Inguruan gero eta kezka handiagoa nabaritzen dut gurasoen artean, gaztetxo eta ez hain gaztetxoen artean mugikorraren erabilera desegokia dela eta. Pil-pilean nabari dudan neurri ohikoena mugikorrak beraien eskuetan jartzea ahalik eta gehien atzeratzea dela esango nuke.

Ingurumari honek gogoeta eragin dit eta nire garaian teknologiaren ingurura nola hurbildun nintzen gogoratzeari ekin diot. Eta erruduna ere aurkitu dut nolabait esatearren: nire aita.

Gogoan dut nola gure etxera Amstrad CPC 6128 bat iritsi zen, Gabonetan edo. 1985 edo 1986 izango zen, artean 7-9 urte besterik ez nituela. Gainera orduan gehien ikusten ziren monitoreak – bai, ipurdi luzeko fosfatozko telebista moduko haiek – kolore bakarrekoak ziren, berde itsusikoak. Gure etxekoa, ordea, 16 koloretakoa zen! Izugarria garai hartarako, aldiz, egunotan…. Inprimagailua ere alboan zuen, orratzezko inprimagailu zaratatsu bat. Garai hartan puntako sistema sartu genuen etxean zalantzarik gabe.

Gailuak 128 KB besterik ez zituen, baina balio zuen Out Run edo Green Beret bezalako jokoak martxan jartzeko. Eta jakina, ni gustura nire onenak emanez joku horietan, hainbat ordu bertan igaroz. A ze oroitzapenak!

Beranduago, Euskaltel sortu eta gutxira esango nuke, “Konekta zaitez” kanpaina abian jarri zuela Eusko Jaurlaritzak. 25.000 pezetatako laguntza ematen hasi ziren ordenagailuak erosteko. Baldintza Interneterako sarbidea edukitzea zen, hau da, Internet modem bat instalatuta izatea Internetera konektatzeko prest egon zedin. Nire aitak garbi zuen bai ala bai horren alde egin behar zela, amak (eta baita neuk ere!) zalantzak bazituen ere. Eta halaxe, Amstrad zaharra ordezkatuko zuen ordenagailu berria etxeratu zen, Internetara konektatzeko gai zena, etxez etxeko deiak blokeatzearen ordainetan. Pentsatzen dut nire gurasoak soilik ez, beste askorenak ere haserre izango zirela garai hartan deitzeko eta deiak jasotzeko gaitasuna kentzen baikenien etxekoei Interneten aritzean. 

Honezkero pentsatuko duzue nire aitak ingeniari edo tekniari mailako ikasketak izango dituela. Bada ez, irakaslea da ikasketaz eta bokazioz, bereziki letren munduan errez mugitzen zena, nire kontrara. Baina ezin ukatu egungo teknologia berri horiek zerbait pizten ziotela barnean eta garbi zuen, ahal zen heinean behintzat, eskura izan behar genituela. Eta zalantzarik gabe, egun asko eskertzen diot.

Hori horrela izanda, eta gai nagusira itzulita, ezin dut bat egin teknologiarako “sarrera” hori atzeratzearen ideiarekin. Sinismen osoa dut zenbat eta lehenago ezagutu orduan eta hobe izango dela gure haurrentzat. Baina gauza guztiak bezala, ondo erabili beharra dago kalterik eragin ez dezan. Eta hori gure haur eta gaztetxoek ere jakin behar dute.

Nire gurasoek ez zekiten gehigi ordenagailu haien erabilpenari buruz eta guk, zorionez, gure kasa ikasi genuen lagunekin ezagutzak elkarbanatuz. Baina garai hartan oraindik Internet bere hastapenetan zen eta arrisku gehiegirik ez zegoela onar dezaket.

Gaur, aldiz, denetarik dugu. Abiadura ikaragarriak edozein informazio eskuratzeko, etxeko ordenagailuan nahiz kaleko edozein txokotan, bilioika URL helbide desberdinetan… duela gutxi imajina ezinak. Testuinguru honetan, nire ustez, gakoa hezkuntzan dago.

Hezkuntza sistemak prest beharko luke egungo erronkei aurre egiteko. Izan ere, ez dagoelakoan nago. Eta gurasook ere prest izan behar dugu, eta horretan ere makal gabiltzala esango nuke. Hor kokatzen dut nik gure seme-alabei mugikorretara (tableta eta ordenagiluak multzo berean sartzen ditut) hurbiltzeko adina atzeratzeko nahia: ez gaude prest eta horregatik atzeratu nahi dugu. Finean, ardura handiegia deritzogu gure gain hartu beharra duguna.

Nahiko seguru naiz prestaketa egokiagoa izango bagenu gurasook, edo horrela sentituko bagenuke, nire aitak egin bezala, ahalik eta azkarren aukera aurrean izatea nahiago dugula. Eta kontuz! Normala iruditzen zait hori ere, izan ere, egungo egoeraren bilakaera dugun Internet konexioa bezain azkar aldatzen baita eta ia ezinezkoa egiten zaigu gutxiengo ezagutza eskuratzea. 

Zalantzarik gabe, ez da egoera samurra. Edonola ere, aukera hauek atzeratzea baloiari ostikoz aurrera egitea bezala da: baloiaren albora berriro iristean egoera berean izango gara, baina beranduago. Eta seguraski, orduan, beranduegi izango da, tamalez.