Sarea hariak edo kidekoak gurutzatuz eta mailak osatuz egiten den ehuna da. Baina sarea interes, helburu, zaletasun edo premia berak dituzten pertsonek osatzen duten komunitatea ere bada. Eta sarea Interneteko komunikazio interkonektatuen multzoa definitzeko ere erabiltzen da. Hiru esanahi hauek elkartuz, sortu genuen Sarean.eus agerkari digitala duela zazpi urte. Hari bakoitzetik tiraka, ingurune digitalari buruzko iritzi artikulu eta albisteez josi dugu sarea. 

Hariak euren artean elkar lotzen direnez, hamaika korapilo askatzen saiatu gara agerkari digitalean. Teknologia konplikatuenak den-denok ulertzeko helburuarekin eta adituei teknologia horiek azaltzeko plaza eskainiz, eduki interesgarria sortu dugu testu eta audio formatuetan, euskaratik eta euskaraz. Komunitateak egiten du sarea eta ingurune digitaleko aritu zein adituen komunitate zabalak egin du Sarean.eus. Sektoreko kolaboratzaile profesionalak eta ikertzaileak izan ditugu irratiko uhinetan hitz egiten eta pantaila aurrean artikuluak idazten. Zibersegurtasuna eta adimen artifiziala izan ditugu bolo-bolo azken urtean, baina entretenitzeko eta ingurune digitaleko bitxikeriak azaltzeko aukera izan dugu ere. Gailu digitalek haur eta nerabeengan duten eragina, hezkuntza eta digitalizazioa izan ditugu hizketagai. Burujabetza teknologikoaren arloko adituek egungo teknologia pribatuen alternatiba euskaldunak ere eskaini dizkigute eta nola ez, norbanako eta enpresen trebakuntza digitalean sakontzen saiatu gara marketin digitaleko gomendioak azalduz eta webguneen garrantzia plazaratuz. Zenbatezinak dira urte guzti hauetan Sarean.eus txokoan landu ditugun gaiak. 

Baina sareak amaiezina dirudien arren, hari-mataza orok ditu bi hari-mutur. Hasiera eta amaiera. Sarean.eus agerkari digitala bukaerara iritsi da bai, baina ziur gaude proiektu berriak sortuko direla eta hari berriak askatuz sarea sendotzen jarraituko dugula. Zazpi urte hauetan sortutako edukiak Sarean.eus webgunean segituko du, edonoren eskura. Ingurune digitalari buruz informatzeko, gai eta kontu berriak deskubritzeko zein ondo pasatzeko eduki mordoa klik batera daukazue.  

PUNTUEUSen eta Sarean lantaldearen izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu urte guzti hauetan irakurri eta entzun gaituzuen guztioi, bai eta gure edukia partekatzeko ahalegina egin duzuenoi ere. Eskerrak bihotz-bihotzez kolaboratzaileei. Asko pozten gaitu elkarrekin ingurune digitala ardatz duten idatziak lau haizetara zabaltzeko egin dugun lanak. Estimatzen dugu, halaber, proiektua posible egin duzuen laguntzaileen ekarpena. Mila esker Euskaltel Fundazioa, Azkue Fundazioa, Laboral Kutxa, Euskadi Irratia, EITB, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 

Sarearen hari honek aurkitu du bere hari-muturra, baina lehen bezala, PUNTUEUSen ate guztiek zabalik jarraituko dute. Ziur gaude etorkizun laburrean ere hari-mataza berriak deskorapilatzen egingo dugula topo. Lotzen diren bezala askatuko ditugu, eta askatzen diren bezala aurkitu ditugu berriak. Baina garrantzitsuena elkarlanean jarraitzean datza, haria eten ez dadin.