Teknologiaren aurrerapen geldiezinean pentsatzen dugunean, oso gutxitan datozkigu burura pertsona desgaituak edo adinekoak. Berritasun distiratsuak pertsona gazteenekin lotzeko joera dugu, berritasun bakoitza modu naturalean barneratzen duten eta haien ahalera guztia ateratzen dakiten gazteekin, alegia. Baina gaur ez dugu megabytetan eta megahertzetan neurtzen den teknologia horri buruz hitz egin nahi, baizik eta modernitatearen distiraren azpian ezkutatzen den beste horri buruz. Teknologia behar handiena duten pertsonentzat erabilgarria izan daitekeen kasuez hitz egin nahi dugu. Osasun arazoren bat duten pertsonen bizia hobetzea bilatzen duten aurrerapenez.
Liburu elektroniko demokratizatzailea
Pertsona itsuek XIX. mendetik irakurri ahal izan dute, baina haien irakurtzeko aukerak braillez argitaratzen ziren liburuetara mugatu izan dira beti. Egia da ONCE erakundeak sekulako lana egin duela azken hamarkadetan ikusmen arazoak dituzten pertsonei irakurketa gerturatzeko, bai eta gure legediak braillez argitaratzea jabetza intelektualaren defentsaren salbuespen gisa aurreikusten duela ere. Baina, eskaintza literario itzelarekin alderatuz, esfortzu hori beti izan da gutxi, halabeharrez. Pertsona itsuek argitaratzen zen guztiaren zati txiki baten artean aukeratu behar zuten.
Liburu elektronikoaren agerpenari esker, ordea, pertsona horiek eskura ditzaketen eleberri eta saiakeren ehunekoa modu ikaragarrian handitu da. Literatura-nobedade gehienak formatu elektronikoan ere argitaratzen dira, eta beraz, braillera itzultzen duten gailuetan irakur daitezke; gailuok pantailaren eta inprimagailuaren arteko zerbait dira, eta testua braillez “marrazten” duten orratz mugikorrak dituzte. Jada ez da beharrezkoa testuak pertsona itsuentzat espezifikoki egokitzea: kasik nobedade guztiak dituzte eskuragarri orain.
Baina liburu elektronikoa ez da miraria ikusmena erabat galdu duten pertsonentzat soilik. Ikusmen nekatua dutenak, eta ondorioz, argitalpen askoren tipografia ñimiñoekin gorriak ikusten dituztenak, poztuko dira liburu elektronikoan hizkien tamaina handitu daitekeela jakitean, bai eta kontrastea aldatu ere, erosoago irakurtzeko. Gainera, mugitzeko desgaitasuna dutenentzat ere erabilgarria izan daiteke: liburu fisiko baten orriak pasatzea baino errazagoa da botoi bat sakatzea. Liburu berrien usaina atsegin dugu, bai. Baina askoz atseginago dugu literatura guztia pertsona guztien eskura egotea.
Bakarrik eta seguru bizitzeko botoia
Pertsona askok nahi dute zahartzaroaz beti bizi izan diren etxe berean gozatzea. Baina, adin batera heltzen garenean, gazteagoa den norbaitekin bizi ez bagara behintzat, ulergarria da zerbait gertatu eta laguntzarik eskatu ezin ahal izateko beldurra sentitzea. Telelaguntza-zerbitzuek, aurrerakuntza teknologikoei esker, bakarrik bizi diren adinekoei erosotasuna eta segurtasuna ematen dizkieten eta oso erabilerrazak diren gailuak eskaini ditzakete.
Telelaguntza-zerbitzu horiek, esku libreko telefonoen antzeko gailuak izaten dira, domina baten gisa lepotik zintzilik eramaten den botoi bat sakatuz aktibatu daitezkeenak. Ezin erabilerrazagoak dira: berdin da zer teknologia korapilatsu duen atzetik, erabiltzaileak botoi bat sakatu besterik ez du egin behar. Beste aldean telefonogune bat dago, larrialdiren bat gertatuta ere, laguntza eskatu ahal izateko. Gainera, eguneroko bizitzarako ere erabilgarria da, ohiko tramiteak egiten ere lagunduko baitizute zerbitzuotan: medikurako txanda hartzen, esate baterako. Eta, noizbehinka, telefono dei bat ere egingo dizute, dena ongi doala baieztatzeko.
Administrazio publikoen bidez kontratatu daitezke zerbitzuok, eta hartarako diru-laguntzak egon ohi dira, gainera. Telelaguntza-zerbitzuei esker, neurri handi batean beren kabuz molda daitezkeen pertsona askok seguru eta eroso bizitzen jarrai dezakete beren ingurunean.
Eta askoz gehiago
Virginiako (Estatu Batuak) Teknologia Unibertsitatean ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako auto-prototipoa garatu dute; baina, badaude bakarrik gidatzen diren autoak ere, beste hori bazterrean utz dezaketenak. Gurpil-aulkian dauden pertsonentzako autoak ere badaude, bai eta ikusi ezin dutenentzat gurpil-aulkiak ere. Eta zer esanik ez mingaina mugitzearekin gorputz-mugimenduak eragiten dituzten hortzetako aparatuez –Georgiako Teknologia Unibertsitatean garatu duten hau, esate baterako– edo ahotsa ezagutzen duten programez, teklatuan idazteko lana errazten baitigute, bai eta lan hori kentzen ere.
Banka mugikorra, bulegora joatea odisea bat den horientzat
Merkataritza elektronikoak, administrazio elektronikoak eta, oro har, interneten bidez eskuragarri dugun edozein zerbitzuk lan-ordutegi xelebreak dituzten horien kontziliazioa errazten dute.
Bestalde, LABORAL Kutxaren bulego fisikoak etengabe joan dira egokitzen pertsona guztiei zerbitzua eman ahal izateko. Gainera, gure kutxazain automatikoek geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte, dirua emateaz haratago. Baina badakigu hori ez dela aski. Horregatik, eragiketa ia guztiak gure web orria eta gure app-a erabiliz egin ahal izatea ahalbidetzen saiatzen gara. Gainera, braillezko sinadura-txartela ere jarri dugu erabilgarri, pertsona itsuek ere banku elektroniko bidez eragiketak egin ahal izan ditzaten.
LABORAL Kutxaren banku elektronikoa eta telefono bidezko bankua ez dira eragiketak urrunetik egitea nahiago dutenentzat soilik erabilgarriak. Osasun arazoengatik bulegora joan ezin daitekeenarentzat ere ezinbesteko laguntza dira. Horrela, ez du beste pertsona baten eskuetan jarri beharko bere aurrezkien gestioa, eta berak jarraituko du berea dena gestionatzen.
Horregatik, LABORAL Kutxan, gure zerbitzu guztiak interneten ere eskuragarri egotearen konpromisoa hartu dugu. Badakigu asko dagoela aurreratzeko oraindik, eta asko eskertzen ditugu hobe ditzakegun gauzak erakusten dizkiguten kritikak. Baina garbi dugu gure teknologia-aurrerakuntzak haien behar handiena dutenengana ere heldu behar direla. Hori da gure konpromisoa, izan ere, bada beste modu bat.