Maiatzean Las Indias Electrónicas-en liburu labur bezain interesgarri bat irakurri nuen, El modo de producción P2P. Liburuak P2P ekonomiaren ardatzak azaltzeaz gain, honen aldeko irakurketa sakon bat egiteko aukera ematen digu eta haritik tiratuz gero, beste irakurketa batzuekiko interesa piztu. Gai hauek gustuko badituzue liburua irakurtzea gomendatzen dizuet.

Liburuak jorratzen dituen gaien artean, hacker etika deritzoguna aurkituko duzue. Pekka Himanen The Hacker Ethic and the Spirit of the Information Age liburuan idatzitakoak laburbiltzen ditu. Ni pertsonalki ideia interesgarri eta erromantikoarekin geratzen naiz: hacker etikak ezagutza berriak jasotzeko behar izanean, auto-ikaskuntzan, ekintzatasunean eta komunitatean oinarritzen da.

Irakurketa hau egin ostean, eta software librea ardatz, software librearen filosofiak beste proiektu batzuetan nola eragin duen idaztea pentsatu dut.

Jada jakin badakigunez software libreak lau askatasun nagusi hauei egiten die erreferentzia:

  • Helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.
  • Programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.
  • Programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.
  • Programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna edonork etekina atera diezaion.

Oinarri filosofiko hauek beste proiektu batzuetan aurkitu ditzakegu eta proiektu hauek ez dute zertan zuzenean softwarearekin lotuta egon. Adibide batzuk jarriz askoz errazago ulertuko dela uste dut.

Global village construction set-ak, egizu zuk zeuk filosofiarekin, brikolajerako, kostu baxuko eta errendimendu altuko erreminta set bat sortzeko ideiarekin jaio zen proiektua da. P2P ekonomian oinarrituta berrogei makinen diseinuan lanean ari dira: haize-sorgailu, traktore edota adreiluak  ekoizteko makina bat.

OScar ideia berdinarekin jaio zen, kostu ekonomiko baxuko open source kotxe bat sortzea zen asmoa. Horretaz gain, kotxe honen muntaia edozein tailer txikitan egiteko aukera eskaintzea. Hau da, besteak beste, herri txiki bateko mekaniko batek, hala nahiko balu, bere merkatu-hobia aldatzeko aukera izan zezan eskaini. Egia esan, ez dakit zertan geratu den proiektu hau, edozein kasutan garai baten oso ezaguna zen proiektua izanda, ezinbestekoa ikusten dut berau aipatzea.

Denon ahotan behin baino gehiagotan egon den Raspberry PI-a, kreditu txartel baten tamaina duen ordenagailu pertsonala honen adibide argia ere bada. Funtsean, hezkuntzan zein garatze bidean dauden herrialdeetan arrakasta ikaragarria izateaz gain, zenbait enpresa eta aktibistoi proiektu oso berritzaileak sortzea ahalbideratzen digu.

Euskal Herrira bueltatuz, Busturialdeko II. Enpresa Ideien Lehiaketa irabazi zuen Sotapatroi proiektuak. Sotapatroik, behar izan zehatz bati egiten dio aurre: aisialdiko ontzietan erabiltzeko segurtasun sistema bat sortzea. iBeacon protokoloa eta Arduino proiektua baliatuz, itsasontziko patroiaren segurtasuna bermatzen du; patroia uretara erortzen bada, eskumuturrean daraman erloju itxurako gailuaren seinalea itsasontzian kokatzen den hartzailera heltzen ez denean, automatikoki itsasontziko motorra itzaltzen du. Horrek patroiari itsasontzira bueltatzeko aukera ematen dio eta hau posible ez balitz, hardwareak laguntza eskatzeko deiak burutuko lituzke.

Bukatzeko gogoeta bat. Software librearen filosofia baliatuz; ekonomia, herrigintza eta ekintzatasunaren arloan eragina izan dezaketen proiektu oso interesgarriak sor daitezke gurean ere. Hori dela eta, betiko lan molde eta lan harremanetatik haratago lan mundua ulertzeko daukagun beste perspektiba hau aldarrikatu nahi dut, lehia basatia alboratu eta software librean eta elkarreraginean oinarritzen dena, alegia.

Hackerrak gogoko ditut.