Titiak desagertu egin dira, sareetatik eta hondartzetatik. Eta, hara non, toplessak mende erdia bete duen honetan, iruditeria kolektiboak bizkarra eman dion literalki. Bizkarrez egindako Toplessak bogan jarri dira sare sozialetan. Uda honetan, milioika bizkar argitaratu dira, eta albo ondorio bezala, ipurdiak ere ikusi ditugu zientoka, bikinia jantzita. Estanpa honi jarri nahi duzuen hondoko irudia: itsasoa, hondartza, igerilekua… funtsean gauza bera.
Topless tradizionalak gutxi ordea, sare sozialetan bat bera ere ez, Facebookek (edo Instagramek, gauza bera da) eduki sexual bezala kategorizatu eta blokeatzen dituenez gero.
2007an sortu zen Facebook eta gutxi beranduago identifikatu zen hondartzetan bikiniaren nagusitasun ia absolutua, batez ere, gazteenen artean. Bikiniaren garaipena, toplessaren akabera. Agur, belaunaldi baten iraultzari. Korrelazioa nahiko garbia da sare sozialen zabalkundearekin batera murriztu da toplessa hondartzetan. Baina, zergatik? Non dago kausa?
Hemen, bi hipotesi:
A – Ikusten ez dena ez da existitzen. Hondartza eta bikini asko ikusten dira udan sare sozialetan, baina titirik ez; hortaz, titiak ez dira existitzen. Gazteek sareetan jasotzen dituzten ereduak erreproduzitzen dituzte eta erosoago sentitzen dira momentuko influencer-aren looka (bikinia) imitatuz amaren toplessarekin baino.
Hau horrela balitz sareen eduki-politikek gure bizimoduan eragiten dutela onartzera kondenatuak geundeke.
B- Argazkirik ez, mesedez. Gauza bat hondartzan daudenek gure gorputza ikustea da; beste bat, hondartzan dagoen horrek argazki bat egin eta bidaltzearen bidaltzeaz norberaren toplessa biralizatzea. Arriskua erreala da. Delitua ere bada, inoren argazkiak haren baimenik gabe zabaltzea delitua baita. Eta, bada serio jartzeko ordua. Salaketak eta sententziak iritsi beharko dira horretarako.
Zuek, zer uste duzue? A ala B?
A! Bizkarrez gain umeen argazki mordoa, festak eta kirol emankizunen bat ere irentsi dut uda honetan tarteka. Nik, ostera, oporren inguruko ezer ez argitaratzeko erabakiari eutsi diot.