Egunotan Android Pay Espainian aktibatu behar zutela eta, arreta apur bat jarri diot telefono bidezko ordainketen kontuari… Balirudike euskaldun batek (edo gehiagok) planifikatu duela sistema: helburu bat lortzeko hamaika modu, eta denak elkarrekin lehian!
Bai, bai, badakit: enpresen logikatik erabat normala da norgehiagoka hori, baina erabiltzaileon ikuspuntutik, ez du ez hanka, ez buru. Applek bere estandarra, Samsungek berea. Samsungen telefonoetan diharduen Android sistemak beste bat. Eta Paypalek ere bai. Duela egun gutxi batzuk, neure bankuak ere estreinatu zuen bere ‘Mugikordainketa’ sistema propioa…
Bakoitzak berea
Eta, jakina, sistemetako bakoitza ez da besteekin bateragarria. Saltoki batzuetan bankukoa eta Samsungena onartuko dute. Beste batzuetan Applerena eta Androidena. Beste batean Paypal eta Android, beharbada… Eta ez hori soilik: bakoitza banku eta txartel jakin batzuekin baino ez dabil…
Total: denda batean telefonoa erabilita ordaindu dezakezula %100eko segurtasunarekin jakiteko modu bakarra hamaika aplikazio instalatu, eta hamaika kreditu txartelekin lotzea da. Boteprontoan, ez dirudi oso amu goxoa erabiltzaileok erakarri eta bide klasikoak alboratzera bultzatzeko. Are gutxiago, dirutxoak bezalako kontu delikatuan. Niri behintzat, sekulako nagia ematen dit telefonoarekin ordaintzen saiatzeak ere: galdetu zer sistema onartzen den, egiaztatu dagokion aplikazioa instalatuta daukazula, saiatu ordainketa egiten…
‘Mugikordainketak’ egiteko modurik lojikoena estandar ireki eta bakar bat izatea litzateke, oinarri teknikoa behintzat berbera izatea sistema guztietan. Baina noski, bitartekari lanek etekin ekonomiko handiak uzten dituzte dirua tarteko denean, eta multzinazionalak ez daude prest horri uko egiteko.
Baina tira, ez gaude ere kanpora larregi eskatzeko moduan… Azken finean, Hego Euskal Herrian behintzat, garraio publikoa ordaintzeko txartel bat dago lurralde bakoitzeko, eta ez dira elkarrekin bateragarriak…