Berlingo Nazioarteko Turismo Azoka ospatu berritan, turismo-markak sortzeko tokiko domeinuak nola erabiltzen diren aztertu du Dirk Krischenowkik, .BERLIN lehen-mailako domeinuaren sortzaile eta zuzendari exekutiboak. Egindako landa-lanean .EUS ere aurkitu du, baita argazkia atera ere. Hemen duzue artikulu osoa:

Txosten gordin bat, geoTLDek turismoan eta lurralde-marketinean (place marketing) duten erabilerari buruzkoa

Berlingo Nazioarteko Turismo Azoka (ITB Internationale Tourismus Börse) munduko bidaia-azokarik garrantzitsuena da, eta 51. urteurrena ospatu du aurten. Leku eta zerbitzu-hornitzaile turistiko nagusiak biltzen dira hara beren eskaintza egiteko. Bigarren aldiz izan naiz azokan, aztertzeko nola erabiltzen diren geoTLDak turismoan eta hiri, eskualde eta komunitate linguistiko eta kulturalen marketinean.

Erakusketa koloretsu horretan zenbait ordu eta, nire telefono mugikorraren arabera, 6.500 urrats egin ondoren, bisitaldiaren laburpena ohiko susmoek, zenbait sorpresa positibok eta hanka-sartze sinestezin eta begien bistako batzuek osatzen dute.

Existitzen diren eta existitzen ez diren domeinu-izenak

Txosten hau irakurtzen jarrai dezazun, ohar xelebre batzuekin hasiko naiz. Alemaniako iparralde muturrean dagoen Schleswig-Holstein estatu federala fan handia da Ozeano Atlantikoko uharterik urrunenetako batena: Santa Elena. Uharte horretan bizi izan zen Napoleon, erbesteratuta, 1815etik 1821ean hil zen arte, baina Schleswig-Holstein-ekoek ez dute horregatik maite hainbeste uharte hori. Arrazoia lurralde-kodearen goi-mailako domeinua (ccTLD) da, .sh, zeina, aldi berean, Schleswig-Holstein estatuaren laburdura baita (nahiz eta ez izan ofiziala, eta ez izan ISO kodea). Hala, Schleswig-Holstein estatuaren domeinu-izen gogokoena bihurtu da .sh, nahiz eta, berez, itxurazko geoTLD bat soilik izan.

.sh domeinu-izenaren erabilera publiko nagusietako bat Schleswig-Holstein estatuko garraio-konpainia publikoarena da: www.nah.sh domeinu-izena erakusten du konpainiaren tren eta autobus bakoitzean, eta domeinu hori existitzen da. Ordea, estatu federaleko turismo-agentziak ta.sh erabiltzen du, baina hortik ez da  www.ta.sh domeinura bideratzen. Domeinu-izen hori salgai dago! Oharkabean gertatutakoa ala nahita egindakoa?

Are bitxiagoa izan zen Herbehereen iparraldeko Frisia erregioaren standera egin nuen bisita. Frisiak .frl TLDa du; arrakasta handiko geoTLDa da, Frisiako komunitatean zeinen zabaldua dagoen kontuan hartuz gero. Iaz Frisian egon nintzenean, bost .frl domeinu-izen ikusi nituen Leeuwarden hirian 300 metro eskaseko distantzian. Standeko jendearekin hizketan hasi nintzen, eta esan zidaten ezagutzen zutela .frl, baina zoritxarrez ez zegoen .frl domeinu-izenik Frisiari buruzko publizitate-materialean. Horren ordez, Frisiako mapa txiki bat eman zidaten, aurrean www.friesland.en URLa agerian zuena. Buruz ez dakizkidanez ccTLD guztiak (berrehun baino gehiago dira), bi aldiz begiratu nuen IANA taula, baina han ez nuen aurkitu .en TLDrik! Nola lortzen ditu jende honek bezeroak bere zerbitzurako eta zer TLD zen hemen erabiltzekoa: .er, .nl edo beste bat?

Halaber, Herbehereetako standean esan zidaten Amsterdam ez dagoela ITB azokan, hiriak nahikoa bisitari dituelako dagoeneko. Ulertzekoa da. Ez da ageri, beraz, .amsterdam domeinu-izenik.

