MODERNO! Hala egin zion oihu taxi gidari batek Albert Riverari VTC-en gatazkaren harira. MODERNO! Garrasi batean, irainka, amorru bizian. MODERNO! Berritasuna besarkatzeaz harro denak miresmena baino mespretxua zor ziola aldarrikatu nahiko zuen horrela. Berria zaharra baino hobea izan baitaiteke, baina ez berri izate hutsagatik bakarrik. Taxia garai berrietara egokitu behar dela diotenei ez zaie arrazoirik faltako beharbada, baina ezin ditzakegu VTC-en prekarietatea, autonomo faltsuak eta lege-amarruak irentsi garai berrien ezinbesteko bidelagun bailiran. “Moderno” oihuak ez ei du, baina, “putakume” baten indarrik, eta deiadar hark komediari eman zion bide.
Riverak Altsasu edo Errenteriara egindako bisitekin nahikoa ez, eta gurean ere ez zaizkigu modernoak falta. Eta, Jehovaren testiguen antzera, modernoak ez dira gai euren modernotasunean bizitzeko besteok gogaitu gabe ez bada. Euren fedea zabaldu behar dute etxez etxe, eta hezkuntzaren atea jo dute oraingoan. Teknologia berriak dakarzkigu teologia berriak. Programazioaz arrastorik ez eta Informatika klaseetan Word eta Excel erakusten zizkigutenek iraultza digitala gidatu behar omen digute. Teknologia irakasgaian paperezko txurroekin dorreak egiten jartzen gintuztenak teknologia-aditu bihurtu zaizkigu. Multimedia gelan bideo bat jarri ezinik arratsalde erdia pasatzen zuen irakasleak arbel digital bat dauka orain. Eta eskola-ume bakoitzari ordenagailu eramangarri bat eman diote. Ez edozein eramangarri. Chromebook bat. Modernoetan modernoena.
Fedea behar da, ezinbestean, Jehovaren testiguen—edo Katoliko zintzoen—kontakizunak sinesteko. Eta fedea behar da, era berean, profeta modernoen doktrina irensteko. Fedea sikiera irakurri dituztela besteoi onarrarazten dizkiguten erabilera baldintzak. Fedea ezagutzen dutela zerbitzu erabilerraz horren atzean dagoen oinarrizko teknologia. Fedea aztertu dituztela egon litezkeen alternatibak. Fedea euren fedea ez dutela Inkisizioaren antzera zabaltzen.
Ezin esango dugu Elizara doan fededunaren atzean konspirazio handirik dagoenik. Ezin esan herriko apaiza, edo Erromako Aita Santua bera, konspiratzaile maltzurrak direnik. Konspirazioak pentsaera arrazionala eskatzen baitu, eta hain zuzen ere arrazoiari kontrajartzen baitzaio fedea. Baina erlijioak gure gizartean izan duen sakoneko eragina ukatzea inozoa litzateke. Eta, ateo ala sinestun, ados egongo gara baten batzuei beste batzuei baino hobeto etorri izan zaiela.
Gure auzoko eskolan tramankulu bat ala bestea erosteko erabakiaren atzean ere ezin ikusiko dugu konspirazio maltzurrik. Baina inozoa litzateke erabaki horrek, hezkuntza-sistema osoan hain modu estrukturalean hartzen ari denean, inolako ondoriorik ez duela pentsatzea. Baten batzuei seguru ondo datorkiela. Besteok, akaso, joera horren arriskuez ere pentsatu beharko genuke.
Hodeian egonagatik hegan egiten uzten ez duten kaiola digitaletan ari gara hezten belaunaldi berriak. Eta preso hazten denak nekez asmatuko du aske bizitzen. Are okerragoa dena, normaltzat joko du loturik egotea, halaxe sentituko da erosoen. Nolatan nahi dugu egungo gazteak euren pribatutasunaz arduratzea, geuk ere ez badiegu errespetatzen? Nolatan nahi ditugu euren sormena eta jarrera kritikoa sustatu, hesiak jartzen dizkiegun bitartean? Nolatan nahi dugu teknologia berrietan beharrezko formakuntza jasotzea, kaiolatik kanpo teknologia hori erabiltzen uzten ez badiegu? Nolatan nahi dugu ezer ikas dezaten gu ezjakintasunetik ari bagara, eta euren kabuz egin dezaten galarazten badiegu?
Argudio eskaseko purrustada irudituko zaie batzuei hau. Ez da erraza, baina, argudio ezari argudioz erantzutea. Nire kritikak ez baitoaz hainbeste gailu zein plataforma bati ala besteari zuzenduak. Gailu zein plataforma konkretuak hezkuntzan inposatzeko joera da kritikatzen dudana. Ez dut ulertzen ze behar dagoen horretarako, ze onura dakartzan honek guztiak. Eta horren aurrean askatasunaren balioa aldarrikatu baino ez dut egin nahi.
Zergatik ez du bakoitzak nahi duen softwarea erabiltzen nahi duen gailutik? Zergatik ez ditugu protokolo eta formatu estandarrak baliatzen lotura lanak egiteko? Zergatik ez dugu software librea lehenesten pribatiboaren aurrean, burujabetza teknologikoa sustatu hirugarrenekiko menpekotasunean sakondu beharrean? Ez da hain konplikatua. Hodeiko testu-prozesadore zehatz bat erabiltzera behartu beharrean, ez dut inolako eragozpenik ikusten bakoitzak gura duen softwarea erabil dezan, eta PDF bat igo Moodle-era, adibidez. Nahi duenak hodeiko testu-prozesadore zoragarri hori erabil lezake berdin-berdin. Nahi ez duenak, ez luke zertan. Zein da arazoa?
Baina urrunegi joan naiz beharbada. Komuneko paperari ere wifia eta adimen artifiziala jarri aurretik, horretarako ze behar dagoen pentsatu beharko genuke lehendabizi. Sekula ordenagailu eramangarririk izan gabe bukatu nuen nik karrera. Eta ez edozein karrera: Informatika Ingeniaritzako gradua. Ez zitzaidan gaizki joan, eta ez doakit gaizki. Bost urte baino ez dira pasatu ordudanik, eta ez dut ulertzen ze demontregatik den hain premiazkoa orain eskola-ume bakoitzak bere ordenagailu eramangarria izatea. Atzera begira ezer balioesten badut kuriositateak bultzaturik saltseatuz ikasitakoa da. Bai eskolan, bai teknologia berrietan. Eta hori da, hain justu ere, belaunaldi berriei eragozten ari garena.
Komuneko paperari ere wifia eta adimen artifiziala jarri aurretik, horretarako ze behar dagoen pentsatu beharko genuke lehendabizi. Sekula ordenagailu eramangarririk izan gabe bukatu nuen nik karrera. Txioka nazazi!Berak ardoa edan eta besteei ostiak banatzen dizkien liderrari. Esandako guztiari men egiten dion eliztarrari. Gehiegi sinetsi ez arren mezetara joaten jarraitzen duenari. Euskal eskola publikoari, ikastolari eta kristau eskolari… MODERNO!