Ziur nago zuri ere gertatu zaizula: autoan zoazela semaforo batean gelditu, hau gorri egon… eta kalean inor ez. Kalea hutsa, eta errepidea semaforo gorriz betea, bata bestearen atzean. Gurutzatzeko gogoak dituzu baina, noski, ongi hezitako edozein pertsona bezala zuzena dena egiten duzu eta zain gelditzen zara. 

Are ziurrago beste aldean egotea ere egokitu zaizula: oinez zoazela semaforoa gorri aurkitu, autorik ez eta… kasu horretan jadanik ez da horren ohikoa pertsona ongi hezien jarrera hartzea. Zenbait pertsonek, umeak gertu ikusiz gero, gorria errespetatzen dute “umeentzako eredu izateko”. Tira. Beste askok, hori ere ez. 

Eta ez nabil esaten gaizki dagoenik: zer zentzu du argi gorri baten aurrean 2 minutuz zain egoteak autorik ez datorrela garbi ikusten denean? Zer zentzu du gaueko ordu txikitan auto bat semaforo baten aurrean egoteak, kalean inor ez dabilen herri batean? Norbaitek esango du presaka bizi garela eta 2 minutu itxarotea ez dela horrenbesterako eta tankerakoak baina, onar dezagun, denoi tokatu zaizkigu halako egoerak eta gehienetan ez ditugu atsegin. 

Kontuz: autoen kasuan, honek eragiten duen kaltea ez da soilik minutu pare bat galtzen dituzula. Autoen erregai-kontsumoa handitzen du (start-stop sistemek egoera hobetu duten arren, errekuntzako autoek eraginkortasun oso baxua dute abiadura txikietan eta motorra hozteak hori okertzen du, frenatzeak dakarren galeraz gain), zaratak sortzen ditu (bidegurutze baten alboan bizi izan bazara, badakizu zeri buruz ari naizen: leihoak jaitsita eta musika igota daramatenak ez dira gutxi!), eta abar. 

Eta norbaitek esango balu “autoak ez lirateke hirietan egon beharko” bi gauza esango nizkioke: autoak ez direnek ere semaforoak behar dituzte (tranbia, bizikletak eta abarrek), eta etorkizun hurbilean autoak hirietara sartzen jarraituko dute, besterik ez bada garajera joateko. 

 

Semaforoak ez, autoak bai.

Utz ditzagun semaforoak alde batera eta begira dezagun autoen egoera. Auto autonomoen egoera behatu behar dugu, hain zuzen ere.

Azaltzeko beharrik ez dago, baina badaezpada esango dugu: auto autonomoak eraikitzea oso zaila da, semaforo automatizatuak baino askoz zailagoa. 

Eta hala ere, “beraien kabuz” gidatzen duten autoak baditugu. Oraindik 5. mailara heltzea falta da, baina laguntzaileek jadanik lan horretara gerturatzen dabiltza. Errepideak adimentsu bilakatzeko saiakerak hasi dira baita, plangintzarekiko 20 urteko atzerapena daramaten arren. Edozein modutan, ikusi ditugu presentziarekin irekitzen diren hesiak edota abiaduraren arabera kolorez aldatzen duten semaforoak. Oso gutxi, ia pertsonen behar gabe gidatu daitezkeen auto kopuruaren alboan.

Hortaz, auto autonomoak oso zailak diren arren eta semaforoek elementu sinple samarra diruditen arren, errealitateak kontrakoa dio: oinezkoek botoia sakatuz berde jartzen dituzten semaforoak ere ez doaz ondo 2023. urtean.

Smart City kontzeptua ez gabiltza modu smart batean eraikitzen.

Hiri adimentsuen kontzeptuak digitalizazio erronka asko dakartza, soluzio teknikoei lotuta. Eta ez gabiltza aurrera egiten, gehienek kale egiten dute.

Nola da posible hau? Smart Cities kontzeptuak 20 urte daramatza gure artean eta oraindik ez gara gai semaforoak behar bezala automatizatzeko? Autoen “arazoak” konpondu nahian gabiltza eta ez gara gai semaforoena konpontzeko? Ez al du zentzurik lehendabizi gai errazak konpontzea eta gero zailagoetara igarotzea?

Beste behingoz, ez ote gabiltza etxearen teilatua eraikitzen lehendabizi?

Norbaitek esango du hau normala dela, erakunde publikoak beti atzetik dihoazela. Ba ez da egia: duela hilabete, 2023ko apirilean hain zuzen ere, Bruselan hainbat bilera egin dira metabertsoaren edota Web 4.0aren aurrean hiritarrek dituzten ikuspuntuak jasotzeko. Web 4.0! Web 3.0a ez dago martxan eta jadanik hortan pentsatzen! Zenbait kontutan erakundeak bai doaz aurretik. Ba al dakizu duela 5 urte legeztatu zirela Europan auto autonomoen gidaketaren inguruko batzuk? Adibidez, autoak modu autonomoan doazenean, gurpilen biraketaren angelu maximoa zein izan daitekeen legeztatu zuten. 

Nahi dugunean, egiten da. 

Baina beste askotan, ez. Auto autonomoak heldu aurretik nahiko nuke lasai asko nire herria oinez zeharkatzea, autoez kezkatu gabe: geldi daitezela beraiek oinezkorik badator, semaforoek hala esaten dietelako. 

 

Paperetik praktikara.

Legeak baino, arazoa praktikak dakar. Beste adibide bat jarriko, hau ere autoekin erlazionatuta:

Euro 7 legediaren harira, auto hibridoek zenbait hiritan soilik modu elektrikoan funtzionatu ahal izango dute. Hala egin ezean, hau da, errekuntza motorra erabiliz mugituko balira hiri barruan, motorra automatikoki desaktibatu beharko zaie. Bakoitza bere etxera joateko nahikoa baino ez zaie “utziko” hiri barrutik ibiltzen. 

Hori dio legeak, hots, hori dio paperak (edo PDFak, nahi duzun bezala). 

Baina nork jarri behar dute hori praktikan? Auto fabrikatzaileek. 

Semaforo adimentsuak edota errepide adimentsuen ingurukoak ere legediak esango ditu. Baina nork jarri beharko ditu praktikan? Tokian tokiko aginteak. Eta hor datoz arazoak: tamalez, merkatuaren presioa ez duten produktuen garapena oso mantsoa da. 

Herri edo hiri batera heltzean ezin dut jakin aparkalekuak non dauden; garraio publikoaren ingurukoak ez dakit non bilatu ditzakedan, Google Maps-en salbu, eta hori akatsez gainezka dago; ordainketak ezin ditut mugikorretik egin (aparkatzeko app-ak, Mugi edo Barik, etab.); wifi sare publikoen osasunaren ingurukoak ezin ezagutu; informazio turistikoa lortzeko bulego batera joan behar dut, eta eskaintza kulturalari buruz hobe ezer asko ez esatea. 

Oso mantso goaz. Gure telefonoak (eta gure autoak) smart xamarrak izan daitezke, baina gure hiriak hortik oso urruti daude: lekurik zailenetik hasi dugu bidea. Espero amaiera partean errazagoa izatea!