Alemaniako geoTLDak

Berlin denez ITB azokaren anfitrioia, Berlinen diharduten turismo-konpainia ugari egon ohi dira ITB azokan. Berlinen publizitatea egiteaz arduratzen den visitBerlin agentziak arrakasta lortu zuen iazko www.365-24.berlin marketin-kanpainarekin.

Horrekin batera, beste batzuek ere erabili zituzten .berlin domeinu-izenak azokan. Erabilera berri bakarra www.berlin-stars.berlin izan zen, zeina 16 turismo-ikuskizunen elkarlanaren ondorio baita.

Alemaniako estatu federal txikiena, Sarre, izan zen aktiboena bere geoTLD a erabiltzen, iaz   bezala. Izan ere, ikustea besterik ez zegoen zenbat .saarland domeinu-izen zeuden Sarreri buruzko publizitate-material ofizialean. Oporrei, bizikleta-txangoei , bidaia-taldeei, mapei eta edozein gai turistikori buruzko informazioa zekarren esku-paper bakoitzak .saarland domeinu-izena zeraman agerian, eta web-orri horretara bideratzen zuen. Hona hemen ikusitako domeinu-izenetako batzuk: www.mein.saarland, www.urlaub.saarland, www.staatstheater.saarland, www.card.saarland, www.urlaub.saarland, www.willkommen.saarland, www.reiseblog.saarland, www.genuss.saarland, www.radfahren.saarland eta www.wandern.saarland.

Hurrengo standa:  Ipar Renania-Westfalia (NRW, Nordrhein-Westfalen). Emaitza handiak espero ziren, NRW estatu federalak .nrw TLDra aldatu baitzituen bere zerbitzu publikoetako asko, eta hala, aitzindari bihurtu baitzen Alemanian gTLD berri baten erabilera ofizialean. Baina NRWren kanpaina turistikoaren domeinu-izena www.dein-nrw.de da (itzulpena: zure-nrw.de), eta hari dagokion www.dein.nrw helbidea garesti saltzen da (urtean 1.200 euro).

NRWn beste bi geoTLD erabiltzaile daude: bat Kolonia hirirako eta beste bat Ruhr eskualderako. Eta biek lan bikaina egin zuten ITB azokan.

Kolonia hiriak, (Köln, alemanez), zeinak .koeln eta .cologne izenak erabiltzen baititu, hiru domeinu-izen zituen publizitate-materialean: www.visit.koeln, www.museen.koeln, eta www.locations.koeln. .ruhr domeinu-izen bat ere ageri zen: www.radregion.ruhr (itzulpena: bizikleta-eskualdea.ruhr), Ruhr eskualdean egiteko bizikleta-txangoen berri ematen duen webgune bat.

Ruhr eskualdean bertan dagoen Essen hiriak, berriz, beste estrategia bat erabili zuen www.essengreen.capital helbidearekin.

Hurrengo geltokia: Bavaria. Kontuan hartuz 30.000 domeinu-izen baino gehiago daudela erregistratuta eta gobernuak .bayern TLDa erabiltzea sustatzen duela zerbitzu publikoen digitalizazioan, pentsatu nuen topatuko nituela .bayern domeinu-izen pare bat gutxienez.

Bat ere ez. Eskualdeko marka-agentziako neska batek esan zidan oraindik ere .by dutela TDL gogokoena Bavariaren publizitatea egiteko. Baina bada berri on bat: urte askoren ondoren lehenengo aldiz, Bavariak ez zuen www.bayern.by helbidea erakutsi iaz. Beraz, espero izatekoa da Bavariak azkenean bere TLD digitala erabiliko duela datorren urtetik aurrera. Aurkitu nuen .bayern domeinu-izen bakarra www.museum.bayern izan zen, bai eta existitzen ez den beste domeinu-izen bat ere Bavariako dialektoan: servus.dahoam (itzulpena: kaixo.etxean). Eta horrez gainera, liburuxka asko ikusi nituen www.bayerninfo.de helbidea erabiltzen zutenak.

Azkena, baina ez garrantzi gutxiagokoa, .hamburg: Hanburgo mundu osoan ezaguna den portu-hiri bat denez, itsas gurutzaldiak eta bidaiak eskaintzen zituzten operadoreak zeuden batik bat standean, zeinak .com domeinu-izena erabiltzen baitzuten.

www.hafengeburtstag.hamburg helbideak bakarrik eman zidan atentzioa.

