Inflazioaren gorakada eremu guztietan eragiten ari den garai honetan sarea ere ezin izan da kanpoan gelditu. Hosting eta telekomunikazio zerbitzuak garestitu badira ere ez dira bakarrak izan, domeinuen prezioetan gorakadak etengabeak izaten ari baitira.

2022an domeinuen prezioak nabarmen igo ziren gora, eta 2023a ere bide beretik dator: urtea hasi orduko historian lehen aldiz .NET domeinuaren garestitzea gauzatu dute: joan den otsailaren 1etik .NET domeinuari % 10eko igoera aplikatu dio domeinua kudeatzen duen Verisign enpresak.

Ez da lehen aldia Verisignek antzeko mugimendua egiten duela. Enpresa honek kudeatzen ditu Interneteko ikur diren .COM eta .NET domeinuak, eta duela bi urte iragarri genuen bezala, .COM domeinuaren prezioan igoera jarraituak aplikatzen aritu da. Domeinu hauek merkeak izan dira beti erabiltzaileentzat, baina pixkanaka hori aldatzen ari da, aurreikuspena baita prezioa igotzen jarraituko dutela. Erabiltzaileen ikuspegitik, erabaki hau zaila da ulertzeko, .COM eta .NET luzapenen artean ia 175 milioi domeinu kudeatzen baititu Verisignek, eta bolumenari dagokionez garbi dago domeinuen irabaziak handiak direla.

 

Baina .COM eta .NET luzapenen kasua ez da gertaera isolatua. Esaera zaharrak dioen moduan, “guk euri badugu, izango duzue ihintz”. Eta domeinuen kasuan hala ari da izaten: Europako ccTLDak (Estatuetako luzapenak, hau da, .es, .fr etab.) elkartzen dituen CENTr elkarteak argitaratutako azterketaren arabera Europako ccTLDen batazbesteko prezioek igoera nabarmena izan dute azken 12 hilabeteetan: batazbeste 8,6 eurotik 10,2 eurotara pasatu dira domeinu hauek. Hauen artean esanguratsua da Europako Batasuna ordezkatzen duen .EU domeinuaren prezioan ere % 6,25eko igoera iragarri duela 2023rako Euridek.

 


Domeinua izan da beti proiektu digital baten atalik merkeena, bereziki aipatutako TLDen kasuan. Orain, ordea, prezioak mugitzen hasi dira merkatuan, pixkanaka garestituz. Hemen jarritako adibideak Interneteko TLD esanguratsuenak badira ere, gainerako luzapenak ere ari dira prezioak eguneratzen. Hilabete hauetan ikusi ditugu .ME, .BIZ, .WS, .CAT eta beste hainbeste prezioak igotzen. Azken finean, ezin dugu ahaztu edozein TLDren atzean enpresa bat dagoela, eta, normalean, hauen asmoa dirua irabaztea izaten dela.

Uler daiteke, beraz, prezioak ez igotzea gaur egun jaitsiera baten parekoa dela, inflazioak duen eraginaren ondorioz. Horregatik domeinuaren prezioa mantentzea erabaki duten TLDen kasuan bezeroekiko hartutako konpromisoari eusteko ahalegin berezia dago, kudeatzen duten luzapenaren zerbitzua bermatuz. Hain justu hori da .EUS domeinuaren eredua. PUNTUEUS Fundazioaren konpromisoa beti izan da domeinuaren prezioa ahalik eta egonkorren mantentzea, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jarri gabe, eta hala egingo du 2023an ere, domeinuaren prezioa mantenduz .EUS komunitatearen mesederako.