Publizitatea gero eta gehiago da digitala. Horrela, mundu digitala da, telebistaren atzetik, espainiar estatuan iragarleen aldetik publizitate-inbertsio handiena jasotzen duen kanala.
Mundu digital horretan, medio tradizionalak nagusi dira oraindik ere, hauen merkatu kuota txikitzen ari den arren. Hau da, kanalak aldatzen ari diren arren -lautik batek internet bidez ikusten du telebista- komunikabide handiak gai izan dira iragarleen arretari eusteko eta hauek jarraitzen dute aurrekontua telebistara, prentsa-idatzira… eta hauen bertsio digitaletara bideratzen.
Publizitate molde berriak ere agertu dira: pertsonalizatuak eta merkeak. Eta, hauekin iragarle molde berriak ere. Sare sozial nagusiek asmatu dute balio-proposamenean: publiko-helburua oso ondo zehaztu daiteke, aurrekontua norberak definitzen du eta lortutako emaitzen arabera fakturatzen dute. Hori guztiori, ohiko publizitatea baino askoz merkeago eta gainerako edukiarekin mimetizatuta.
Horri esker, publizitatea egiteko gaitasunik sekula izango ez zuketeen asko ari dira publizitatea egiten: ikusiko zenuten etxe-azpiko jantzi-denda iritsi zaion azken soinekoa iragartzen!
Produktuak promozionatzerako orduan herria, adin-tartea, interesak, erabiltzaileek dituzten lagunak, bisitatzen dituzten webguneak eta abar luze bat zehaztu ahal izatea gauza handia da. Eta, gauza handia litzateko lurraldetasunaz gaindi, hizkuntza zehazterako orduan, euskara aukeratu ahal izatea.
Gaur gaurkoz, euskarazko iragarkiak jarri daitezke Facebook, Twitter eta AdWordsen. Baina, ez dakigu iragarkia ikusten dutenek euskaraz badakiten ala ez. Egin dezakegu kanpaina bat euskaraz eta frantsesez eta gertatu daiteke frantses hiztunek euskarazko iragarkia ikustea eta euskal hiztunek frantsesezkoa jasotzea.
Badagokigu sareok euskarararen ezagutza landu eta ezarri dezaten lan egitea. Eta, bien bitartean, trikimailuak asmatu eta komunitatean partekatzea.
Esate baterako, Google AdWordsen euskarazko hitz gakoak aukeratu ditzakegu. Baina, sistemak abisua emango digu, euskarazko hitzen bilaketa-bolumena baxua delako. Izan ere, euskaldunok bilaketak erdaretan egiteko joera dugu.
Twitterren, euskarazko kontu garrantzitsuen jarraitzaileak hautatu ditzakegu publiko-helburutzat.
Facebooken gure jarraitzaileen lagunak hautatu ditzakegu publiko-helburutzat, gure jarraitzeak euskaldunak badira haien lagunak ere izango direlakoan. Edo, aukeratu euskarazko webguneak bisitatzen dituzten webguneen erabiltzaileak.
Ze beste trikimailu erabiltzen dituzue?
Argazkia | Toni Birrer