Europako beste geoTLD batzuk

Alemaniako standen ondoren, geoTLD berezko bat duten Europako gainerako turismo-leku ia guztien standak bisitatu nituen azokan. Iaz bezala, Bruselaren stand osoak eta hari buruzko publizitate-material guztiak .brussels domeinu-izenak zituzten agerian; esaterako, www.be.brussels eta www.visit.brussels. Marketineko arduradunak esan zidan, hala ere, .brussels domeinu-izenek, onak izan arren, nahastu egiten dutela jendea oraindik ere.

.paris, .london, eta .wien domeinu-izenak bilatu nituen gero, baina ez nuen ezer aurkitu. Lehengo urtean bezala, aurten ere ez nuen aurkitu halako domeinu-izen bakar bat ere; standeko arduradunek eta langileek ez zekiten zer ari nintzen galdetzen, eta ccTLDak eta .info eta .com domeinu-izenak bakarrik ikusi nituen han.

Oso sorpresa positiboa izan zen, baina, Espainiako Euskal Herriko standean www.tourismus.euskadi.eus URLa ikustea, ondo nabarmendua.

Standeko langileak pozarren zeuden .eus domeinu berriarekin, eta Bilboko mapa bat eskuratu nuen, non geoTLDei buruzko bilera bat egingo baita aurten bertan.

Galiziak ere bazuen ordezkaririk ITB azokan, baina ez nuen ikusi .gal domeinurik, ezta horri buruzko informaziorik zuen inor ere.

Askoz hobea zen Kataluniako standa, ugari baitziren han eta hemen ikusgai zeuden .cat domeinu-izenak. Besteak beste, hauek: www.visitmataro.cat, www.visitcalles.cat, www.ajrubi.cat, www.visitterrassa.cat eta www.turismesantcugat.cat.

Aldiz, Bartzelonaren publizitateaz arduratzen den erakundeak ez du .barcelona domeinu-izena erabiltzen. www.visitbarcelona.com erabiltzen dute oraindik ere.

Munduko beste geoTLDs batzuk

Uste nuen aspalditik sortuak dauden geoTLD ugari ikusiko nituela, hala nola .nyc, .miami, .vegas, .moscow, .istanbul, .taipei, .sydney, .melbourne, .capetown, .durban, .joburg, .tokyo, .kyoto, .osaka, eta abar.

Baina usteak erdia ustel; .paris eta .london domeinuekin gertatutako gauza bera ikusi nuen hemen ere, nahiz eta ehunka publizitate-liburuxka, jatetxe-zerrenda, hirietako gida eta beste hainbat material ikusi nuen eta standeko langileekin ere hitz egin nuen.

Azkenik, Brasilgo standera iritsi nintzenean aurkitu nuen bila nenbilena: Rio de Janeiroren lurralde-publizitate garbia, www.visit.rio domeinu-izena agertzen zelarik publizitate-material guztian. Asko gustatu zitzaidan logotipoaren diseinua, puntuekin jokatzen baitu, batetik, eta hiriaren alde koloretsu askotarikoak erakusten baititu, bestetik.

Laburpena

Nire txangoaren laburpena da denbora beharko dugula oraindik geoTLDak benetan zabaltzeko lurralde-marketinean eta publizitatean.

Nire ustez, gure lana —geoTLDen lana, alegia— da lurralde-marketinen arduradunei ikusaraztea zeinen garrantzitsuak diren geoTLDak beren jarduerarako eta erakustea nola diharduten .rio, .brussels edo .koeln bezalako aitzindariek, hala anima daitezen beren geoTLDak erabiltzera. Horretarako, lagungarria izan daiteke bisitariak, langileak eta kapitala erakartzeko leku turistikoen artean dagoen lehia gogorra, eta guk, geoTLDen operadore gisa, gure interes-taldeak hezteko ahalegina egin behar dugu.

Eta bazter ditzagun gure DNS puntuak, modako joerarik berriena balitz bezala, hitzen aurrean eta hitzen artean erabiltzen dituzten iragarle ergelak.  Horrek nahastu egiten du jendea, berri faltsuek baino are gehiago!