Materian sartu orduko sarrera artikulu bat idatzi nahi nuen, izan ere, ezinbestekoa deritzot hemen zertaz berba egingo dugun jakitea berba egiten hasi orduko. Gai anitz kontutan hartu nahi ditut beti ere orbita berdinarekin ardatz: Software librea, jakintza askea eta ahalduntze eta parte-hartze kolektiborako teknologiak eta nork daki, agian hurrengo artikuluetan, tarteka bada ere, hacktibismoa ezagutuko dugu.

Software librearen afera guzti honetaz berba egiten dugunean oinarriak jarri behar dira, gai hauek ez baitira egunerokotasunean irakurri edo komentatzen ditugunak. Hau da, aipatu bezala, lehenengo kolaborazio honen helburua:

  • Softwarea: ordenagailuaren alde logikoa da, hots, ordenagailua erabiltzeko beharrezkoak ditugun programak. Atal honen barruan sistema eragilea sar genezake, sistema eragilea ordenagailua martxan jartzean abiarazten dena da eta erabiltzen ditugun software guztien exekuzioa kontrolatzeaz arduratzen da.
  • Iturburu kodea: ordenagailu bati ataza zehatz bat egin ahal izateko definitzen diogun agindu multzo bat da.
  • Software librea: softwarea ordenagailu baten alde logikoa dela aipatu badugu orain kontzeptu filosofiko bat hartu behar dugu esku artean. Askatasuna. Software librea edonork erabiltzeko moduko lau arau ezarri dituen software mota eta horren barruan barne biltzen den mugimendu soziala da. Jabedun softwareari aurre egiteko alternatiba erreal, erabilgarri, eta kasu gehienetan, doakoa.
  • Lizentzia askeak: teknologia mailan gertatu diren aurrerapenen ondorioz sortu zen eta indar hartzen doan lizentzia mota bat da. Lizentzia askeetan sinisten dugunok mendi eta itsasoei mugak jarri nahi dizkien copyright legeei aurre egiteko daukagun modu bat dira, agian bakarra. Hemen barruan koka genitzake adibidez software libre gehienak erabiltzen duten GPL edo edukietan erabil dezakegun Creative Commons lizentziak. Funtsean eta laburbilduz lizentzia hauek software librea legalki (eta sozialki) defendatzeko ezinbestekoak ditugu.

Honenbeste kontzeptu azaldu eta gero, hausnarketa pertsonal bat egin nahi dizuet: Software librea herritarrok ahalduntzeko sortu zen software mota da. Batik bat software eta informatikaren demokratizazioa ekarri du, aukera ekonomikorik ez duten pertsonei mundu digitaleko ateak eta leihoak parez pare zabaldu dizkielako. Hori dela eta software librearen aldeko hautua egitea ez da bakarrik friki edo informatika profesional batzuen gauza, ezinbestekoa da gizartearen demokratizazioa ekartzeko eta guztiok aukera berdintasunean bizitzeko, alegia, brecha digital delakoarekin bukatzeko. Edozein kasutan, esandako guztia, askoz gehiago garatu eta argudiatuko dizuet sarean.eus-ek software libreari eskaini diogun tarte hau irakurtzen baduzue. Badaukagu zer esan.

Irudia | Pixabay