Goizetan lanera bidean oraindik irratia entzuten duen izaki arraro horietakoa naiz. Badirudi irratia ezagutzen dugun moduan entzungo duen azken belaunaldiko parte naizela.
Aurrekoan albiste bitxi bat entzun nuen irratian: antza, selfie-tan hatzamarrekin V keinua eginez gero eta selfie hauek publiko bilakatuz gero, gure hatz-marka munduari ezagutarazten gabiltza. Edonork gure hatz-marka kopiatu dezake, eta auskalo zertarako erabili. Gure hatz-marka, bai, gure identifikazio pertsonala, parteka ezina den hori, DNArekin batera munduan bakarrak bilakatzen gaituen hori.
Hasierako larrialdia pasa eta gero, hobeto pentsatu nuen: “Eta zertarako nahiko dute ba nire hatz-marka? Zer arraio egin dezakete ba nire hatz-markarekin?!?” esan nion nire golkoari, eta halako kontuak soilik gizartea larritzeko kaleratzen dituztela ere pentsatu nuen.
Une hartan mugikorra hartu nuen begirada bat emateko asmotan eta… hara! Nire hatz-markarekin desblokeatu nuen.
(Lasai, lankide batekin kotxea partekatzen dut autoa lanera joateko, ez nuen mugikorra gidatzen nindoala begiratu).
Ba zerbaitetarako balioko du nire hatz-markak, bai. Ez da izango munduko ekintzarik garrantzitsuena mugikorra desblokeatzea, baina akaso laster posible izango dugu kutxazainetik dirua ateratzea hatz-marka erabiltzen, edota NANa ordezkatuko du, eta batek daki zer ekarriko digun.
Oso goiz zenez eta ez nuen horren gai ilunetan pentsatu nahi, beste kontu bati ekin nion: zenbat ezkutuko arrisku gordetzen dituzte selfie-ak?
(Ados, hau ere nahiko gai iluna da, baina tira, oso goiz zen. Eta euria ari zuen.)
Arriskuak
Selfie bat ateratzen, amildegietatik erori den jendea dago, eta trenen gainaldean bizitza galdu dutenak baita. Animali arriskutsuen alboan selfie-a atera eta ihes egiteko larri ibili direnak badira, eta zubietan oreka galdu dutenak. Bai, arrisku anitz dituzte selfie-ek.
Baina arriskurik handiena, agian, hemengo argazki honek erakutsi zidan:
Argazki hau Barbara Kinney -k atera zuen, Clinton-en kanpainako argazkilari ofizialak. Estatu Batuetako azken hauteskunde kanpainako argazki ezagunetarikoa bilakatu da. Bertan, badirudi Hillary-ri bizkarra ematen ari dela bildutako jendetza baina ez da hala: selfie-ak ateratzen dabiltza.
Jende hori guztia errealitatetik kanpo dagoela iruditu zitzaidan niri. Gaur egun errealitate handitua edota Augmented Reality (AR) kontzeptua horren ezaguna izanik, selfie-ek errealitatea mugatzen dutela iruditzen zait, ingurunearekin harremana galarazten digutela eta trukean irudi iheskor bat baino ez digutela eskaintzen. Hor dago arrisku nagusia: zubi baten ertzean edota eraikin baten puntan egitea, kasu berdinaren muturreko adibideak baino ez dira. Erroa beste nonbaiten datza: teknologiak, gaizki erabiliz gero, gure ingurutik ateratzen gaituela.
Horretan nengoela, lanera heldu ginen. Bidaiaren amaiera, eta ni konturatu ez. Irratian zer gehiago kontatu zuten ere ez nuen entzun. Ni ere errealitatetik kanpo egon nintzen azken kilometro haietan.
Agian denok errealitatetik kanpo egon gaitezke zenbaitetan selfie-n beharrik gabe, eta selfie horiek beste aitzakia bat baino ez dira. Batek daki.