Egun, munduan kontsumitzen diren errekurtso naturalen %75 xahutzen dira hirietan; hortaz, proportzio berdinean CO2ren isurketen erantzule zuzenak dira. Egoera hori iraultzeko hirigintza-filosofia berri bat beharrezkoa da, gizakia metropoliaren diseinuaren erdian duena eta jasangarritasuna irizpide ezinbestekotzat duena, hots, Smart City edo Hiri Adimentsua.

Smart Citya, beraz, hiri bat da zeinean bertan eskaintzen diren zerbitzuak –ura, energia, komunikazioak, garraiobideak, zabor-bilketa, hezkuntza,…– era jasangarri eta eraginkor batean eskaintzen diren, bertako eragile eta erakunde guztien artean azpiegiturak eta plataformak partekatuz.

Paradigma berri horretan, hiriaren ikuspuntu holistikoa ezinbestekoa da, alegia, hiria azpisistema anitzez osaturiko konplexutasun handiko sistema bakar bat bezala ulertzea. Eta ingurumen berri honetan ezinbestekoak izango dira IKTak hiriaren kudeaketarako tresna teknologikoak eskaintzeko.

Hiri kudeaketa jasangarrirako 3 teknologia

Internet of Things edo Gauzen Internet: Haririk gabeko teknologiei esker, hirietan sakabanaturik dauden era orotariko gailuak –semaforoak, kale-argiak, ateak, aparkalekuak, iturriak,…– konektatu daitezke, mota guztietariko sentsoreak eraikiz. IoT-ren laguntzaz, beraz, hirietako objektu fisiko horien guztien informazioa jaso eta kudeatu daiteke.

Cloud Computing edo Hodei-zerbitzua: Hodei-zerbitzua informazio teknologien baliabideak zerbitzu bezala eskaintzean datza, hau da, erabiltzaile askoren artean partekaturiko plataforma batetik prozesamendu ahalmena, memoria, zerbitzuak edota aplikazioak era dinamiko batean kontsumitzea. Hodei-zerbitzuari esker, hiriko edozein tokitan informazio teknologien baliabideak eskuratu daitezke.

Big Data: Datu-kopuru handia kudeatzeaz arduratzen den informazio- eta komunikazio-esparrua da. Egun, hirietan, informazio digitalizatu asko dago nonahi –erakunde publikoen datu-baseetan, enpresa pribatuen datu-baseetan, sentsoreek sorturikoa (IoT), sare sozialak, internet,…– eta informazio hori guztia denbora errealean jaso, aztertu eta kudeatu dezakeen tresna teknologikoek osatzen dute Big Dataren esparrua.

Hiri Adimentsuaren oinarrian lerratzen diren teknologiei erreparatuz gero, berehala, informazioak duen garrantziaz ohartuko gara; hortaz, hiri esparruan sortuko den informazio horren guztiaren segurtasuna eta pribatutasuna bermatzea ezinbestekoa izango da.

Izan ere, hirian dauden informazio-iturri anitz horiek guztiak batera jartzeak zerbitzu berritzaile eta jasangarriak eraikitzea ahalbidetzen du:

Demagun komunikazio operadore batek bere bezeroen mugikorren kokapena kalkulatzen duela eta, anonimatze- eta batze-prozesu baten ondoren, hiriko biztanleen mugimendua antzeman dezakeela. Informazio hori guztiz baliagarria da trafikoa kudeatzen duen erakundearentzat. Are gehiago, informazio horri larrialdietako zerbitzuko informazioa gehituko bagenio, semaforo berdeak ziurta litezke anbulantzien ibilbideetan.

Hiri batean dauden informazio-iturriak korrelazioan jartzeak soilik sortzen du benetako balio erantsia hiriarentzat. Horrenbestez, hiriko eragile eta erakunde guztiek datuak, azpiegiturak eta plataformak partekatzea ezinbestekoa izango da, lankidetzaren bitartez esparru berriak uztartzeko eta alor anitzetako zerbitzu konplexuak eta eraginkorrak sortzeko, eskaintzeko eta kontsumitzeko. Horrela bakarrik lortuko baita hiriak jasangarri bilakatzea.

SmartCity