Joan den astean lagun batekin software librearen inguruan berba egiten aritu nintzen, gure mahaigain eta eramangarrietan ez ezik gaur egun geroz eta sarbide nabarmenagoa lortzen ari diren beste gailu batzuetaz. Hauetan, software librearen aldeko defentsa nola egin eztabaidatu genuen.

Izan ere zuetariko askok jakingo duzuen moduan gero eta handiagoa da mugikor bitartez Internetera sartzen diren pertsonen portzentajea. Estimazioen arabera, Internet kontsumoaren % 25 telefono adimendunetatik (smartphone) egiten da. Eta nire ustez nabaria da gero eta portzentajea handiagoa hartuko duela: garraio publikoan, zuen inguruan begiratze hutsarekin nahikoa duzue honetaz jabetzeko.

Geroz eta hirugarrengoen zerbitzu (Dropbox, Google Drive, WhatsApp…) gehiago erabiltzen ditugun garai hauetan are eta beharrezkoagoa da software librearen aldeko defentsa egitea. Ez bakarrik software librean, baita mugimendu sozial honen orbitan dauden beste eskakizunetan ere: pribatutasuna, datuen kudeaketa gardena, zifraketa… beti aipatzen dudan moduan geroz eta digitalagoa den jendarte honetan gure datuei behar bezalako arreta prestatzea ezinbestekoa da. Are gehiago azken urteotan jakin ditugunak jakinda.

Gauzak horrela, sarean.eus-era Android sistema eragilean erabiltzeko aplikazio bereziekin nator: software libre lizentzia duten aplikazioak nola instalatu eta nola ezagutu azaldu nahi dizuet. Horretarako, nire telefonoan egunero erabiltzen ditudan aplikazio batzuen zerrenda egingo dut. Baliteke hauetako baten bat zuek erabiltzen duzuen eta software pribatiboa izan daitekeen aplikazioak ordezkatzeko aukera ematea.

Goazen ba:

  1. F-droid: aplikazio hau izango da software librearen erdigunea Android sistema eragiletan, errepositorio  hau instalatuz lizentzia askeak dituzten aplikazio ugari aurkituko dituzue.
  2. AntennaPod: Podcast-ak kudeatzeko erabilgarria den aplikazio bat da.
  3. DuckDuckGo: Google bilatzailetik ihes egin nahi dugunontzat ezinbesteko bilatzaile honek aplikazioa dauka Android sistema eragilean. Bilatzaile honek badu zerbait ona: gure bilaketen datuak ez dira inon gordetzen.
  4. Firefox: komentatu beharrik ere ez dagoela uste dut,- Nabigatzaile libre edatuena da..
  5. KDE Connect: Nire sistema eragile nagusia Kubuntu den heinean mahaigain edo eramangarritik Android-era, eta kontrako norabidean, fitxategiak partekatzeko aplikazioa da.
  6. Orbot: Android sistema eragiletik TOR sarera konektatzeko ate nagusia.
  7. Orfox: Firefox-en oinarrituta dagoen nabigatzaile hau erabiltzen dut TOR bitartez nabigatu nahi dudanean.
  8. OwnCloud: ez dut Dropbox edo horrelako zerbitzurik erabiltzen, baina badut hauen behar izana. Behar izanei aurre egiteko aplikazio honen izen berdina duen zerbitzari aplikazio bat erabiltzen dut, nire hodei propio eta pribatua kudeatzeko. Agian merezi du egunen baten honen inguruan zabalago aritzea.
  9. Signal: berehalako mezularitza sistema zifratu eta pribatua, Telegram ere asko erabiltzen dut, baina elkarrizketa bat benetan pribatua izatea nahi dudanean Signal ezinbesteko aplikazio bihurtzen da.
  10. SolCalendar: egutegiak eta atazak kudeatzeko aplikazioa, alde batetik Google Calendar bezala erabiltzen da eta horri Google Tasks eskaintzen dizkigun atazen kudeaketa gehitzen zaizkio. Egutegi lokalak edo sarean daudenak erabiltzeko aukera ematen digu, haien artean, adibidez, Google Calendar.

Gutxienez software librea diren beste zortzi aplikazio gehiago erabiltzen ditut egunero-egunero baina horiek beste zerrenda bat egiteko aukera ematen didatenez, beste post baterako gordetzea baimenduko didazue, ezta?

Egun, ezinbestekoa da gure datuen kudeaketa propioa egitea. Horretarako multinazional neoliberalek eskaintzen dizkiguten zerbitzuei agur esan eta gure propioak, edo kolektiboak, sortzeko aukera galtzea gure buru digitalaz beste egitea bezalakoa dela uste dut.

Horregatik da ezinbestekoa software librea eta bere filosofia, baita poltsikoan eramaten dugun polizia zelatari txikitxoan ere.