Joan den 2017ak kontu asko eta askotarikoak utzi zizkigun sarean.eus Ingurune Digitalaren atarian. Izan ere, kolaboratzaile oso finak ditugu. Gustura egingo genuke argitaratutako guztien errepasoa, baina horrenbeste dira…

Horregatik, gutxi batzuk gogoratuko ditugu, zuek aukeratutakoak. Eta, galdetuko diozue zuen buruari? Nola aukeratu ditugu guk? Bada, irakurriz, hau da, sarean.eus  -eko rankina duzue hau; interes gehien sortu duten 5 artikuluak, alegia.

1.- ‘Datuak Babesteko Europar Erregelamendu berria’, Ion Turrilas

2017an sarean.eus atarian gehien irakurri den artikulua.

Ion Turrillas abokatuak Datuak Babesteko Europar Erregelamendu berriari buruz idatzitakoa.

Aurten indarrean sartuko den erregelamenduan jasotzen diren hainbat eta hainbat kontu azaltzen ditu artikuluak. Beste askoren artean:

  • Ahazteko eskubidea, hau da, bilatzaileetatik desindexatua izateko eskubidea, baldin eta Europar hiritarren pribatutasuna jokoan dagoenean.
  • Webguneetako cookien gaia
  • Datuen eramangarritasuna: interesdunek, eskatu ahal izango diote tratamendu arduradunari (operadore edo enpresei), euren datuen migrazioa operadore batetik bestera eramateko (dohainik).
  • Eta araua errespetatu ezean ezarriko diren isunak edo zigor ekonomikoak: guztira 20 miloi eurotara ailegatu daitezke.

2.- ‘Ikurrinaren emojia jokoan’, Lorea Arakistain

Bigarren postuan, eta agintzen dizuet ez dudala tranaprik egin… nik neuk idatzitako ;-). Ikurrinaren emojiaren inguruan.

Ikurrinaren emojia onartu ala eztabaidatu behar zuelako Unicode Kontsortzioak, emojien ‘Bilderberg Kluba’-k. Unicode lengoaiaren arduradun nagusiak sektoreko enpresa handiak (Apple, IBM, Google, Facebook, Netflix…) dira.

Hainbat emoji berri proposatu ziren, tartean hilerokoa adierazteko emojia. Eta, herrialdeak ordezkatzen dituzten hainbat bandera edo ikur proposamen ere mahai-gainean jarri ziren:

  • Euskalduna
  • Katalana
  • Ipar Irlandakoa
  • Bretainiarra
  • Estatu Batuetako estatuak

Eta, zer erabaki zuten? Ez ikurrina ezta lurraldeen gainerakoak ere ez zituzten onartu. Zergatik?

Hasteko, Interneteko Handien babesik ez  zegoelako, hau da, erabiltzeko asmorik ez zuten adierazi. Bestetik, estatupeko ikurrak onartzeak eskari uholdea sortzearen arriskua izan zezakeela iritzi zioten. Eta, ondorioz, ikurrinarik ez.

3.- ‘Irabazi arte’, Joxe Rojas

Podiumeko 3. postuan aurkitzen dugun artikulua urte hasierakoa da eta aizue, ordutik dezente aldatu da panorama. Joxe Rojasek Youtuberrez idatzi zuen Irabazi arte! artikuluan.

Beno, singularrean. Urte hasieran apenas zegoen euskal Youtuberrik! SuperTxoperekin bizitako ilusio momentuak kontatu zizkigun Rojasek. Agertu zen, halako batean, euskarazko Youtube kanal bat, ohiko youtuberren baldintza guztiak betetzen zituena: ondo definitutako pertsonaia, irudi landua, bideoak argitaratzeko maiztasun jakin bat…

Baina, “ganorazko” youtuber euskalduna agertu, eta propaganda operazio hutsa zen!

Ordutik hona gauzak aldatu dira eta gero eta gehiago dira euskarazko Youtuberrak!

4.- ‘Hezkuntza zentroetan software librea erabiltzeko 8 arrazoi’ Dabid Martinez

Arrazoi horiek zein diren?

  1. Elkarlana eta autonomia sustatzea,
  2. Kostuak murriztea
  3. Ikasteko grina sustatzea
  4. Sorkuntza eta berrikuntza
  5. Ikasleak gizarte digitalean txertatzea
  6. Ikasle solidario eta independenteak sortzea.

Eta, aipamen berezia egiten dio Software bilduma, Bilboko Harrobia ikastolak aspaldi kudeatzen duen proiektuari. Bertan, Euskal Herriko eskoletan erabilgarria izango den eta software librea lehenesten duen katalogo bat aurkituko duzue.

5.- ‘Haurren argazkian sarean ikusgai’, Josu Waliño

Ohikoa bilakatu da seme-alaben argazkiak sare sozialetara igotzea, gurasook etxeko txikiak erakusteko dugun behar patologikoari erantzunez. Profiletako argazkietan seme-alaben argazkiak jartzen ditugu, hondartzan igarotako egun ederra Facebook bidez erakutsi, edo familiako bideoak igotzen ditugu YouTubera. Baina, kontziente gara haurren argazkiak sare sozialetan ikusgai jartzeak dituen ondorioez?

Erresuma Batuko gurasoek, bataz beste, seme-alaben 300 argazki inguru zabaltzen dituzte urtero sare sozialetan. Ondorioz, haur batek 5 urte betetzen dituenerako sarean 1.500 argazki inguru izango ditu argitaratuta. Badakigu haur hauek nola sentituko diren helduak direnean? Argazki horiek sarean egotea gustuko izango dute?

Eta, zein dira adin txikikoen argazkiak Interneten jartzearen arrisku nagusiak? Hemen batzuk:

  1. Norbaitek Protagonistaren identitatea bereganatzea: norberaren semea edo alaba dela esanez, adibidez.
  2. Cyberbullying-erako erabiltzea
  3. Edo argazkiaren manipulazioa

Pentsatu duzue 2018ko asmo onen artean seme-alaben irudia babestea?