Aldiro-aldiro emakumeek hedabidetan duten ikusgaitasunaren gaineko datuak plazaratzen ditu Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikertzaile taldeak.  Argitaratu dituen datuen artean, eta ez dira gutxi, bat hau: EITBko irratietan, oro har, emakumeen presentzia ez da %30era iristen. Ez da inondik inora ere salbuespeneko datua, ikerketa talde honek azaltzen duen bezala ‘Emakumeok ez gaude hedabideetako agendan’ . 2017ko maiatzekoa da aipatutako artikulua.

2017ko uztailean abiatu genuen ingurune digitalari buruzko PuntuEUS Fundazioaren Sarean.eus irratsaioa Euskadi Irratiaren sintonian, udako programazioan. Udako saio hark gai arruntak, egunerokoak, zituen mintzagai nagusi. Hala nola, musika, literatura, kirola, feminismoa… eta, horietan guztietan teknologiak eta Internetek zein eragin zuten azaleratzen zen gonbidatu batekin.

Udako probaldia pasata neguko programazioan sartu zen Sarean, izen berarekin; aitzitik, proposamen askoz zehatzagoa zekarren uhinetara, askoz teknologikoagoa. Eta, gonbidatuak ere horrelakoak izango ziren: teknologoak. Formatu berriarekin ardura sentitu eta aukera ikusi genuen ingurune digitalean aritzen diren emakumeak ikusgarri egiteko eta informatikarien inguruko estereotipoak hausteko. Ez zen nolanahiko erronka: emakumeak, teknologia eta irratia.

Europako Batzordearen arabera, ingurune digitalean lan egiten duten 7 milioi pertsonen artean % 30 baino ez dira emakumezkoak, are gutxiago ardura-postuetan: % 19. Esan beharrik ez dago ardura postuetan dauden horiek izaten direla aurpegia eta ahotsa jarri ohi dutenak.

Bi helburu jarri genizkion gure buruari:

  • Elkarrizketatu bakoitzak izan behar zuen aukeratutako gaia lantzeko pertsonarik aproposena.
  • Elkarrizketatu nagusien erdiak emakumeak izan behar zuten.

 

Bi premisa, zein baino zein garrantzitsuagoak. Itxuraz, lortzeko zailak, baina esperientziak erakutsi digu lorgarriak zirela. Udako atsedenaldiaren atarian 32 saio egin ditugu 2018 honetan eta gure mikrofonoetatik igaro diren elkarrizketa nagusiko protagonisten %53 emakumeak izan dira.

Helburua oso presente izan du astero Leire Palaciosek, saioko gidariak, “Gure alorrean emakume aditu eta profesionalen ikusgarritasuna bermatzeko hautu kontzientea egin dugu SAREANen”. Eta helburua bera eta lorpena urrats bat bada ere egindako bidea bereziki garrantzitsua izan da guztiontzat “Gizonezkoek andrazkoek baino errazago onartu dute gure gonbidapena. Hala ere, ezezkoak jaso ditugunean horien zergatiak ulertzen saiatu gara. Ariketa horri esker bilakatu ditugu hainbat ezezko baiezko. Elkarrizketatuaren zaintzak garrantzi berezia daukala barneratzea funtsezkoa izan da guretzat. Hau da, estudioan sartu aurretik jakintza partekatu edo jakin-mina asetzeko inguru abegikorra eraikitzea ezinbestekoa da. Giro hori sortu ahal izatea oso esperientzia aberasgarria da”.

Poz txiki honekin bagoaz oporretara. Irailean itzuliko gara teknologiaren ahots guztiak irratiz zabaltzera. Nor entzungo zenukete gustura? Utzi iruzkina eta ahaleginduko kasu egiten.

Bien bitartean webgunean entzun dezakezue urteak eman duena. On egin!