Anek kontatu dit ez dituela atsegin T5en webgunean iragartzen diren markak. Berriki, GH ikusten ari zela gustuko duen kirol marka bat agertu zaio eta minduta dago. Nola iragarri daitezke T5n?

Pentsamolde horrek badu zerbait zaharrunotik, markek publizitatea haien gertuko edo gustuko medioetan jartzen zuten sasoitik. Konbertsioa neurtzea zaila zen garaitik.

Medio-planak diseinatzeko modu horrek bizirik jarraitzen du neurri handi batean paperezko euskarrietan eta gero eta gutxiago digitalean. Zergatik gero eta gutxiago? Goizalde Landabasoren txio honetan dago gakoa.

Iragarleek gero eta gehiago ezagutzen dituzte haien bezeroak. Anek gustuko duen kirol markak badaki T5en ildo editoriala gustuko izan ez arren GH ikusten duela eta ez Gaur Egun, horregatik agertu zaio iragarki hori Aneri. Izan ere, iragarki hori Aneri agertu zaio eta ez T5n webguneko gainerako erabiltzaileei eta litekeena da T5n beharrean EITBn sartu balitz iragarki bera ikusi izana.

Publizitate programatikoari esker eta haren erruz gertatzen da hau. Dagoeneko, AEBtako publizitate salerosketaren %60 gauzatzen da modu honetan.

Publizitate programatikoak bi berezitasun nagusi ditu, berriak direnak publizitate espazioak erosterako orduan:

  • Erabiltzaileak erosten dira eta ez espazioak.
    • Orain arte, komunikabide gehienek espazioak saltzen zituzten. Adibidez, 100.000 agerraldi azalean. Haurrentzako pardelak saldu arren, berdin agertuko zaio iragarkia 15 urteko edo 80 urteko irakurle bati. Iragarleek badakite iragarkia ikusiko duten ehuneko bat ez dela publiko helburua.
    • Publiztate programatikoaren bitartez erabaki dezakegu iragarkia ume baten zain dauden gurasoei erakustea, dauden webgunean daudela. Erabiltzaileak erosten dira eta ez espazioak.
  • Makinak ikasi egiten du.
    • Denborarekin makinak ikasi egiten du zein iragarkik eta nori erakutsita lortzen diren emaitza hobeak, hau da, zein baldintzatan gauzatzen den erosketa.

Aktoreak eta prozesua

Erosteko modua berria da eta parte-hartzen duten aktoreak ere berriak dira. Prozesuaren ezaugarri nagusia azkartasuna da, 0,1 segundo behar dira erabiltzaile bat identifikatu, espazioa eskaini, enkantea egin, espazioa esleitu eta iragarkia bidali eta erakusteko.

  • Webguneetako bisitaria
    • Erabiltzaile bat webgune batean sartzen da
  • SSP
    • Webguneak emanda bisitari horren informazioa jasotzen du: adina, sexua, zaletasunak eta web horretan libre dauden moduluen eskaintza…
  • Ad Exchange
    • Eskaintza iristen zaio eta DSPen esku jartzen du.
      Enkantean jartzen du erabiltzaile zehatz hori espazio zehatz horretan.
  • DSP
    • Eskaintza jasotzen dute eta dituzten iragarleen intereseko den aztertu eta aurrez ezarritako gehienezko pujen arabera esleitzen dute espazioa
  • Iragarlea
    • Iragarleak DSParen eskura jartzen ditu iragarkiak eta erabiltzaile bakoitzagatik zenbat ordaintzeko prest dagoen zehazten du.

Paradigma honek aldatzen ditu iragarle eta komunikabideen lan egiteko moduak. Eta, erabiltzaileen kontsumo modua? Erabiltzaileok ere badugu zer pentsatu. Izan ere, webguneen diru-sarrerak inoiz baino gehiago dira bisitarion araberakoak, pertsonalizatuak.