu zerbait egiteko internet gabe gaur egun? Hotel bat aurkitu, mezu bat bidali, zineman dauden filmak kontsultatu… Guri ezinezkoa bazaigu, zentzuduna dirudi gure seme-alabek baliabide beretsuak erabiltzea.
Hala ere adin bakoitzean dagokiona erabili beharko lukete. Nork kudeatzen du hori? Eta nork sortzen ditu edukin horiek? Eta behin haiek sortuta, nola aldatuko da irakasleen rola?
Galdera horiek beste egun batean erantzungo ditut.