Matrix oso pelikula txarra da, oso. Zinez txarra, ikusi behar ez den horietakoa. Trueba zineman sartu, lau katu bertan, COVID EU ziurtagiria eskatu eta hara! NHS COVID Pass-aren QR kodea ezin irakurri bertako atezainak. Beno, pasatzen utziko zaitut. Neo eta Morpheus, eta Trinity heroia. Inor ez zineman, postpandemia, eta Euskal Herriko kaleak zinez hutsik, arima bat bera ere ez. Matrix eta estralurtar sentiaraztea bateraturik.
Twitter sutan, analisi, iritzi, datu, grafiko, eta zein baino zein adituagoa pandemiaren gaian. ETB zeharka ikusi, senideen etxean, eta monotema. Apur bat Euskal Herria burbuila baten moduko estalki estralurtar eta matrix moduko bat. Automatak eta estralurtarrak. Etorkizuna atzera eraikiz, laborategietan. Makinaria martxan darraiela dirudi, industria, eta I+G-a, etenik ez. Hori dirudi behintzat. Dena badoala dirudi. Badirudi etenik gabeko burbuila bat dela, baina urdin ala gorria?
Bitartean betiko komentarista berdinak, egunkarietan, betiko panfleto ideologizatuak, erreferentzia eta zitarik gabeak. Zertarako? Inor ez baita ohartuko. Itsuen aberrian, begibakarra errege. Txurreria ideologizantea, nire alde edo nire kontra. Verso libre, verso libre. Teknologiaren burujabetzaren inguruan batzuk, ziberseguritatearen inguruan besteak. Bi agenda, banatuak. Dena oso banatua, oso markatua, oso zehatza. Ez dadila inor galdu eta ez dadila ere inor gehiegi despistatu. Edo bestela at! Matrix-era.
Kontxara gerturatu, Zurriolako hondartzaraino paseo luze bat eman eta bozgorailuetatik Amelie, noria argiztatua eta palmondoak inguruan dituelarik. Bai, kontxako badia tropikala. Eta eguberriak omen dira. Dena oso trans. Dena oso postpandemikoa. Dena oso Matrix. Postureo-digitala. Tartean, ikertzaile eta dibulgatzaileak bolo-bolo Twitter-ren ordu estrak sartzen, influencer ranking-ean gora, marka guztiak hausteko prest. Tartean, gizabanakoak geroz eta geldoago dabiltzala dirud. Autobusak hutsik, eta farmaziak lepo. Zein pastilla hartu duzu? Urdina ala gorria?
Ingurune digitalean datuak xurgatzen ote dizkigute? Benetako gaitza txertoa eta gure eskubideen murrizketa omen da. Azkeneko bi mendeetan izan dugun murrizketarik latzena, edo hori entzun dut Twitter-ren. Groseko taberna guztiak itxita aurkitu baititut gaur arratsean. Dena oso trans.
Baina zuk txertoa hartu al duzu? Musukoa zergatik ez duzu jartzen? Etxeko denak ondo? Eta gaur zeru urdina egin omen du 24 orduz, jarraiki. Eta hiritar guztiak euren gailuei begira pasa dute egunaren %99a. Eta ospitaleak jendez gainezka, baina Omicron aldagaia pandemiaren azken buztankada omen da. Behin guztiak kutsatuta, zertarako txertoaz arduratu? Hori esan dute, nere timeline-eko hiru adituk. Orotara 3000 RT jaso dituzte, ez dago gaizki, ezta? Arrazoia izango dute agian bata-txuridun zientzialari orojakileak. Ez dakit. Dena oso trans.
Entzun dudanez, denoi COVID pasaportea microchip baten moduan jarriko omen digute besoaren lurrazalpean datozen Gabonetan. Foru Aldundiko zibersegurtasun zentruak egingo ei digu jarraipen sentsorizatua. Dena oso homo algoritmi. Tartean, soziologo, ekonomilari, politologo, abokatu, historialari, eta antropologoak hasi omen dira biologia, paleontologia, eta neurologian trebatzen, eta alderantziz.
Dena oso trans. Datorren urteko Gabon postpandemikoak Matrix-en ospatuko omen ditugu. Zuk pilula urdina ala gorria? Biak!
Artikulu hau aipatzeko:
Calzada, I. (2021), TRANS, Retrieved from https://www.sarean.eus/TRANS/. DOI: