Azken asteotan egiaztatu ahal izan dugu hainbat erakundetan software libreaz dagoen ezjakintasuna larria dela. 

Alde batetik, HAZI fundazioko plegu baten oinarri teknikoetan, software librea, bultzatu beharrean, debekatu egiten da. EH Bilduko Lore Martinez Axpek egindako galderari erantzunez Arantza Tapiak, EJren izenean, beste gauzen artean zera zioen:

…lizitazioan software librea mugatzeak edo baztertzeak helburu bakarra du: software hori sortzearen ondorioz jabetza intelektualeko eskubidea EAEko Administrazio Orokorrak izatea…, gerora ireki eta berrerabili ahal izateko…

Beherago zehatzago azalduko denez software librean oinarritutako garapenean osagai berriek jabetza intelektualeko eskubidea gauzatzeko arazorik ez dute, eta software libreak hainbat lizentzia mota eskaintzen ditu bera barneratzen duten programak irekitzeko eta berrerabiltzeko ahal izateko. Are gehiago, horixe da gakoa gurpila behin eta berriz ez asmatzeko, eta korporazio handiekiko mendekotasuna saihesteko.

Bestalde, Hezkuntzan Librezale elkarteak Legebiltzarrean irakaskuntzan software libreko tresnen erabilpena aldarrikatzeko egindako agerraldian EAJko Aitor Urrutiak zera esan zuen:

Hemen, azkenean segurtasun kontuak dira funtsezkoak gaur egun software librearen hautu hori ez egiteko edo.

Software libreak, irekia den aldetik, segurtasunerako printzipio nagusietako bat betetzen du: segurtasuna ezin da oinarritu algoritmoaren ez-ezagutzan. Are gehiago, ezaguna izateaz gain software libreak komunitatea bat izan ohi du inguruan, eta komunitate horrek segurtasun-zuloak detektatzeko eta konpontzeko bideak ematen ditu.

SOFTWARE LIBREAREN LIZENTZIAK

Esan gabe doa software zati berriak, software librean zein jabedunean oinarrituta egonda ere, jabetza intelektualaren arauen arabera erregistratu daitezkeela. Patentatzea, berriz, orokorrean ez da posiblea Europan.

Software libreari dagokionean, bere oinarriak blog honetan behin baino gehiagotan azpimarratu dira. Softwarea librea izateko hurrengo lau askatasunekin bat egin behar du (guztiekin):

  • Helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea.
  • Aztertu eta aldatu ahal izatea
  • Kopiatu ahal izatea.
  • Hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.

Dena den, askatasun horiek ziurtatuta, lizentzia desberdinak daude beste hainbat aspektu modulatu ahal izateko eta banaketa murrizteko/zabaltzeko. Aukerak asko dira eta oso ezagunak diren lau azpimarratu daitezke:

  • GPL: lizentzia honen menpeko softwarea erabiliko duenak aldaketak egingo balitu lizentzia beraren bidez lizentziatu beharko du. Software librea biderkatzeko lizentzia egokiena da, ez baititu onartzen eratorritako programak ixtea (askatasunak murriztea). Linuxeko kernela, MySQL, Gimp eta Moodle programek erabiltzen dute. AGPL (Affero GPL) lizentziak hedatzen ditu askatasunak hodei-konputazioaren testuinguruan, sarean exekutatzen diren programen iturburua jaitsi eta lokalean instalatu daitekeela ziurtatuz. NextCloud da adibide garrantzitsu bat.
  • LGPL: GPLren aldaera “ahula” da, onartzen baitu eratorritako softwarean modulu jabedunak integratzea (baina kodetik aparte, liburutegi gisa), eta horrela ezin da ziurtatu sortutako programa osoa librea izango dela. Mozilla eta Eclipse lizentziak LGPLren aldaerak dira. VLC player, FreeCAD, LanguageTool, 7-Zip eta beste programa batzuk lizentzia horren pean banatzen dira.
  • Apache: Apache web-zerbitzari famatuaren garapenean jarraitutako lizentzia da. LGPL baino malguagoa da, kodean aldaketak egin eta gero kode horren gaineko lizentzia alda baitaiteke, beti egilearen eskubideak kopia guztietan islatzen direla ziurtatuta, iturburuan zein exekutagarrian. Apache inguruko teknologia guztiak (Hadoop, Studio…) zein Android, CUPS, Docker, Tesseract eta beste askok  erabiltzen dute. Adimen Artifizialean eta Hizkuntz Teknologietan ere ohiko lizentzia da (TensorFlow, foma, Ixa pipes…)
  • MIT: Apache lizentziaren antzekoa da, eta malguena da, nahikoa baita egilearen eskubideak islatzea. Lizentzia honekin banatzen dira .NET, AngularJS, Atom, GPT2, JQuery, Node.js eta beste software asko.

Hazi fundazioaren lehiaketa publikora itzuliz, ezjakintasunetik baino ezin da esan lehen aipatutakoa. Akaso GPL lizentziadun softwarea baztertzeko balio lezake haien argudioak, edo mugara eramanez LGPL lizentziaduna, baina Apache, MIT edo antzeko lizentzia duen softwarea berrerabiltzeak ez die instituzioei mugatzen sortuko den softwarearen inolako eskubiderik edo aukerarik. 

 

SOFTWARE LIBREA ETA SEGURTASUNA

Aurreko atalean aipatutako programa guztiak irakurrita nola esan daiteke segurtasuna dela irizpidea software librea baztertzeko? Programa horien guztien segurtasuna maila altukoa da, ordezka ditzaketen programa jabedunen mailakoa edo  altuagokoa. Horretan ez dago zalantzarik.

Gainera, segurtasuna kontzeptua adiera zabalenean hartuta (datuen fidagarritasuna, konfidentzialtasuna edo eskuragarritasuna) segurua ez dena Chromebook delakoetan oinarritutako soluzioa da. Ez du inolaz ere konfidentzialtasuna ziurtatzen, eta horrez gain ez die mesederik egiten ikasleek eskuratu behar dituzten konpetentzia digitalak. Ez baita oso hezigarria datu sail izugarria multinazionalen esku uztea, edo konputagailuak kutxa beltz itxi moduan azaltzea. 

Beraz, segurtasuna (adiera zabalean) benetan kezkatzen bagaitu, has gaitezen alternatiba bat lantzen!